'Aita Mari'-k portu seguru bat eskatu du, itsasoan 78 lagun erreskatatu eta gero

Urriaren 20an utzi zuen ontziak Euskal Herria, lortu gabe Espainiak baimena ematea propio erreskateak egiteko. Italian edo Maltan lehorreratu nahi du

arantxa iraola
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Arratsaldeko seiak aldera izan da erreskatea», adierazi zuen atzo ilunabarrean Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko ordezkari Daniel Rivasek Aita Mari ontziak itsaso zabalean egin zuen erreskatearen berri emateko. «Oraindik datuak falta zaizkigu, baina badakigu tartean emakume haurdunak badirela, adibidez; haurrak ere badira». Guztira 79 pertsona dira. Txalupa antzeko batean zihoazen. Halakoak erabiltzen dituzte sarri errefuxiatuek, eta, Aita Mari itsasontziko ordezkarien arabera, «oso zamatuta» joan ohi dira ontziak, egoera aski txarrean. «Arriskuan» jartzen ditu horrek. Lerrook idazteko orduan, beste txalupa baten bila ere bazihoazela adierazi zuten itsasontziko arduradunek sare sozialen bidez: beste 94 pertsona erreskatatzera.

Azaroaren 12an Lesbosko kaia utzi (Grezia) eta itsaso zabalera irten zen ontzia, errefuxiatu ugarik Europara sartzeko erabiltzen duten eremu batera, Malta inguruko erreskate gunera. Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko arduradunek adierazi zuten itsasontziren bat noraezean aurkitzen bazuten «artatu» egingo zutela. «Nazioarteko legeek diote ez dela inor abandonatu behar itsasoan», gogoratu zuten. Espainiako Gobernuak ontziari inoiz ez dio eman propio jardun horretarako baimenik. Baina nazioarteko araudia abaro dutela adierazi dute sarri ontziko arduradunek, eta gogora ekarri dute, gainera, beren beregi erreskateak egiteko prestatuta dagoela itsasontzia, eta beharrean diren pertsonak artatzea dela lehen xedea.

Rivasen arabera, Maltarekin akordioa hitzartuta daukate portu seguru bat eskuratzeko, eta hori aski lege babes bada Espainiako Gobernuarekin inolako arazorik ez izateko eta beren jarduna lege barruan dagoela bermatzeko. Onartu du, ordea, bestelako bidea ere har dezaketela agintariek, eta ondorio larriak izan ditzakeela erreskateak. «Badakigu 900.000 euroko isuna ere jar diezaguketela. Gure egitasmoaren bukaera erabatekoa ekarriko luke horrelako zerbaitek». Aurrez ere kezka hori adierazi izan dute erakundean.

Erreskatea egin eta berehala lehorreratzeko portu seguru bat eskatu zuten: Italian edo Maltan. «Ez gara joango Libiara; inondik inora ere ez, gainera. Libiakoa ez da portu segurua. Gainerakoan, agintariek zer esango zain gaude», esplikatu zuen Rivasek. Hain zuzen ere, berriz errepikatu zuen sarri Mediterraneoan erreskate lanak egiten dituzten itsasontziek ozen zabaltzen duten mezua. Egoera kalteberan heltzen dira errefuxiatuak, eta giza eskubideen babesa bermatuko duten herrialdeetan baino ezin dira artatu berme guztiekin. Beti nabarmendu dute, gainera, migratzaile gehienek «babes» beharrean hartu ohi dutela Europarako bidea, eta ezin direla baztertu. Iheslarien artarako propio Mediterraneoan ondu diren guneetan, ordea, egoera kaskarretan daudela salatu dute, eta adabaki besterik ez diren neurri horiekin Europako Batasunak «atzituta» dauzkala milaka lagun.

Ontzia urriaren 20an abiatu zen Euskal Herritik, Pasaiako portuan (Gipuzkoa) bolada bat egin eta gero. Konponketa lanak egitera etorri ziren hasieran, eta itsasoratzeko baimenaren zain egon ziren gero bolada batean. Zortzi tona arropa eta oinetakorekin atera ziren Lesbosera bidean, han dauden errefuxiatuei eramateko. Izan ere, giza laguntza garraiatzeko baimena badu ontziak. Ontziko arduradunek aurreko asteetan behin baino gehigotan adierazi zuten, hala ere, erreskateak egiteko baimena ere nahi zutela. Azkenean, ordea, ateratzea erabaki zuten; nahi baino mugatuago. «Ezustean ontziren bat topatzen badugu soilik egin ahal izango ditugu erreskate aktiboak», azaldu zuen Iñigo Mijangosek, gobernuz kanpoko erakundeko buruak.

Urkulluren babesa

Erreakzioak berehala sortu zituen albisteak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, esaterako, zoriondu egin zituen ontziko arduradunak. Gogora ekarri zuen Jaurlaritzak diruz lagundutako egitasmoa dela Aita Mari itsasontziarena. Izan ere, jatorrian atunontzi bat zen, eta moldaketa handi bat egin behar izan dute salbaamendu lanetarako prestatzeko. «Egindako inbertsio guztia eta ahaleginak guztiz justifikatuta daude», adierazi zuen.

Itsas Salbamendu Humanitarioa taldeko ordezkariek atzo adierazi zutenez, Aita Mari ez dago bakarrik erreskateak egiteko gunean; berriki Ocean Viking eta Open Arms ontziek ere erreskateak egin zituztela adierazi zuten, eta lehorreratzeko portu baten zain daudela orain horiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.