Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zorra kitatzen

2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Noan zorrak kitatzera: Gure kasa-k ehundik gora saio egin ditu ETB1en. Astelehenetik ostegunera aritzen dira, astero astero, iluntzeak arintzeko ahaleginean. Eta, gaur arte, ez diet hemen lerro bat bera ere eskaini. Baina saioaz dudan iritzia emateari izkin egin badiot —baita lagunek galdetzean ere— ez da izan ausardia faltagatik. Ez naiz isilik geratu kritika zorrotzegiekin inor mintzeko beldur. Errazagoa da azalpena: apenas ikusten dudan telebista zuzenean, eta iragan astelehenera arte ez nuen sekula atal bat osorik ikusi. Liverpool-eko kazetari batekin bizi naiz orain, eta astelehen gauez ere ez nuen zuzenean ikusterik izan; futbolak zuen lehentasuna. Baina gero bai, laguna etxearen punta batetik bestera pozez saltoka utzi, eta gelan gotortu nintzen Gure kasa hasi eta buka ikusteko.

Lehen begi-kolpean, susmatzen nuen baino gehiago poztu ninduena Telleria anaien lasaitasuna izan zen: hartua diote neurria kamerari, ikuslea gidoiaz ahaztea lortzeraino. Ilaski Serrano ez bada, ez dago ETB1en entretenimenduzko saio bat euren pareko naturaltasunarekin gidatzeko gai denik. Eskatzea libre denez, noizbait euren adinkideentzat egindako saio bat gidatzen nahi nituzke ikusi. Kontrapuntu gisa: Aitziber Garmendiak ere asmatu du Zuriñe pertsonaiaren tonuarekin.

Baina saioa ikusteko motiboa ez ziren Zuriñe, Julen edo Antton izan, Itxaro Borda idazlearen presentzia baizik. Liburu bat besterik ez diot leitu, baina, «musika elektronikoa eta gintonikak» gustatzen zaizkiola dakidanetik, oso goian dago parranda baterako fitxatuko nukeen pertsona ezagunen zerrendan. Sinpatia berezia pizten duen zerbait du. Espero bezala, eta zaila jarri bazioten ere, onik atera zen Gure kasa-ko gonbidatuen enbido guztietatik: gehiegi lotsatu eta lotsarazi gabe; zirto parea eta hausnarketa zorrotzak utzita.

Hori da, ziur asko, saioaren bertute onena: nik Itxaro Bordaren aitzakian eman diet aukera bat —niretzako modukoak izan gabe ere— bere funtzioa betetzen duten kolaboratzaileen atal morbosoei. Beste askok, kolaboratzaileen atal horien aitzakian ezagutuko zuten, astelehen gauez, Itxaro Borda. Baten batek bere eleberri bat eskatuko zuen liburutegian gaur. Ez da gutxi. Ezta, niri kolaboratzaileen atalak bezala, aurkikuntza berria askorik gustatzen ez bazaio ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.