Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Nork egiten du barre

2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Barre egitea denoi gustatzen zaigu. Ondo pasatzen dugu barre egiten dugunean, tentsioa askatzeko modu aparta da. Barre egiteko, umorea behar dugu, eta askotan txisteak behar ditugu hori eragiteko. Azken urteetan umorearen norabidea aztertu da mugimendu feministan: emakumeak, homosexualak, transexualak eta arrazagatik baztertuak diren pertsonen aurka umore asko egin dela aztertu da. Gizon txuri heterosexualaren figuratik etorri da umore hori, eta desberdina izateagatik txiste izateko aukera genuela beti jakin dugu. Zoritxarrez, ez dugu oso urrutira begiratu behar horrelako umorea aurkitzeko, baina batzuetan nahiago dugu urteetan atzera egitea horrelako umore diskriminatzailea aztertzeko.

Azken urteetan, emakume askok umorean boterea lortu dutela esan daiteke. Horregatik,RTVEko Playz plataforman ¿Quién se ríe ahora? saioa egin dute. Bertan, Ines Hernand aurkezle eta komikoak mahai inguru interesgarri bat antolatu du. Harekin, Andrea Compton, Carolina Iglesias, Victoria Martin eta Henar Alvarez egon dira RTVEko artxiboan umoreko tarteak aztertzen, eta beraien iritzia eman dute umore horren inguruan. Mahai inguruaz gain, Nerea Perez de las Heras, Bob Pop, Asaari Bibang, Perra de Satan, Esnorquel, LalaChus eta Ger komediagileen testigantzak jaso dituzte.

Saioak RTVEren artxiboko umore tarte nahiko larriak erakusten ditu. 1990. urtean, Millan Salcedok tratu txarrak jasaten zituen emakume baten gag nahiko larri bat egin zuen. Bertan, Salcedoren pertsonaiak «nire senarrak jo egiten nau» esaten zuen, eta bitartean barreak entzun genituen telebistan. Gaur egun, gag hori oso mingarria da askorentzat, eta Millan Salcedok barkamena eskatu behar izan du askotan horregatik.

Horrelako adibide bortitzei esker, diskriminazioa jasaten duten kolektiboen aurkako umore horri kritika zorrotza egin diote. Horrelako hausnarketak egitea beharrezkoa dugu, umorea beste toki batetik sortzeko adibideak dira. Unibertsitatean deontologiako klasean batzuetan ariketa hori egiten zuen irakasleak. Kazetaritzan egin behar ez zena erakusten zigun, eta, modu horretan, kazetaritza etikoagoa egiteko bidea erakusten zigun. Eskerrak umorea bide ona aurkitzen ari den. Kazetaritzak askotan ez baitu aurkitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.