Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Iragarkiak eta beste

2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gutxitan idazten dugu telebista iragarkiez zutabe honetan. Eta igandeko BERRIAn irakurri genuenez, enpresen intereseko gaia da, produktu edo zerbitzuen balio sinbolikoak eta mozkin ekonomikoak indartu ditzaketelako. Iragarkien hizkuntza hautuaren arabera, gainera, emaitza ezberdina izango da. Egunkariaren edizio berean, publizitatearekin lotura duen elkarrizketa bat ere bazetorren. Marc Marce Regió7 egunkariko zuzendariari egindakoa, hain zuzen ere. Haren hitzetan, «ordainpeko edukiak izango dira etorkizuna». Alegia, neurri handi batean, iragarkiak ahalik eta gehien saihesteko kontsumo eredua. Beraz, konpainiek gero eta zailago izango dute ikus-entzuleengana iristea. Bederen, bide tradizionalak erabilita. Hala, bistakoa da iragarkien eraginkortasunari eusteko estrategia berriak aztertu behar dituztela. Egunkarietan, baita telebista kateetan ere.

Errazago izango dute, akaso, tokiko edo gertuko informazioa lantzen duten hedabideek. Audientziak errazen konektatzen duelako lehen identitate geruzako edukiekin. Areago, edukien eta audientziaren arteko lotura indartsuagoa da jatorrizko hizkuntzan. Halere, globalizazioaren eraginak txikienen kontra joka dezake. Marcek esan zuenez, «pertsonen buruko mapa gaur egun ez da soilik bizi den lurraldekoa. Jendea lurraldez gaindiko munduetan bizi da, sareetan. Horrek berekin ekar dezake tokiko prentsak interesa galtzea».

Iragarkiek, bestalde, testuinguruaren gaineko informazioa ematen dute. Esango nuke horien bidez herrialdeko argazkia ere jaso daitekeela. Azken egunotan, Txapeldunen Ligako gizonezkoen futbol partidak jarraitu ditut modu ilegalean, eta Erresuma Batuko iragarkiak ikustea tokatu zait. Hau da, hemengo jendearen pentsatzeko, jokatzeko, sentitzeko... moduak. Iragarkiek, hain justu ere, xede taldearen emozioetan eta balioetan eragitea baitute helburu. Zutabe honetako gaira etorrita, telebistako edukiekin gertatzen den bezala.

Baina merkatu hobi bakoitzaren balioak eta emozioak ezberdinak dira. Horregatik, ikusleen adinaren arabera, telebistako edukiak aldatu egingo dira. Orduan, ETB1eko ikusleak 64 urte baditu batez beste —eta ETB2koak 61—, zerbait gaizki egiten ari gara. Eta kasu horretan arazoa ez da hizkuntza, eskaintzen diren edukiak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.