Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Etxean bezala

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Telesail bat ikusten hasten zarenean, pertsonaien bizitzan sartzen zara. Protagonista batzuk maitatzen hasten zara, eta, batzuetan, antagonista gorrotagarriak agertzen dira pantailan. Telesail luzeetan, maitatzen dituzun pertsonaia horiei zerbait larria gertatzen zaienean, larritu egiten zara. Enpatia asko dudan pertsona naizela uste dut, eta, askotan, telesailetako pertsonaien sentimenduekin enpatia handia izaten dut. Nire etxera pantaila txikiaren bidez sartu dira pertsonaia horiek, eta nire bizitzaren parte bihurtu dira, pixkanaka.

Telesailak bertan behera geratzen direnean, pertsonaien falta sumatzen dut batzuetan. Duela hilabete batzuk sentsazio horretaz hitz egin zuen Lucia Lijtmaerrek Deforme Semanal podcastean. Bertan, Lijtmaerrek adierazi zuen tristura sentitzen duela telesail bat bertan behera geratuko dela aditzera ematen denean. Sentsazio antzekoa izan dut, gustuko dudan pertsonaia bat New Amsterdam telesailetik desagertu delako. Telesail horren bosgarren denboraldia aurreko astean hasi zen AEBetan. Denboraldia hasi baino lehenago, Helen Sharpe medikuaren pertsonaia desagertuko zela jakin zen. Albiste horren berri medikuaren rola egiten duen Freema Agyeman aktorearen Instagram kontuan izan nuen. Une horretan sentsazio oso arraro bat sentitu nuen. Gertuko lagun bat nire bizitzatik urrun joan izan balitz bezala.

Telesailaren bosgarren denboraldia azkena izango da. Lehen kapitulua ez dut oraindik ikusi, azken denboraldi hau pixkanaka ikusi nahi dudalako. Helen Sharpe pertsonaiaren desagerpenaren ostean, lagun kuadrilla guztia desagertu egingo da. Horregatik, pantaila txikia pizten dudanean, nahiago dut geratzen diren kapituluei neurria hartzea. Zaila izaten da lagunei adio esatea, eta telesail horrekin antzeko zerbait gertatuko zaidala uste dut.

Zoratuta nagoela pentsatuko duzue, baina telesailak irensten ditugun pertsonok horrelako sentimenduak izatea arrunta dela uste dut. Ez da lehen aldia horrela sentitu naizena. Besteak beste, The Sopranos telesaileko James Gandolfini aktorea hil zenean, kristoren tristura sentitu nuen, eta testu bat eskaini nion nire bizitzan nola sartu zen azalduz. Etxean egongo balira bezala sentitzen ditut telesailetako pertsonaia horiek, eta telesailen bitartez agur esango diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.