Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Arrakalaren zain

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Normalean haize berriak kanpotik etortzen dira. Ez diot kanpokoa hobea denik, ezta bertan lanean 30 urte daramatzana okerragoa denik ere, baina urteetan ikusi dut, kanpotik eta barrutik, lantalde eta ekosistema itxietan, eta denboraren poderioz, egiteko moduak finkatu eta urak gelditu egiten direla.

Ikus-entzunezkoen arloan ere gauza bera gertatzen da. Industriak modan dagoena ekoizten du. Halako batean, arrakala bat gertatzen da, eta ordura arte mahaian eserita ez zegoen norbaitek zerbait ezberdina sartzen du jokoan. Berrikuntza hori moda bilakatzen da, eta industria kopiak egiten hasten da, hurrengo arrakala zabaldu arte.

Mundu osoan gertatzen da fenomenoa, eta ez ikus-entzunezkoen munduan bakarrik. Mundu osoan... gurean izan ezik. Aspaldi da, fikzioari dagokionez bederen, ETBren ekosisteman bere eserlekua ez duen inork ez duela lehen mailako proiekturik aurrera eramateko aukerarik izan. Zein izango ote da arrazoia? Teoria ezberdinak ditut, baina badakit, ziur, ez dela proposamenik izan ez delako izan, edo gure sortzaileen artean talenturik ez delako.

Tantaka websailaren bigarren eta azken sasoia amaitu berri dut, eta bertan amaitu gabeko harribitxi ugari topatu ditut. Nabarmena da baliabide gehiago izan balute beste maila bateko lan baten aurrean izango ginela; talentua, hor dagoelako, eta une oro, muturrean jotzen zaituelako. Askotan entzun izan dut baliabide falta ez dela aitzakia. Dituzun baliabideekin guztia eman eta zukua atera behar zaiola esku artean duzunari. Askotan ahazten zaigu, ordea, proiektu horien atzean jendea dagoela, eta beraien lana, sartutako orduak, eta bidean botatako izerdi eta odolak dirua balio duela. Baliabide urriak aitzakia ez direla esaten duenarenak bezalaxe.

Gustura ikusiko nuke Idoiak, Joanak eta konpainiak zer egingo luketen baliabide gehiagorekin. Edo Kartzela websaila aurrera atera zuten Landerrek eta Peruk, edo Ataun Of The Dead trilogia auzolanean gauzatu zuen lantaldeak, edo Pikuak websaila 2deo laguntzarekin gorpuztu duen Maddik. Badakit, inork aukeraren bat eskaintzen ez dien bitartean, arrakala baten bila jarraituko dutela, noiz zabaldu, eta jokoan sartzeko. Beldur naiz, ordea, ez ote diren arrakalaren zain galdu genuen belaunaldian geratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.