Mundiala bezain berritzailea

25. Bertso Jaialdi Mundiala izango da bihar Muxikebarrin. Algortako bertso eskolak antolatzen du, eta azken unera arte sekretua den gai baten inguruan garatzen da saioa

Maialen Lujanbio beste bertsolarien igarlea izan zen iaz. MIKEL MARTINEZ / ALBE.EUS.
Naroa Torralba Rodriguez.
Sopela
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Urteroko topaketa berezia da Bertso Jaialdi Mundiala. Algortako bertso eskolak antolatzen du, Getxoko Udalaren laguntzarekin. Uztailaren bigarren eguaztenean izaten da saioa, puntako bertsolariekin. Aurtengoa bihar izango da; Unai Iturriaga, Kerman Diaz, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Jon Maia arituko dira Getxoko Muxikebarri antzokian (Bizkaia), 19:00etan.

1999an egin zen estreinakoz saioa, Biotz Alai plazan, eta hasieratik izan zuen helburu jaialdi esperimental bat izatea. Gai baten inguruan garatzen da saioa. Horretarako, gai jartzaile talde bat batzen da prestaketarako. Miren Loizaga luzaroan aritu izan da horretan, eta, gaur egun, Unai Mendiburu ere badago tartean. Loizagak gogoan du 2000. urtean karruselari buruz egin zutela; «hor hasi zen gaiaren berrikuntza, hein batean». Bertsolari bakoitza gai jartzaile batekin irten zela azaldu du, «botilero» baten legez: «Bigarren Mundialetik aurrera hasi ginen gai baten inguruan saioa osatzen. Ideia ez zen bertso trama bat egitea, hori lehenagotik ere bazegoelako. Esperimentatu egin dugu, eta beti bilatu nahi izan dugu publikoarekin interakzioa». Txalo jotzeaz gain, saioaren uneren batean entzuleentzat parte hartzeko bideak bilatuz.

Ariketei ere beste «erpin» bat bilatzeko lana ere hartu izan dute, Loizagak esan duenez: «Ikusi gabeko ariketak eta formatuak probatu ditugu, jaialdi klasiko bateko ariketak errepikatu gabe». Adibidez, saioaren une batean bi bertsolari jaitsi izan dira publikora kantuan.

Talde lana oinarrian

Fenomeno bat bihurtu da, eta urtean bertso saio hori bakarrik ikusten duenik ere badago. Gaia ez aurreratzea erabaki zuten urte batean, Loizagak aitortu duenez: «Hainbesteko espektatiba sortzen zuen publikoarengan eta bertsolariengan, non ia sekretu bat bihurtu baitzuten». Hala da oraindik ere. Jolas moduko bat da Mendibururentzat: «Gogoratzen dut umetan kartelaren bidez saiatzen ginela asmatzen gaia».

Talde lan handia dago atzean; hori da gakoa Loizagarentzat: «Umeak zirenean, Unairi eta adin tarte bertsuko gazteei esaten genien atrezzoa jartzen laguntzeko edo bertsolariren bati puntuak jartzeko. Parte sentitu dira, eta gazte horiek dira orain Mundiala antolatzen ari direnak». 25 urtean, era naturalean joan da egokituz formatua, baina esentzia mantendu egin da, Loizagaren hitzetan: «Atrezzoa eta mozorroak asko landu izan ditugu Biotz Alain egiten genuenean; gero, aukera izan genuen pantaila jartzeko, eta, orain, Muxikebarrin, audio efektuekin edota bisualakekin eragiteko aukera dago». Biak ados agertu dira bertsolari bati osagarri bat bakarrik ematearekin —izan txano bat, tresna bat ala baldintza bat— eragina duela, ez dela ohikoa,eta desberdina dela. Oso bertsozalea ez den jendeari erakargarri gerta dakioke hori, haien iritziz, gehigarri modura.

Konfort gunetik kanpora

Mundialean abestu dutenak ere badaude gai jartzaile taldean eta «ikuskizunaz harago»; Mendiburuk aipatu du bertsoa ere zaintzea dela lanetako bat: «Asko gustatzen zaigu mugarekin jolastea. Nahiz eta zailtasun bat eduki kantatzeko, bertsolaria inoiz egon ez den zenbait egoeratan jartzeak funtziona dezakeela uste dugu». Langa bat beti jarri behar dela aipatu du, baina arriskua hartu izana da saioaren arrakastaren giltzetako bat. Loizagak gehitu du konfort gunetik atera nahi izan dituztela askotan bertsolariak: «Ez da txarra, bertso saio berezia da, eta datorrenak ere badaki jolastera eta esperimentatzera datorrela. Beti egongo dira hobeto egokitzen direnak, izaeragatik zein bertsokeragatik».

Mendiburuk kantuan gehien gozatu duen saioetako bat 2021ekoa izan zen: «Txikitatik ikusi dut, eta niretzat urteko saioa da. Ez nuen bizi beste saiorik hain adi eta gogotsu». Umoretik beste du saioak sakonetik, esan dutenez; biek entzun dituzte bakarkako oso onak: «Jaialdi Mundialean sortzen den xarma bakarra da; giroa eta egoera oso onak izan daitezke gai konplexuak modu ederrean ekartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.