Fanzinea

Mundu osoa gela barruan

Gela barruan: zahar etxeetako adinekoek horrela bizi izan zuten itxialdia. Eta horrela izena du Jara Rosetek eta Marta Lorenzanak egin duten fanzineak: 'En la habitación'.

Egoiliar bat fanzinerako argazkiak egiten. NAHIA ZAMANILLO ARRESTI.
Nerea Lauzirika.
Bilbo
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak dira Jara Roset (Madril, 1998) eta Marta Lorenzana (Oviedo, 1987). Elkarrekin sortu dute En la habitación fanzinea. IMQ Igurco zahar etxeko adinekoekin elkarlanean egin dute: «Itxialdian, egoiliarrei asko mugatu zieten bizitza; geletan bakartuta egon ziren», azaldu dute. Argazki batzuk Lorenzanak eta Rosetek egin dituzte; beste batzuk, egoiliarrek eta terapeuta okupazionalak. Testuak egoiliarrek kontatutakoarekin osatu dituzte.

Martxoan hasi ziren lanean, EHUk IMQ Igurco egoitzarekin duen hitzarmenaren barruan. Arte graduaren hirugarren mailako praktika batzuk dira, berez.

Lehenik, IMQ Igurco egoitzatik proposamenak jaso zituzten: «Haiek nobela grafiko baten antzeko zerbait nahi zuten». Egoitzako zuzendaritzaren asmoa zen eskaintzen dituzten zaintzak ezagutaraztea, pandemian egoitzen inguruan hedatu den irudia ez baita bereziki positiboa izan.

Premisa horretatik abiatuta, Rosetek eta Lorenzanak haien interesetara hobeto egokitzen zen formatu bat aukeratu zuten: fanzinea. Ez daude ohituta lengoaia horretara, baina uste dute beharrezkoa dela proiektua «ukigarria» izatea: «Hala ere, saiatu gara gure lan egiteko modua mantentzen».

Egoiliarrak protagonista

Hasieratik argi izan dute adinekoek protagonista izan behar zutela. Erabili eta botatzeko argazki kamerak eman zizkieten egoiliarrei, argazki analogikoak egin zitzaten. Fanzinean dauden koloretako irudiak dira horiek.

Terapeuta okupazionalak egindako lana nabarmendu dute egileek: «Hura izan da bitartekari lana egin duena». Nahia Zamanillo terapeutarekin adostu zuten zein izan zitekeen egoiliarrentzako adierazpide egokia.

Erabili eta botatzeko argazki kamerak eman zizkietenean,adinekoek ez zuten beren burua gai ikusten horrelako lan artistiko bat egiteko, Lorenzanaren hitzetan: «Haientzat ariketa garrantzitsua izan da beren buruari esatea egin dezaketela eta badutela zer kontatu».

Ehizatutako ehiztaria

Egoiliarrak ez dira izan argazkilari bakarrak; Nahia Zamanillo terapeuta okupazionala ere aritu da irudiak ateratzen. Adinekoei egin dizkie argazkiak, haiek argazkilari lanetan zebiltzan bitartean. Garrantzi handia izan du Zamanillok: «Bazirudien jarduera gazteen eta adinekoen arteko elkarrizketa bat zela, baina hirugarren alde bat ere egon da: langileak». Jara Rosetek gaineratu du oso aberasgarria izan dela: «Niretzat izan da langileek osatzen duten kolektibora gerturatzea, eta haiek ere kontatu dituzte beren bizipenak».

Badaude Jara Rosetek eta Marta Lorenzanak egindako argazkiak ere. Lana hasi zutenean, gero argazkilari lanetan ibiliko ziren adinekoekin aritu ziren hizketan, azaldu dutenez: «Itxialdian bizi izan zutenaz galdetu genien, baina, horrez gain, jakin nahi genuen nolako aldea ikusten zuten gaur egun adineko izatea denaren eta haiek txikiak zirenean adineko izatea zenaren artean».

Elkarrizketa horietatik atera zituzten fanzinerako testuak, eta momentu horiek baliatu zituzten lanean daudeneko erretratuak eta eskuen argazkiak ateratzeko.

Sortu ondoren, aukeratu

Denen artean sortutako argazki guztietatik gutxi batzuk aukeratu behar izan dituzte Rosetek eta Lorenzanak, fanzineak dituen 24 orrialdeetan sar zitezen.

Aukeraketa egiteko, bat-batekotasunean oinarritu dira, batez ere: «Nahi gabe ateratzen diren gauza horiekin asko egiten dugu lan». Emaitzan eragina izan du, halaber, argazki guztiak Rosetek eta Lorenzanak eginak ez izateak: «Zurea ez den diskurtso bat ixtea da».

Lan guztia laburbiltzeko, izenburu zehatza aukeratu dute egileek: En la habitación [Gelan]. «Beren mundua berreraiki behar izan zuten toki horretan», adierazi dute Rosetek eta Lorenzanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.