Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Fantasia

2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Joan diren bi urteak aldi distopikoa izan dira: dela etorkizun ilunak irudikatzen dituzten ikus-entzunezkoak ugaritu eta berreskuratu direlako; dela bere horretan izan delako bizipen orain gutxi pentsaezinekin parez pare jarri gaituen garai aldrebesa. 2022a, ordea, fantasiaren sasoia izango dela dirudi: datorrenak ez du itxura onegia oraindik, baina ezkortasun arrazionala zamatsuegia egin zaigulako-edo, errealitatetik ihes egiten lagunduko diguten fikzioak ikusiko ditugu aurten. Edo hori da ikus-entzunezko ekoiztetxe handienek guretzat erabaki dutena.

Alegiazko istorio zaleek pozik behar dute: inoizko mundu fantastiko arrakastatsuenak eraiki dituzten hiru istorioek ikus-entzunezko prekuela bana izango dute datozen hilabeteetan; bi telesail eta film bat izango dira. Harry Potterri dagokiona da filma, eta ziur asko, berritik gutxien duena. Fantastic Beasts trilogiaren baitako hirugarrena izango denak Albus Dumbledoreren gaztaroa izango du ardatz, eta apirilaren 15etik aurrera izango da zinema aretoetan ikusgai. Harry Potterren garai historikora gehien gerturatuko den alea izango da. Nahikoa da jarraitzaile sutsuenak kitzikatzeko.

Bi telesailek, ordea, urte eta denboraldi luzeetan garatu daitekeen binomioa osatuko dute. The Lord of the Rings trilogiaren unibertsoan kokatuko dutena da lehena. Rings of power izango du izena, eta, Tolkienen istorioetan arakatuz, izena ematen dioten eraztunak sortu zireneko garaiak erakutsiko dizkigu. Irailaren 2an hasiko du bere bidea eta Amazon Primek ekoitzi du. Bigarrena Game of Thrones telesail dagoeneko kultuzkoaren prekuela izango da. Lehena baino egun gutxi batzuk lehenago zabalduko du HBOk, abuztuaren amaieran. House of the Dragon izendatu dute, eta jatorrizko telesaila baino 200 urte lehenago kokatutako gertaerak ikusiko ditugu bertan. Targaryen familia izango da protagonista.

Kezkagaiak apur bat ahazten lagunduko digun fantasiazko fikzioa errezetatu digute plataforma handiek. Errealitatea zamatsuegia zaigulako, akaso. Guk hala nahi edo behar dugulako egin duten haiek; edo haiek hala egin dutelako nahi edo beharko dugun guk. Hori galde diezaiokezu, atal bat amaitu ostean komunera egiten duzun bidean, zeure buruari. Itzultzean, barrenak dagoeneko hustuta, fantasiarekin segi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.