Koronabirusa

Neurri murriztaile ia guztiak bertan behera utziko dituzte Nafarroan

COVID ziurtagiria ez da beharrezkoa izango leku itxietara sartzeko, eta ostatuek ohiko ordutegia berreskuratuko dute astelehenean. Maskara eremu itxietan baino ez da erabili beharko

Santos Indurain, prentsaurreko batean. JESUS DIGES / EFE.
Paulo Ostolaza - Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Otsailaren 15ean, gaueko hamabietan, bertan behera geratuko dira Nafarroan COVID-19ari aurre egiteko orain arte indarrean egon diren neurriak. Ostatu eta jatetxeek ohiko ordutegia eduki ahal izango dute, baita gaueko aisialdiko lokalek ere; barran kontsumitu ahal izango da, eta mahai berean hamar lagun baino gehiago biltzea debekatzen duen neurria ere kenduko dute. Gainera, lokal horietara sartzeko ez da COVID ziurtagiririk behar izango.

Horrez gain, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa izango kanpoaldean maskara erabiltzea. Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek adostu zuten neurri hori. Salbuespen batzuk badaude, ordea: jarri egin beharko da ekitaldi jendetsuetan, jendea zutik egongo bada, baita eserita egon arren 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean ere. Gomendatu dute jendea pilatzen denean ere jartzea.

Kirol ekitaldiei dagokienez, kanpoaldekoetan %75etik %85era igoko dute edukiera, eta, eremu itxietan jokatzen diren partidetan, %50etik %75era. Oraindik ezin izango da zelaian jatekorik eta edaririk kontsumitu. Neurri horiek otsailaren 28 arte egongo dira indarrean. Beraz, maskara eremu itxietan eta jende asko biltzen den lekuetan; eta COVID ziurtagiria, Espainiako Estatutik kanpora bidaiatzeko. Horiek izango dira oraindik indarrean egongo diren neurri bakarrak.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian txertatze ziurtagiria martxo bukaera eta apiril hasiera artean kentzeko «aukera» ikusten du Frantziako Gobernuak. Izan ere, Frantziako Gobernuko kideek Defentsa Kontseilua egin dute goizean, eta Gabriel Attal bozeramaileak azaldu du «aukera handiak» daudela neurri hori udaberrirako kentzeko, «osasun baldintzak betetzeko bidean» baitaude.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera, berriz, gaur argituko da. Labiren aholku batzordea gaur bilduko da, bilakaera epidemiologikoa aztertzeko. Indarrean dauden neurriei buruzko erabakien berri emango du. Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia iragarri dute, 20:00etarako, horiek jakinarazteko.

«Zentzua galdu dute»

Nafarroan, azaroaren 26tik dago indarrean COVID ziurtagiria eskatzeko neurria. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzo aitortu zuen moduan, neurri horren helburu nagusia zen txertatu gabeko jendea txertatzera bultzatzea. Lehen asteetan eragina izan zuen, baina, kontseilariak gaur azaldu duenez, «neurriak zentzua galdu du jada».

Nahiz eta Nafarroan COVID-19arekin kutsatu direnen kopuruak beheranzko joera duen azken bost asteetan, Indurainek azaldu zuen Nafarroan «arrisku epidemiologiko handia» dagoela oraindik, eta kutsatze kopuruak«eragina» duela oraindik ere osasun sisteman: bai lehen arretan, baita ospitaleetan etaZIUetan ere. Atzo, 185 pertsona zeuden erietxeetan COVIDak jota; horietatik 23, ZIUetan. Koronabirusa detektatzeko 2.157 proba egin zituzten, eta horietatik 437k eman zuten positibo. Bi hildakoren berri ere eman zuten atzo Nafarroan.

Hala ere, osasun kontseilariak ohartarazi zuen pandemia ez dela bukatu, eta «jokaleku berri baterako trantsizioan» dagoela Nafarroa gaur-gaurkoz.

Hori dela eta, Indurainek azaldu zuen COVID-19 kasuei «jarraipena» egingo dietela oraindik ere, kontaktuak identifikatu eta kutsatutakoak ahalik eta arinen detektatzeko. Txertaketa kanpainak ere martxan jarraituko duela adierazi zuen; 1,3 milioi dositik gora eman dituzte Nafarroan jada. Dena den, datu horiek astean behin plazaratuko dituzte aurrerantzean.

Gaur ikusiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zer erabakiko duten neurri murriztaileei buruz. Urkulluk atzo adierazi zuenez, pandemiaren bilakaera epidemiologikoa «positiboa da aspalditik». Hori horrela, indarrean dauden neurriak arintzeko «itxaropen argia» izan daitekeela azaldu zuen. Izan ere, hilaren 13an bukatuko dira koronabirusaren aurkako prebentzio neurriak.

Baina Urkulluk gogorarazi zuen pandemia badela oraindik, eta neurriei buruz hitz egitean kontuan hartu behar dela «aldez aurreko kontzientziazio indibiduala», besteak beste: «Guztiok prebentzio neurriak betetzeko ahalegina egingo bagenu, errazagoa izango litzateke hartu behar ditugun neurriak interpretatzea».

Horrekin batera, gaur egungo egoera epidemiologikoa «hau» dela adierazi zuen, eta gaineratu zuen espero zuela «azken egunetako bilakaera positiboari eustea» eta «laster beste erabaki batzuk hartu ahal izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.