Itsasadarraren abaroan

Oinez, zailtasun berezirik gabe, egin daitekeen ibilbide batek lotzen ditu Plentzia eta Getxo. Naturaren berdea eta itsasoaren urdina lagun, adin guztietako jendea batzen da hamahiru kilometroan.

Aproposa da adin eta gustu guztietarako. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Sopela
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Lagunekin buelta bat ematea, anaiarekin korrika egitera joatea, txakurra paseatzea edota jarleku batean eserita liburu bat lasai irakurtzea; irail hasierako goiz eguzkitsu batean egin daitezkeenplanen adibideak izan daitezke. Baina, hori guztia itsasoari eskutik helduta egiteak bestelako xarma bat ematen dio proposamenari. Hain zuzen, aukera hori eskaintzen du Plentzia eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko kostaldeko bideak. Bi noranzkotan egin daiteke bidea, eta albotik kendu ezingo duen bidelagun berezi bat eskaintzen dio bideak ibiltariari: itsasoa. Egunero ehunka lagunek zapaltzen dute, bakoitzak bere erara: batzuek luzeago, beste batzuek laburrago, zenbaitek oinez, hainbatek gurpil gainean... Gustuko paseoa da bertakoentzat zein kanpokoentzat. Jende andana dabil egunotan udako azken egunei zukua ateraz.

«Une oro itsasoaren paraleloan joateak asko erraztu digu bidea», dio Rebeca Ranzek. Madrildik etorri da Manuel Jesus bikotekidearekin Euskal Herria ezagutzera, eta bertako lagun batek gomendatuta erabaki dute ibilbidea egitea. «Itsaslabarrak ikaragarriak iruditu zaizkigu, halakorik ez dugu han», esan du Ranzek. Sopelan hasi eta Getxoko Aixerrotarainoko bide zatia egitea erabaki du bikoteak, eta 13:00ak direla ibilbidearen bukaerara iristean, eguzkia gogor jotzen hasi denean, hurrengo batean ibilbidea goizean goiz edo ilunabarrean egitea egokiagoa dela ondorioztatu dute. «Agian, bizikletaz egingo nuke beste batean», gaineratu du Ranzek.

Belardia desagertuz

Bidea bizikletaz egiteko aukera dago ibilbide osoan zehar. Halaber, Aixerrotatik hasita bi kilometroko bidegorri bat dago Galea deituriko gotorleku inguru arte. Bizikletaz ez, baina, korrikaldiak egiten ari dira gazte asko. Beraietako bi dira Teresa eta Alejandro Mallo anai-arrebak. «Egun batzuetan paseatzera eta bestetan korrika egitera etortzen gara», azaldu dute aurpegia gorri-gorri dutela. Algortan bizi dira, eta etxetik gertu izanagatik haurrak direnetik ezagutzen dute ingurua. «Aitonarekin etortzen ginen sarritan, eta harri koxkorrekin edota loreekin jolasten ginen;, lehen, hau guztia landa berde zabal bat zen». Aitortu dute, agian, xarma pixka bat galdu duela bideak, jendearen etorreraren ondorioz, baina normala iruditzen zaie. «Egun bateko txango bat egiteko plan ederra da». Bertako ikuspegia nabarmendu dute Mallotarrek: itsasoa.

Maite Tellituk ere gogoan du zein itxura zuen duela zenbait hamarkada orain kostako bidea bezala ezagutzen den ibilbideak. «Hau, lehen, autoen errepidea zen, eta bi noranzko zituen». Liburu bat eskuetan duela, itsasoaren urdinari begira jartzea atsegin du Tellituk ere. «Haizeak neurrian jotzen du, eta giro atsegina sortzen da».

Itsasoaren urdinak eta pasaiaren berdeak elkar hartzen dute une oro, eta, hain zuzen, belar artean egin du gizakiak bidea. Duela ez asko, orain ibiltariek ibiltzen dutena autoen lurraldea zen. Halaber, paseatzeko ia tokirik ere ez zegoela azaldu du Tellituk. «Oinezkoek landa zeharkatu behar izaten zuten».

Conchi Otxoa bilbotarrak ere ezagutu du bidearen eraldaketa. Gazte garaian bertan igaro zituen udarik gehienak, eta, dioenez, aldaketa «onerako» izan da. Gonzalo Martinez gazte getxoztarrak aldiz nahiko «berdintsu» gogoratzen du ibilbidea itxurari dagokionean. Martinezek bidean batzen den jendetza nabarmendu du; eta, denboraren poderioz, ingurua «masifikatu» egin dela iritzi du. Batik bat, jendea arratsaldeetan batzen dela nabarmendu du Martinezek. «Lehen aitarekin etortzen nintzen korrika egitera, eta ez zen hainbeste jende ibiltzen». Orain, bestalde, txakurra paseatzen du bertan, eta, bidenabar, ikuspegiez gozatzeko baliatzen du. «Toki hoberik nekez aurkitu daiteke hemen inguruan».

Edonorentzat

Getxoko Aixerrotaren hegalek adierazten dute ibilbidearen abiapuntuetako bat, eta beste ertzean Plentziako sarreran dagoen zubi zuriak. Batetik bestera, itsaslabarretik itsaslabarrera, Sopela herria eta bertako hondartzak zeharkatzen ditu guztira hamahiru kilometro luze den bideak. Ibiltarientzat prestatutako bide laua eta asfaltatua da. Luzea izanik ere, edozein adineko pertsonak eginerraza.

Motxila bizkarrean, makilak eskuetan, botila bat ur aldamenean, nabari zaio Gloria Roldani ohikoa duela ibilbidea. «Ibilbide berezia da, erosoa, asfaltatua, irisgarria baina berezi ikuspegiek egiten dute: itsasoak». Eguraldia lagun, eta adiskidearen jostaldia entretenimendu, indarrez hasi du ibilbidea, eta helburua ere jarri dute: «Ea gaur Plentziaraino iristen garen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.