Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kataklismoa oraintxe

2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Kataklismoa, kataklismoa, hemen degu, kataklismoa, kataklismoa oraintxe», kantatzen zuen aspaldi Elortxak, Jotakie taldeko kantariak. Berrikiago, hilaren 3an, gaur egungo mundua izozmendiarekin talka egitear dagoen Titanic ontziaren pare irudikatzera eraman gintuen Joseba Azkarraga Etxagibelek, BERRIAn argitaratutako Eliteek badute plana artikuluan, Bruno Latour antropologo eta soziologo frantsesari irakurritako metafora aipatuz.

Antzeko egoeran jartzen du ikuslea Guillaume Desjardins, Jeremy Bernard eta Bastien Ughettoren L'Effondrement telesail durduzagarria (2019) osatzen duten ataletako bakoitzak.

Bruno Latourren metaforaren arabera, eliteek badute plana, badute ondo prestatutako ihesbide seguru bat, eta badakite ezin dutela gainerako bizilagunokin, beheko klaseetakookin, partekatu. Ez digu esaten, ordea, zein den plan hori. L'Effondrement-eko hirugarren atalean, aerodromokoan, protagonista, eliteko kidea inondik ere, ihes egiten ikusten dugu, aurreikusitako larrialdia iristen zenerako prestatutako planari kosta ahala kosta atxikita, badakielako bizia duela jokoan. Ez dakigu zehazki nora doan, baina aurreragoko atal batean argituko da.

Etxeko sofan ikusita ere, ez da krispeta-jan patxadatsurako telesaila L'Effondrement. Plano-sekuentzia teknikaren bidez filmatua, larrialdi etengabean eusten diote ikusleari atal guztiek, pertsonaiak borroka larri eta etsian baitaude une oro, izuak jota, segundo bakar bat galtzeko aukerarik gabe eta arrakasta lortzeko itxaropen gero eta murritzagoekin, beren buruak etsipenaren besoetan goxo uzteko tentazioari aurre eginez hala ere, horretarako inoiz egiteko gauza izango zirela uste ez zutena egin behar badute ere, semaiko baten kulparik ez duena hiltzeko prest, egokitzen dena hori baldin bada.

«Zientzia fikzioa al da hau?», galdetu diot neure buruari. Eta baiezkoan nago. Ez dago estralurtarrik, ez dago espazio-ontzirik, ez dago aurrerapen teknologiko ikaragarririk. Autoak, etxeak, etxetresnak, pertsonaien janzkerak, sakelako telefonoak, droneak... gaur egungoak dira, geureen oso antzekoak. Baina hala ere iritsi ez den etorkizun batean dago kokatua L'Effondrement, eta, horrenbestez, zientzia fikzioa dela uste dut. Oraingoz behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.