Laborantza

Biperraren bizi bixia

Ezpeletako biperraren sasoia beharbada ez da bukatuko abiatu zen bezain ongi: gaitzen eta idortearen ondorioz. Belazkabietan, onddoak ihartu die uztaren zati bat.

Panpi Olaizola Ezpeletako biperraren bigarren bilketa egiten ari da, Belazkabietan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Ezpeleta
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Aurten, biperraren sasoia ez da hain gaizki hasi, baina euririk ezak garai bateko lilia hil du; urtu du. Beraz, halako batean, hutsune bat izanen dugu biper bilketan», laburbildu du Leire Iturralde Ezpeletako biper ekoizleak (Lapurdi). Horiek hola, haren ustez, ezin da «oraino» ondoriorik atera, goizegi baita.

Munduan ezaguna da Ezpeletako biperra, eta Lapurdiko hamar herritan ekoizten dute 199 ekoizlek: Uztaritzen, Jatsun, Haltsun, Kanbon, Itsasun, Ezpeletan, Larresoron, Zuraiden, Ainhoan eta Senperen. Orotara, 4.860.000 ondo landatu dituzte, 277 hektareatan. Ezpeletako biperra sor-markak ez du herri horietan baizik ekoizten uzten. Jatorriaz gain, berme franko ematen ditu, hala nola egin-moldean eta kalitatean. «AOP zigiluak bermatzen du eremu bateko ekoizpena dela eta araudia errespetatzen dela, baina ez du erran nahi pestizidarik erabiltzen ez denik. Ekologikoan aritzeak bai, bermatzen du hori», xehatu du Iturraldek.

Araudia serioski betetzen dute Iturraldek eta haren bikotekide Panpi Olaizolak, zeina Ezpeletako biperraren sindikatuko lehendakaria baita. Ezpeletako Belazkabieta etxaldean, Mondarrain mendiaren babespean, Iturraldek eta Olaizolak 20.000 biper landare dituzte lau pentzetan, eta 400 gramo biper buru ematen dituzte, batez bertze.

Bi bermeez gain, Idoki laborantza kalitate hitzarmenak adierazten du haien biperra laborantza ttipitik heldu dela, naturaren errespetuan; bertako barietateak direla, norberak ekoiztuak eta transformatuak, hastapenetik bukaeraraino. Iturraldek Idokiren garrantzia azpimarratu du: «Ekologikoki aritzeak ez baitu bermatzen agroindustrialean ari ez zarenik». Are gehiago, Olaizolarentzat, berme hori herri baten bizi ekarle da: «Hamar etxalde baldin badira, hamar familia dira, etxalde bakarrak, inguruko lur guziak irentsi gabe».

Onddoak uztaren zati bat ihartu die: «Alor hau hunkia da bertzeak baino gehiago, luzaz belardi egona baita. Eritasun horrek, gainera, hezetasuna eta beroa maite ditu; beraz, uda hau egokia du. Erran nezake gure ekoizpen osoaren %5-10 hunki dituela. Ez dugu sekula hainbertze ukan, baina, hala ere, ez da hainbertzerainokoa», azaldu du Olaizolak.

Landarea ihartzen du: zurtoinetik beretik goiti abian da, eta, emeki-emeki, hostoak horitzen hasten zaizkio, herioraino. Onddoa oraindik eta krudelagoa izan daiteke: «Nahiago dut hau orain gertatzea landareak gazte direlarik baino», erran du sindikatuko lehendakariak.

Hala, biperra agorrilean biltzen hasi, eta oinek abendura arte eman dezakete, bazldin eta gaitzen batek erasotzen ez badie.

Preseski, Iturraldek azpimarratu du biperra ekoiztea ez dela dirudiena bezain aisa: «Lan handia da, eta orain ez dakizu landatutako guziak onik aterako ote diren, eritasun berri asko agertzen delako: bakterioak, onddoak edo birusak. Gero eta zailagoa da erreusitzea, orain beti baita zerbait».

Belazkabietako alorra hunki duen onddoak berdin maite ditu biper ekologikoak nola konbentzionalak, eta ez batak eta ez bertzeak ez dute aterabiderik ediren, oraingoz.

Dena dela, prebentzio gisa, aldizkatze sistema bat dute plantan ezarria, lurrari berrindartzen uzteko. Hala esplikatu du Iturraldek: «Hiru urtez behin aldatzen ditugu tokiz biper alorrak, sentitzen baikenuen nekatzen hasiak zirela; orain, epe tarte hori are luzatu nahiko genuke».

Haizeak hedatzen ez duena

Arazoen zirimolan, aurtengo idortea ureztatu nahiko lukete; haatik, Olaizolak oroitarazi du sor-markako araudiak ez duela halakorik baimentzen, biperra bertako klimari erabat egokitua baita: «Landatu berritan, hilabete batez urezta dezakezu; hortik at, baimen berezia eskatu behar diozu ziurtagiri emaileari. Ezin duzu zure biper pentzea egarriz ikusi eta deus egin gabe egon». Horiek hola, araudi horren 15-20 puntu berrikusi nahi dituzte, egoerari egokitzeko, bertzeak bertze klima aldaketari, baina, horretarako, Europaraino jo behar dute, eta bi urteko lana dute aurreikusten.

Ez da aski alorretik biper aleak eskuz biltzea. Uzta bereizi egin behar da, eta ontzen utzi. Etxe aitzinaldeetan usu ikusten den bezala, soketan ezartzen ez dena hautsetan transformatzen dute: zortzi kilo freskok hauts kiloa ematen dute. Paketatu ondoan, salmentak du hartzen protagonismo osoa. Olaizolak azaldu du zer-nolako bilakaera izan den: «Duela hamabost urte, ekoizten zenaren herena bakarrik zen saltzen; horretan zen zailtasuna, ez ekoizpenean. Oraingo egunean, hiru aldiz gehiago ekoizten dugu, eta merkatuak dena irensten du. Xantza dugu. Ezpeletako biperra balio erantsia bilakatua da, denek dute nahi». Belazkabietak salmenta zuzenari ematen dio erabateko lehentasuna, tokian tokikoari.

Etxaldeari ez dio Ezpeletako biperrak bakarrik ematen bizibidea; sagarrez, aranez eta Itsasuko gereziz egin erreximenta, konpota edo jeleak ere ekoizten baitituzte, bai ere gaztaina krema eta arto gorri irina.

Gainera, astoz ibiltzeko parada du ordua hartzen duenak, eta mendiz kurritzeko, Olaizolaren gidaritzapean, ofizioz hala baita ere. Iturraldek argi du: «Ez ginateke hemen egonen dibertsifikatu izan ez bagina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.