Urruti, baina bista-bistan

Urtarrilean izandako lur jausiaren ondorioz, itxita dago Gaztelugatxeko ermitarako sarbidea. Hala ere, bisitariek Urizarretatik Ermura arteko ibilbidea egin dezakete.

Familia bat Urizarreta eta Ermu arteko ibilbide zirkularra egiten, atzo goizean. Atzean, Gaztelugatxeko ermita. OSKAR MATXIN / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bisitariak aurrera eta atzera ari dira beren txanda noiz iritsiko. Gaztelugatxe (Bermeo, Bizkaia) ikusteko asmoz, horietako asko etxetik etorri dira erreserba eginda, eta, Urizarretako sarreran jarrita, barrura noiz sartuko zain daude. Bertako langileak ere banan-banan ari dira galdera bera behin eta berriro egiten: «Zein ordutarako egin duzue erreserba?», telefonoan sarrera erakutsi, eta barrura sartzen hasi dira horietako batzuk, baina baten bat ezustean harrapatu du erreserbaren kontuak: «Erreserba egin behar al zen? Ez nekien!». Webguneko estekan sartu, eta tiketa eskuratzeko itxaroten dago bisitaria. Izan ere, eguraldi eskasa izan arren, dozenaka bisitari gerturatu dira Gaztelugatxe ikusteko gogoz.

Pandemia hasi zenetik, norabide bakarreko ibilbidea ezarri dute: Urizarretako sarrera da sarbide bakarra, eta irteera, berriz, Ermuan dago. Jende pilaketak saihesteko asmoz, gainera, egunean 960 bisitariko muga jarri dute, eta txanda bakoitzean, ezin da 48 pertsonako langa gainditu.

Hala ere, urtarrilean izandako lur jausiaren ondorioz, ezinezkoa da Gaztelugatxeko Doniene ermita dagoen lekuraino igotzea. Bertaratutako bisitariek «tristuraz» jaso dute albistea. «Pena da bertara etorri eta goraino igotzeko aukerarik ez izatea», esan du horietako batek. Baina beste aukerarik ez dagoenez, urrunetik ikustearekin konformatu behar izan dute.

Joan den ostegunean zabaldu zuten lur jausiaren ondorioz itxita egon den zati bat. Hortaz, dagoeneko, Gaztelugatxeko Biotopo babestua dagoen gunera arte joateko aukera dute bisitariek. Gainera, bertaratutakoen segurtasuna bermatze aldera, hiru metroko luzera duten hesiak jarri dituzte. Ordutegiari dagokionez, berriz, 10:00etatik 18:30era dago bisitak egiteko aukera.

Urizarreko sarreran gaztelera da nagusi, baina, tarteka, ingelesa ere entzun daiteke. Amaia Artetxe langilearen arabera, «Espainiako, Frantziako eta Ameriketako Estatu Batuetako» bisitariak dira gehienbat bertaratzen direnak. «Baina, Euskal Herritik ere badator jendea», argitu du. Maria Rodriguez madrildarra, esate baterako, bigarrenez joan da Gaztelugatxera: «Lehenengo aldiz etorri nintzenean zoragarria iruditu zitzaidan, eta nire bikotekideak lekua ezagutzen ez zuenez, bidaia errepikatzea erabaki nuen». Haurdun dago, eta urte batzuk barru berriro ere itzuliko dela jakinarazi du, haurrak lekua ezagut dezan. Josefa Navarro valentziarrarentzat (Herrialde Katalanak), berriz, lehenengo aldia izan da: «25.000 argazki atera ditut, asko gustatu zait, baina, egia esan, eguraldiak ez du askorik lagundu».

Hasiera batean lainotuta egon bada ere, ibilbidean aurrera egin ahala, gero eta indar handiagoa hartu du euriak. Bisitari gehienek xira jantzi dute, baina ez da aski izan. Izan ere, euriaren eraginez, lurra labainkor egon da, eta ondorioz, bat baino gehiago izan dira irrist egin eta lurrera erortzeko zorian egon direnak. «Kontuz oihukatu behar izan dute bisitariek behin eta berriz. «Lekua zoragarria da, baina bidea...», adierazi du Gaztelugatxe lehen aldiz bisitatu duen familia batek. Harrizko bidea «nahiko aldapatsua» denez, horrek ibilaldia zaildu duela azaldu dute familiako kideek. Zeharkaldia amaitu dutenerako, blai eginda zeuden bertaratu diren gehienak. «Eskerrak aterkiak ekarri ditugun», esan du bikote batek helmugara iritsi berritan.

Bisitari kopurua gorantz

Game of Thrones telesailak izandako arrakastaren ondorioz, azken urteotan asko handitu da Gaztelugatxeko turista kopurua. Hortaz, 2018az geroztik, pertsona taldeak kontrolatzeko neurriak hartu behar izan zituen Bizkaiko Diputazioak, eta ordutik, hainbat egokitzapen egin dituzte. Besteak beste, Urizarretan eta Ermuan sarrera guneak jarri dituzte, online erreserba egitea beharrezkoa da, edukiera mugatua da eta aparkaleku gehiago jarri dituzte.

Artetxek azaldu du espero dutela aurten gutxi gorabehera 12.600 bisitari inguru joatea. Era berean, Gaztelugatxeko ermitara igotzeko sarbidea udazken hasieran zabaltzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.