Bilboko ustezko hilketekin lotutako sei kasu ikertzen ari da Ertzaintza

Ustezko hilketa bat, ustezko bi hilketa saiakera, beste hiru heriotza eta seien arteko lotura dituzte ikergai. Erkorekak «zuhurtzia osoa» eskatu die komunikabideei, eta «lasaitasuna» gizarteari

Homofobiaren aurka eginiko manifestazio bat, iaz, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Javi West Larrañaga
Bilbo
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

Guztira sei dira Bilboko ustezko hilketekin lotuta Ertzaintza ikertzen ari den kasuak, baina ez dira guztiak hilketenak; edo ez dute hala baieztatu oraingoz, behintzat. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak jakinarazi dute zehazki ustezko hilketa bat, ustezko bi hilketa saiakera eta beste hiru heriotza ikertzen ari direla guztira, baita sei kasuen arteko lotura posiblea ere. Irunen (Gipuzkoa) atxilotutako gizonezkoari buruz, berriz, esan dute bere kabuz joan zela herenegun hiri horretako polizia etxera, eta «informazioa ematen» ari dela. Atxilotuta daukate, epailearen aginduz.

 

Halaber, ez dute baztertu beste leku batzuetan kasu horiekin lotutako besteren bat egon daitekeela: Kataluniako mossoak eta Espainiako poliziak ere parte hartzen ari dira ikerketan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak jakinarazi duenez: hark «gertaera oso larritzat» jo ditu Bilbon jazotakoak.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruak agerraldia egin zuten atzo Bilbon, azken egunotan komunikabideetan ematen ari diren informazioa argitze aldera. Biak agertu ziren prentsaren aurrera, baina Erkorekak baino ez zuen hitz egin, eta zehatz hautatu zituen erabili beharreko hitzak. Galdera ugariri, gainera, ez zien erantzun, informazioa sekretu judizialaren pean dagoela argudiatuta.

Ezeren aurretik, Segurtasun sailburuak «zuhurtzia» eskatu zuen kasuari buruz, komunikabideei eta gizarteari zuzenduta. Kazetariei galdegin zien «oso zuhurrak» izan daitezela, ohartarazpen bat emanda: «Gaizki erabilitako informazioak arriskuan jar dezake ikerketa judizialaren eta polizialaren arrakasta». LGTBI kolektiboari ere mintzatu zitzaion, «lasaitasuna» eskatuta eta adierazita badakitela kasuak «nola larritu» dituen: «Baina argi utzi nahiko nuke Ertzaintzak hilabeteak daramatzala lanean ikerketa konplexu honetan: ez da atzoko ikerketa bat». Hainbat komunikabideren arabera, ustezko hiltzailea gizonekin harremanak izateko Wapo aplikazioaren bidez jartzen zen kontaktuan biktimekin.

Ikertzen ari diren sei kasuei buruz ez zuten informazio askorik eman. Erkorekak berretsi zuen Bilbon gertaturikoak direla kasu guztiak, eta ikertzen ari diren hiru heriotzei buruz adierazi zuen «gaur-gaurkoz arrazoi naturalak» dituztela egiaztatuta: «Ikerketa zabalik dago, mahai gainean dauden datuak kontrastatu beharra dago, eta ikerketak esango digu benetan kasu horiek baliagarriak diren ala ez trama berdin batean kokatu ahal izateko». Halere, esan zuen heriotza horiek badituztela beste kasuekin lotu ditzaketen «elementuak». Ustezko hilketari buruz, berriz, baieztatu zuen «egiaztaturiko proba toxikologiko bat» duela.

Etxe bat miatuta Irunen

Herenegun Irungo ertzain etxean bere burua aurkeztu zuen gizonezkoari buruz ere ez dute xehetasun handirik eman. Erkorekak atzo jakinarazi zuenez, epaile baten atxilotze agindua zeukan gizonak, eta atxilotuta daukate, horregatik: «Legeak arautzen duen epean joango da epailearen aurrera». Segurtasun Sailaren arabera, «komunikabideetan publikoki» bere argazkia eta izen-abizenak ikusita eta hedabideetan «gertatutakoaren ustezko egile gisa identifikatu» zutela ohartuta entregatu zuen bere burua polizia etxean.

Segurtasun sailburuaren arabera, saiatzen ari dira gizonak «ahalik eta gehien kolabora» dezan ikerketan, «atxilotuta dagoen pertsona baten galdeketa batean beti dagokion bezala», eta hala egiten ari da: «Harekin hitz egiten ari gara, eta haren testigantza jasotzen». Erkorekak ez du baieztatu haren aurkako akusaziorik dagoenik, halere: «Nik ez dut esan halakorik». Aurrekariak dituela, ordea, bai: ez du zehaztu zein deliturengatik.

Efe berri agentziak atzo zabaldu zuenez, bestalde, atzo ustez gizonezko horrena den etxebizitza miatu zuen Ertzaintzak Irunen. Ikerketaren iturriak aipatu ditu Efek, eta esan du atxilotua ere Poliziaren miaketetan egon zela atzo: 16:05ean atera ziren eraikinetik.

Atxilotuaren aurrekari penalei buruzko xehetasun gehiago ere eman ditu berri agentziak. Eferen hitzetan, gizonezkoa Bizkaian atxilotu zuten, 2019an, iruzurra leporatuta. Hainbat komunikabidek egunotan zabaldu dutenez, hain justu, badirudi atxiloturiko gizonezkoak dirua lapurtu ziela biktimei: dirudienez, hil ondorengo egunetan dirua desagertu zen gizon horien kontu korrontetik. Erkorekak ez zuen horri buruzko ezer azaldu atzo Bilbon eginiko agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.