Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Sorgin harria

2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Zortzi edo bederatzi urte izango nituen. Game Boyaren botoiei saka eta saka ariko nintzen jolasean, kontzentratuta eta isilik. Tupustean, egongelan sartu zen ama, niretzako opari bat zuela esanez: «DBHko ikasleak zoro moduan dabiltza liburu honekin. Emaiozu aukera bat, gustatuko zaizu». Gustatu zitzaidan, eta nola gainera. Amak orduan ez zuen susmatzerik, baina hurrengo bospasei urteetan, sekulako eragina izango zuen opariak nigan. Harry Potter eta Sorgin Harria zuen izena.

Liburu soil bat zena, Hogwartsen onartzen dituztenek jasotzen duten gutunaren parekoa izan zen niretzat: adinkidea nuen pertsonaia baten eskutik mundu liluragarri batean barneratzeko gonbidapena. Beste sei eleberri eta zortzi film etorri ziren gero. Magikoa zirudien ia: ale berri bakoitzarekin, protagonista nerabezaroan barneratu ahala, testuen zailtasunak eta sakontasunak koska bat egiten zuen gora; nire garapen propioarekin modu ezin sinkronizatuagoan egin ere.

Harry Potter zalea naiz ia irrazionalki; eta lerratzen naiz, zalantza izpirik gabe, Nerea Ibarzabal txapeldun berri-berriak Bizkaiako finalean hautatutako doinuaren alde. Hogei urte beteko dira aurten lehen filma plazaratu zenetik, eta orduko haur eta nerabeontzako keinu ederra da. Hogeita hamarrak gertu ditugu orain, hartu beharreko erabaki potoloak eta kabitu ezin arraro hau; merezi dugu hainbeste.

Keinuak keinu, bada nostalgia horri zukua atera nahi dionik. HBO Max kate berritua, kasurako. Harry Potter unibertsoaz gehien dakitenak bilatzeko lehiaketa abiatu dute, batetik. Helen Mirren aktore saritua du aurkezle, eta Hogwartseko lau etxeetan banatuta —ez da alternatiba txarra horoskopoak eta eneagramak aspertu dituenentzat—dozenaka fan lehiatzen dira bertan. Lehen film hartako aktore nagusiak ere batu dituzte, urtarrilaren lehenean emitituko den saio berezia osatzeko. Ez batak ez besteak ez nau erakarri batere.

Evaristo Buesa Arenan ikusi zutenen atsekabearen parekoa dela esango nuke; berdin balio duela nerabetan musika korronte batekin liluratu eta behin betiko identitate zeinu gisa hartu dutenentzat: unibertso berri bat deskubritzeak liluratu gintuen, helduen mundurako bidean izan genuen lagun; eta orain, aldiz, xehe-xehe ezagutzen dugun iragana etengabe berrikusteak lasaitzen gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.