Zabaldu dute Euskarabenturaren 2022ko aldian izena emateko epea

Uztailaren 1etik 31ra egingo dute espedizioa 16 eta 17 urteko 130 gaztek. Aurkezpen bideo bat eta gogoetarako proiektu bat egin beharko dute parte hartu nahi dutenek

Euskarabenturaren antolatzaileak, atzo, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian egindako agerraldiaren ostean. EUSKARABENTURA.
Uxue Rey Gorraiz - Julen Aperribai
Pasaia
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Euskarabenturak laugarren aldia izanen du 2022an, eta jadanik badago izena emateko aukera. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian (Gipuzkoa). Oro har, ohiko irizpideei eutsiko diete datorren udako aldian; hau da, 16 eta 17 urteko gazteak deitu dituzte espedizioan parte hartzera. Hala, 2005ean edo 2006an sortutakoek izango dute parada. Martxoaren 4ra artean ematen ahalko da izena. Beste behin, antolatzaileek «Euskal Herriko zein diasporako gazteak» animatu nahi dituzte abenturan parte hartzera, Euskal Herriko txokoak euskaraz blaitzera deitu. BERRIA espedizioaren babesle izanen da berriz ere.

[YouTube]https://youtu.be/E-drJ3pjo_I[/YouTube]

Euskarabentura 2018an lotu zitzaion bideari, eta bigarren abentura izan zuten 2019an. 2020an, baina, pandemiak erdiz erdi jo zuen zeharkaldi ibiltaria, eta bertan behera gelditu zen. Hala eta guztiz ere, indarberriturik eta eraberriturik bueltatu zen joan den udan: bi txandatan egin zuten, eta bidea egiteko zenbait modu aldatu zituzten, segurtasuna bermatzearren. Uztailaren 1etik 31ra bitartean egin nahi dute 2022ko espedizioa, Mauletik Getxora (Bizkaia). Asmoa «hasieran bezala egitea» dela adierazi zuen Irati Labaien Euskarabenturako kideak, betiere osasun egoerak hala baimentzen badu.

Zeharkaldia berrartzearekin batera, haren helburu nagusiei helduko dietela nabarmendu du Labaienek, zein diren gogoratuta: «gazteen artean euskararen erabilera sustatzea», «gazteen artean sare bat sortzea» eta «euskal kultura eta herria ezagutzea». Halaber, eurentzat «osasuntsuak» diren beste zenbait balio sustatzen ahalegintzen direla ere gaineratu du: «Erronka lokal eta global serio baten aurrean gaude gizarte gisa. Nazio Batuen Erakundeak ere garapenerako helburu iraunkorrak plazaratu zituen 2015ean, eta, nolabait, hor proposatzen diren hari eta gai desberdinak ere landu nahi ditugu».

Izan ere, ibilaldia egin nahi dutenek gogoetarako bide emango duen proiektu bana egin beharko dute, euren buruaren inguruko bideo aurkezpenaz gain. Honako gai hauek eman dizkiete antolatzaileek aukeran horretarako: egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan izaten diren dinamikak, arropa eta jantzien kontsumo eredua, eta Euskal Herriko historia. «Gazteen hausnarketa eta sormena» sustatu nahi ditu, hala, Euskarabenturak. Bildutako proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta Puntueus fundazioak ebaluatuko dituzte, eta apirilaren 24an jakinaraziko dute espedizioan parte hartuko duten 130 gazteen zerrenda.

Itsasoak presentzia berezia izango du 2022ko aldian, antolatzaileek aurreratu dutenez. Izan ere, 500 urte beteko dira munduari lehenengoz bira eman ziotenetik, eta Euskal Herriko historian itsasoak izan duen lekuari erreparatzeko baliatuko dute espedizioa. Horretarako, Elkano Fundazioarekin «elkarlanean» ariko dira. Batera antolatuko dituzte espedizioko hainbat ekintza, eta, halaber, fundazio horrek proposatu du parte hartzaileek proiektua egiteko hautatu beharreko gaietan hirugarrena, Euskal Herriko historiari loturikoa. «Gure helburuetako bat dibulgazioa eta edukien gizarteratzea da, baina baita gogoeta prozesuak sustatzea ere, iraganak horretarako bide oso emankorrak ekartzen baitizkigu», azaldu du Ion Irurzun fundazioaren zuzendariak, eta gaineratu Euskarabenturak hausnarketarako «baldintza egokiak sustatzen» dituela, baita gogoeta horietan «gazteen ahotsa» txertatzekoa ere.

Eragina neurtzen

Espedizio ibiltaria ez ezik, ikerketa bat ere martxan dauka Euskarabenturak, «gazte euskaldunen kasuan hizkuntza mudantza izeneko fenomenoaren atzean dauden faktore nagusiak zeintzuk diren ulertzeko». Soziolinguistika Klusterrarekin eta EHUko zenbait ikerlarirekin elkarlanean ari dira egiten, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finantzatuta. Izaro Arruti da ikerketa egiten ari direnetako bat, Labaienek zehaztu zuenez, eta berriki Soziolinguistika Klusterraren Txillardegi-Hausnartu saria jaso du.

Lau urtekoa izango da ikerketa, eta, lehen emaitzak udaberrian argitaratuko badituzte ere, aurrerapen bat egin zuen Labaienek, emaitzetatik bi nabarmenduta: espedizioan parte hartzen dutenen %85ek adierazi dutela espedizioak euskara maila hobetzeko balio izan diela eta %92k agertu dutela borondatea euskara sustatzeko ahalegina egiteko, behin Euskarabentura amaituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.