Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Begiekin entzun

2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ez dut sekula irratia entzun. Tira, bai, inoiz edo behin —diskoek erabat aspertu nautenean— jarri dut tartetxo batez kotxean; eta haurtzaroan ere entzun izan dut pilota partidaren baten kronika antzu bezain zaratatsua. Baina, irratia entzun, bere horretan, neure kabuz eta borondatez, sekula ez. Are gehiago, esango nuke gehiagotan aritu naizela irratian hitz eta pitz, taxuz eta arretaz entzuten baino. Nahita edo nahigabe, nire arreta ikus-entzunezkoetara joan da beti: aurpegia, begiradak… dituzten edukietara. Baita berriketa hutseko saioak badira ere.

Asko galdu dut bide horretan, bistan da. Maiz samar gertatzen zaidan zerbait da: irratian dozenaka urte daramatzan norbaiten izena edo saioa aipatzen du norbaitek. Eta nik nire disimulu baldarrarekin erakutsi behar izaten dut baietz, pertsona normala naizela, badakidala zertaz ari den. Hala izan da orain gutxi arte. Teknologia eta joera berrien hedapen gaitasunak ekarri baitu nire salbazioa izan dena: podcastak. Bideopodcastak, zehatzago esanda.

Podcast izurrite garaian bizi gara —Donostian eraikitako hotelen ugaltzea soilik aldera daiteke podcastgintzaren fenomenoarekin—; podcast gehiago daude kasik entzule baino; baina gero eta gehiagok, kamera parea piztu, eta entzunezko formatutik aldentzen ninduen harresia bota dute. Bideozko bihurtu dira. Besteek entzuten dutena ikusi egin dezaket orain, ezer galtzeko beldurrik gabe. Espero gabeko eragina izan du nigan, gainera. Behin saioak bideoz ikusita, behin jarri diedala aurpegia, jarrera, irribarrea hizlariei, orduan bai: audioz soilik bada ere, entzun ditzaket. Nire memoria eta irudimenak osatzen du lehen salbaezina zen gabezia.

Aitorpenen segida luzatuz, esango dut gaztelaniazko saioekin gertatu zaidala nagusiki: Estirando el Chicle, Deforme Semanal, Buenismo Bien, Gen Playz, La Vida Moderna. Baina gero eta gehiago, euskarazkoekin ere bai. Yoko Ona saioa hasi berri da —eduki eta parte-hartzaile oso interesgarriekin—bide hori jorratzen, Bigarren Kafea-k ere badu bideo formatua, eta oraingoz iragartzeko bakarrik bada ere, ari dira aurpegia ematen Polainak podcastean ere. Telebistak ez zuen irrati izarra hil. Baina ni lasaiago bizi naiz Youtubek podcastak bereganatu dituenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.