Euskal Encounter

Gigabyte ehiztarien gotorlekua

Martxan da 26. Euskal Encounter, teknologia eta informatika jardunaldia. Aurten 5.000 ordenagailu postutik gora eskainiko ditu. Atzo hasi zen, eta igandean bukatuko da

Aurtengo saioan 5.000 ordenagailu postutik gora bete dira. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Barakaldo
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Barakaldoko BEC aretoko espazio itxia gune zabal bihurtu da atzotik. Mugarik gabeko mundu birtualari ireki zizkion ateak erakustazokak, modernitatearen isla zuzena. Pantailaren aurrean eserita, milaka zale. Atzean, irudimenaren muga oro gainditzeko gai diren jokoak. Euskal Encounter teknologia eta informatika topaguneak 26 urte bete ditu aurten. Atzo hasi ziren heltzen jokalariak, handik eta hemendik, eta igandera bitartean BECen igaroko dituzte gauak eta egunak. Tamaina, kolore eta itxura guztietako pantailak ikus zitezkeen 50.000 metrotik gorako eremuan. Jan-edanez hornituta, lo-zakua eta kanpadenda eskuan, 5.000 parte hartzailek elkarren artean konektatu dituzte euren ordenagailuak.

Konexio hori posible izateko, topagunearen ezinbesteko tresnarik balego, hori Internet da, jarduera guztien gakoa. Horiek horrela, 10:00etan jarri zuten martxan konexioa atzo, orain arte izandako azkarrena. Segundoko 60 gigabyteko abiaduran, munduko jardunaldi bizkorrenen artean dago Euskal Encounter.

Bideo jokoak ekitaldiaren bizkarrezurra izanda ere, teknologiarekin harremantzeko beste hainbat modu eskaintzen ditu Euskal Encounterrek. Mende laurdena pasatuta, abiadura bizian hazten ari da jardunaldia. Bideo jokoak ez ezik, hiru dimentsioko inprimagailuak, errealitate birtualeko gailuak, dantza txapelketak eta kontzertuak ere topa daitezke nonahi. BECeko bosgarren pabiloian daude ordenagailu postuak, eta hirugarrenean, bestelako jardueren eremua.

Esaterako, Susana Martinek sei urte daramatza parte hartzen. «Nik zumba ikastaroan eta Just Dance txapelketan parte hartzen dut, hemen, dantzan ezagutu ditudan lagunekin». Orotara, 8.000 bisitaritik gora bilduko dira Euskal Encounterreko espazioetan. Norberak bere pantaila, eserlekua eta espazio propioa izanda ere, elkarrekin aritzeko gunea ere bada: «Badago Euskal Encounterretik soilik ezagutzen dudan jendea, eta hemen bakarrik egiten dut topo eurekin», adierazi zuen Jagobak, semea eta emaztea alboan zituela. Familiatik datorkie zaletasuna Balmasedakoei (Bizkaia), eta aurten 8 urteko semeak lau egunak igaroko ditu bertan haiekin lehengoz. Beteranoenak orain hamazazpi urte zapaldu zuen topagunea lehenbizi.

Gazteak eta adinakoak, familiak eta lagun taldeak, bertakoak zein kanpokoak, denetarik topa daiteke teknologia berrien festan murgilduta. «Guk online ezagutu genuen elkar, eta, orain, batera etortzen gara», adierazi zuen Pablo Rodriguezek, eta Juan Martinezek baieztatu egin zuen. Rodriguez Santoñatik heldu zen, eta Martinez, Xixondik (Espainia), herenegun. «Egunerokotasunetik askatzeko egunak dira. Hona etorri, eta gehien gustatzen zaizuna egiten duzu», adierazi zuen Martinezek.

Txarok, Veronikak eta Aurorak berriz, erretiratzearekin batera erabaki zuten informatika ikastea. Irakasleak lagunduta, itsasadarraz beste aldera joan ziren, Encounterra barrutik ezagutzeko asmoz. Areetatik (Getxo, Bizkaia) Barakaldora txangoan, jardunaldian lehen aldiz parte hartu zuten hiru emakumeek, eta gogoz jolastu ziren. Aniztasun horretan ere emakumezkoen presentziaren gorakadaz mintzatu zen Bidane Murillo: «Urtero jende gehiago etortzen da, eta, bereziki, emakume gehiago. Lehen ez zegoen ia emakumerik».

Doako eskaintza

Erakustazokako hirugarren pabiloian dago Opengune, doako espazio irekia. Han, ordenagailu postu finkorik ez duten bisitariak biltzen dira, teknologiaren hainbat alderdi arakatzera. 15.000 metro koadro ditu guneak, inoizko zabalena. Horrela, askotariko profilei ireki dizkie ateak Encounterrek. Dronez osatutako lasterketa zirkuitua berrikuntza da, eta espazio handiagoa hartudu. Hitzaldien artean, zibersegurtasuna da gai nagusia aurten, «segurtasunari buruz kontzientziatzea»helburu gisa. Ezinbesteko saioen artean, gaur harrera egingo diote Sophie Labelle artisa eta aktibista transexualari, transexualitateak Interneten duen ikusgarritasunaz ari dadin. Zaleak, adituak eta jakin-min hutsez bertaratutakoak topa daitezke han eta hemen. Digitalizazioaren aroan, geldiezin eta ziztu bizian garatzen ari da gizartea. Errealitatez gaindiko mundu birtualaren erakuslehio bihurtu da BECeko bostgarren pabiloia lau egunez eta hiru gauez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.