Osagaien zerrendan dago gakoa

Produktuen etiketak ulertzeko tailerrak eskaintzen dituzte OnEkin zerbitzuko nutrizionistek. Elikagai industriek marketinaren bidez egiten dituzten engainuez ohartarazi dute.

Etiketen inguruko tailerrak ematen dituzte OnEkineko nutrizionistek, irudian Bilbon egindako bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Garrantzitsua da kontsumitzaileak zerbait erosi behar duenean zer erosten duen jakitea eta, hala, engainatua ez sentitzea. Batzuetan, produktu ez-osasungarriak nahita erosten dira, hala nahi delako, baina, sarritan, zenbait produktu osasungarriak direla pentsatuz erosi ohi dira, marketina dutelako edo kanpoko azalean, etiketan, hala ageri delako. Adituek azpimarratu dute, baina, benetan ez da horrela.

Nahia Zeziaga OnEkin zerbitzuko nutrizionistaren arabera, elikadura elikagai errealetan oinarritzea da interesgarriena: «Elikagai errealak etiketarik ez dutenak dira». Prozesatu egokiak noizean behin hartzea gomendatu du, eta ultraprozesatuak kontziente izanik eta engainuetan erori gabe kontsumitzeko gomendioa egin du Zeziagak. Baina nola desberdintzen dira prozesatu egokiak eta ultraprozesatuak? Prozesatu egokiak beti dira ultraprozesatuak baino hobeak, baina etiketak irakurtzea da gakoa. Hain zuzen, Zeziagak tailer bat eman zuen otsailaren 18an Santutxuko Udaltegian, Darabilbo egitasmoak antolatuta.

Nutrizionistak bertan azaldu zuenez, etiketak irakurtzerakoan hiru pauso eman behar dira: lehenengo, izena begiratu behar da; gero, osagaien zerrenda; eta ondoren, nutrizio taula. «Izenak produktua zer den adierazten du, baina kontsumitzaile gisa garrantzitsuagoa da osagaien zerrenda», azpimarratu zuen Zeziagak. Osagaien zerrendak ematen baitu arrasto handiena produktu horrek zer daukan jakiteko. Osagaien zerrendan begikoa ez den zerbait baldin badago, ordea, nutrizio taula begiratzen da.

Trikimailuak, ugari

Izenari dagokionez, Zeziagak azpimarratu du produktu batzuen etiketetan agertzen dena askotan industriak sinetsarazi nahi duena izaten dela. «Marketin hutsa. Benetako informazioa ez da eskuragarri jartzen». Horregatik, elikagaien industriak jartzen dituen adierazpenei kasurik ez egiteko gomendioa egin du: «Saltzea da helburu bakarra». Horren adibide lirateke light jartzen duten produktuak: Zeziagak azaldu du kaloria kopuru txikiagoa dutela, baina ez dutela zertan hobeak izan. «Kaloria kopurua txikitzeko, beste elikagai batzuk sartzen dira, eta ez da kalitatea hobetzen». %0 kasuetan, bestalde, osagai bat kendu baina beste bat sartzen dute. Txokolate marka baten adibide zehatza jarri du nutrizionistak: «Kolesterolik gabeak direla adierazten duten kakaoak saltzen dira merkatuan, eta hori anisakis gabeko kiwiak saltzea bezala da: ez du ez hanka ez buru». Gaineratu du kolesterola animalien gantzetatik datorrela eta kakaoa landarea dela.

Hortaz, azaleko adierazpenak alboratu, eta osagaien zerrendari erreparatu behar zaio. Hau da, etiketa baten aurrean garrantzitsuagoa da letra txikiari erreparatzea handiari erreparatzea baino. Baina nola irakurtzen dira osagaiak? Gutxitan erreparatzen diete kontsumitzaileek etiketei, eta elikagaien osagaiek ematen dute informazio gehien.

Are gehiago, gaur egun elikagaien legeak gero eta indar handiagoa du. Hala, osagaiak handienetik txikienera hurrenkeran ordenatuta egoten dira, eta erabili beharreko letra tamaina minimoa markatuta dago etiketetan. Hortaz, garrantzitsuenak zerrendako lehenengoak dira, eta berez osagai guztiak agertu beharko lirake osagaien zerrendan. Hala, Zeziagak zehaztu du zenbat eta zerrenda luzeagoa, orduan eta prozesamendu luzeagoa; hots, zenbat eta izen arraro gutxiago, hobeto. «Produktu bati buruz zenbat eta gauza gehiago esan, okerrago».

Osagaien zerrenda begiratzean kontsumitzaileak gustuko ez duen zerbait aurkitzen badu, nutrizio taula irakurri beharko du. Gerta baitaiteke osagaien zerrendan, adibidez, azukrerik ez egotea, baina taulan adieraztea: karbohidratoak, horietatik sei gramo azukrea. «Horrek esan nahi du azukrea naturala dela», zehaztu du Zeziagak. Osagaien zerrendan azukrea azaltzen bada, berriz, azukre gehitua da. Hau da, sei gramo horietatik batzuk gehituak lirateke, eta horiek dira osasunerako kaltegarriak direnak. «Taula nutrizionalekoak ez dute axola; naturalak dira». Horregatik da garrantzitsua lehenengo osagaien zerrenda irakurtzea.

Bestalde, azpimarratu du kontuz ibili behar dela azukreak adierazteko, izen asko baititu, eta askotan produktuak azukrerik ez duen ustearekin erosten baitira. «Garrantzitsuena osagaien kalitateari erreparatzea da, eta ez horrenbeste kantitateari». Nutrizionistak azaldu du osagaien zerrenda berdina duten bi produkturen kopurua alderatzeko balio duela nutrizio taulak, baina, era berean, nahasgarria dela, balio energetiko bera izateak kontrako informazioa eman dezakeelako.

Hori horrela, taula nutrizionaletan ageri diren semaforoei buruz aritu da Zeziaga. Orokorrean jendearentzat semaforoa ez dela erabilgarria azpimarratu du. «Asko engainuak dira; ez dira fidagarriak». «Coca-Colak balorazio hobea du olioak baino», gaineratu du. Horregatik, elikagaien propietateak begiratu behar dira.

Elikagai errealetan oinarritutako elikadura izango da beti osasuntsuena. Hala ere, noizean behin prozesatu egokiak eta nahi denean disfrutatzekoultraprozesatuak jan daitezkeela diote nutrizionistek. Oro har, etiketak nahiko fidagarriak direla uste du Zeziagak, baina azpimarratu du etiketarik ez duten elikagaiak direla gehien kontsumitu beharrekoak, eta produktu bat osasungarria izango dela betiere etxean egingo balitz bezala prestatzen bada. Hau da, osagai nagusia ez beste ezer. «Produktu batek oinarrizko osagaiak soilik behar ditu, gehigarririk ez. Egonkortzaile eta kontserbagarriak dituzten produktuekin, beti egin zalantza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.