Etorkizun bat ukaiteko

Milaka ikasle kalera atera dira, klima aldaketaren aurkako neurriak eskatzeko mobilizazioekin bat eginda. Ehunka ikasle bildu dira Baionako mobilizazioan

Emakume haurdun bat, Rio de Janeiron. MARCELO SAYAO / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ikasleen protesten lekuko izan ziren mundu guziko kaleak atzo. Klima aldaketaren aurkako mobilizazioak egin zituzten. 1, 2, 3 gradu gizateriaren aurkako krimena da! eta Klima baino beroago leloekin, adibidez, Baionako karriketan elkartu ziren Ipar Euskal Herriko ikasle andana, mundu osoan eginiko Fridays for the Future (Ostiralak Etorkizunarentzat) deialdiari erantzunez. Manifestazio ikusgarria egin zuten hiriko karriketan, klimaren berotzea salatu eta «zinezko» neurriak eskatzeko. Gaur Angelun (Lapurdi) antolatua den klimaren aldeko martxan parte hartzera deitu zuten; iragarri zuten ondoko asteetan protesta gehiago izanen direla.

Mundu guztiko ehun herrialdetan baino gehiagotan egin zuten atzo greba ikasleek, klima aldaketa salatzeko. Greta Thunberg 16 urteko gazte suediarraren ereduari jarraikiz, Australian milaka gazte bildu ziren, Europako herrialde nagusietan beste hainbeste, eta gainerako kontinenteetan ere deialdi andana izan ziren. «Ez dirudi gure etorkizuna eskuetan dutenek klimaren gaia biziki serio hartzen dutenik», esan zuen Thunbergek berak mobilizazioaren bezperetan. Stocholmeko mobilizazio buruan joan zen atzo.

Euskal Herrian mobilizazio bat baino gehiago antolatu zituzten; Bilbon, Gasteizen eta Donostian, besteak beste. Baionakoa izan zen jendetsuenetakoa. Goizean goizetik Cassin lizeotik abiatu, eta lizeo nagusien itzulia egin zuten, ikasleak eskolatik aterata manifestaziora gehitu zitezen. «Nolako energia!», harritu zen mobilizazioa jarraitzen ari zen kazetarietako bat, gazteen determinazioari begira. Bozgorailuetatik ateratzen zen musikari jarraikiz, dantzan, saltoka eta oihuz erantzuten zieten martxaren eramaileek mikrofonotik ematen zituzten mezuei. «Klimaren berotzearen kontra borrokatzen ez bagara, ez dugu sekula lortuko ezberdintasun sozialak gainditzea», aldarrikatu zuen Luzio Lizarralde ikasleak suprefetura aitzinera iritsi zirenean. «Badakizue zer den hau? Suprefetura. Estatuaren bozeramaileak dira. Egin dezagun bi aldiz oihu gehiago estatuaren kontra». Eta gazte guziak, saltoka eta oihuka. Xaho kaian bukatu zuten martxa, hitzartzeekin: «Gure gobernua ez da konpetentea; beraz, hona gobernu berria». Laborantzako, garraioko eta errefuxiatu klimatikoentzat konponbidea aurkitzeko ministroak izendatu zituzten parodian, egoerari aurre egiteko proposamenak aurkezteko. «Klima larrialdia» ezartzea aipatu zuten, besteak beste.

Umorea, kolorea eta zarata

Zaratatsua bezain koloretsua izan zen atzoko protesta. Bakoitza bere pankarta eskuetan joan zen, era guzietako aldarrikapenei ahotsa emanez: Euskal Herria determinatua!, Ez dugu B planetarik edo Gazteria klimarentzat! leloak idatzi zituzten kartoi zatien gainean, baina baita umorezko mezuak ere: Gradu gehiago, garagardoarentzat bakarrik edo Winter is not coming (negua ez dator), Game of Thrones telesailari erreferentzia eginez. Bernat Etxepare lizeoko ikasleak bi pankarta handirekin batu ziren protestara: Sistema aldatu, geroa bermatu eta Kapitalismo berdeaz gaindi, gazteok amalurraren alde.

Manifestazio buruan zegoen Aimee Masson, Hazparneko Armand David lizeoko ikaslea, antolatzaileen artean. «Nire lurra maite dut, eta egun batez nire haurrei utzi nahiko nieke. Landagunean bizi naiz, eta usu bakarrik sentitzen gara horrelako gaiak lantzeko orduan. Plazera da hainbeste gazte motibatu ikustea», adierazi zuen. Mobilizatzeko arrazoi bat baino gehiago dituela argitu zuen Christelle Caillet ikus-entzunezko goi mailako teknikari brebetako ikasleak: «Egunero ari naiz borrokan naturaren eta bioaniztasunaren alde. Ezinbestekoa iruditzen zait gazteak sentsibilizatzea, gaur egun dugun erronka uler dezaten». Besteak beste, zigarreta muturrak lurrera botatzea eta McDonaldsen gisako hanburgertegietan kontsumitzea jarri zuen adibide. «Ez dut halakorik onartzen. Animaliak gaizki tratatu eta natura arriskuan ematen duten enpresa handi horien kontrako boikota bultzatu behar dugu».

Antolatzaileen artean euskaldun batzuk izanik ere, frantsesak hartu zuen nagusitasuna atzo goizeko mobilizazioan. Bernat Etxepare lizeoko ikasleek eraman zuten euskararen presentzia, eta horretaz kontziente direla aitortu zuen Ekhi Perriek. «Garrantzitsua da erakuts dezagun euskaldunak ere borroka honen parte garela», adierazi zuen. «Iruditzen zait inportantea dela edonor mobilizatzea, bai zahar, bai gazte, klimaren gaiak denak ukitzen baikaitu, eta gure lurra baita». Haren irudiko, orain arte Bernat Etxepare lizeoan ez zen sobera aipatzen gai hori, beste gai batzuek hartzen zutelako nagusitasuna: «Berriki talde ekologista bat sortu da, ikusteko lizeoan zer egiten ahal dugun, eta gure neurrian gauzak aldatzeko. Eguneroko gauza txikiak aldatuz anitz aldatzen ahal baita».

Gazteen mobilizazioa gogoz txalotu zuten Bizi mugimenduko kideek: «Pozten gaitu ikusteak klimaren alde eta haien etorkizunerako beren gain hartzeko prest direla. Ea mugimenduak zer ematen duen, baina gogotik eta plazerez ikusten dugu». Atzo ikasleek bezala, gizarte eragileek ere protestarako deia egina dute gaurko. Ipar Euskal Herrian, Angelun elkartuko dira, 10:30ean, Cadran itzulgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.