Ibilkari

Orhira Iratiko etxoletatik

Iratiko pagadia Europako mendebaldeko handiena eta zaharrena da: 14.000 hektarea. Kantauritik hasita lehen bi mila metroko mendira bidean ikusiko dugu.

Orhira Iratiko etxoletatik.
mikel arrizabalaga
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Iratiko etxoletara iristean, lehen ezustekoa hartuko dugu: 1.340 metrora dagoen aparkalekuaren inguruan, turismorako prestatutako gune bat dago: jatetxea, tenis pistak, egurrezko txalet mordoa, bulegoa... Hori guztia, baso eder batean txertaturik. Martxan jarri, eta Larraine aldera doan errepidean jaisten hasiko gara. Kilometro erdi pasatxo egin ondoren, eta bihurgunera iristean, gure eskuinean dagoen bidezidorra hartuko dugu. Organbidexkako gailurren azpitik pasatzen den bideak gorantz egiten du, pixkanaka, eta berehala elkartzen da Mehatze lepotik jaisten den bidearekin. Aurrera segituz, Pellüsagaña eta Odeizügaña mendien magalek osatzen duten zirkuan barrena, gertuago ikusiko ditugu Zazpigaña eta Orhi mendia.

Bide erosoari jarraituz, Millagaatera iritsiko gara, «mila konkorreko gailurrak» ere esaten zaiona. Aurrera segitu, gandorrera heldu, eta, parez pare, Zazpigañara igotzeko malda bortitzari aurre egingo diogu. Tontorra atzean utzita, Alupiñako atakara helduko gara, eta berehala ohartuko gara bidea gandorretik egitea arriskutsua gerta daitekeela, eta xenda estua hartuko dugu, arriskurik ez hartzeko. Iparraldeko aurpegitik metro batzuk behera egin, eta, segidan, berriro gora egingo dugu. Ataka gaindituta, azken malda igoko dugu, etaKantauri itsasotik etorrita bi mila metro dituen lehenengo gailurrera helduko gara: Orhira, hain zuzen ere. Eta, gure mende, Europako mendebaldeko pagadirik handiena eta zaharrena ikusiko dugu: Iratiko pagadia. Basoak 14.000 hektarea inguru ditu, eta Nafarroa Beherearen, Zuberoaren eta Nafarroaren artean dago. Baso bakarra da, baina zatirik handiena Nafarroako lurretan dago; Iparraldeko bi lurraldeei dagokien zatiak 2.300 hektarea baino ez ditu. Baso zati hori Mendibe, Lekunberri eta Larraineko udalerrien lurretan dago.

Abiapuntura itzultzeko, atzera egingo dugu etorritako bidetik, eta Millagaateko leporaino jaitsiko gara. Orhi mendiari bizkarra eman, eta, Ibarrondoa etxolaren gainetik, Odeizügañarantz joko dugu. Bizkarze mendia gure ezkerrean dugula, mendiaren gandorretik egingo dugu bidea. Xenda ikusgaitza da tarte batzutan, baina, belarrezko tapiza zapalduz, erraz egingo dugu aurrera. Murkhuila lepoa gertu ikusiko dugu, baina tontor aldera igoko gara errepidera jaitsi beharrean.

Ikuspegi ederra

Denbora gutxi beharko dugu Sensibile lepora jaisteko. Horra iristean, bi aukera izango ditugu: lehena, errepidetik Mehatze leporaino jaistea, eta bigarrena, berriz, parez pare Pellüsagañara igotzea. Bigarrena aukeratuz gero, aldapa txiki bat igoko dugu, eta, gora iristean, berriro maldan behera abiatuko gara, ehiztarien postuen ondotik. Berriro errepidearen ondora iritsiko gara, baina aukera izango dugu errepidea alde batera utzi eta belarra zapalduz Mehatze lepora iristeko. Bidexka aurkitzeko zailtasunak izanez gero, hobe errepidetik leporaino jaistea.

Lepoan dagoen azken aldapa igoko dugu, eta, gora heltzean, gailurrak zeharkatuko ditugu, basoan sartzen den bidea bilatzeko. Hori egin aurretik, merezi du Orhi aldeko balkoi naturalean geldialditxo bat egitea, hortik primeran ikusten baitira ibilaldian igarotako lekuak eta bideak. Belarretan eserita, aukera izango dugu Orhi mendiaren ikuspegi eder eta paregabeaz gozatzeko. Abiapuntura itzultzeko, basoan sartuko gara, eta, hura zeharkatzen duen bidezidorrean, berehala hasiko gara jaisten. Egurrezko txalet pare baten ondotik pasatu, eta berehala izango gara Bagargiako lepoan dagoen aparkalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.