Laguntza bukatu zaien langabeek 430 euro jasoko dituzte hiru hilabetez

Espainiako Gobernuak uda amaitzean onartuko du neurria, CCOOren, UGTren eta patronalen babesarekin. Erregulazioan dauden lanaldi partzialeko langileen saria ere berrikusiko dute

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko lan ministroa, sindikatuetako eta patronaleko ordezkari batzuekin aurreko astean eginiko bilera batean. QUIQUE CURBELO / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Martxoaren 14tik irailaren 30era bitartean langabezia saria amaitu duten langabeentzat diru laguntza bat sortuko du Espainiako Gobernuak. Haiek ez ezik, denbora horretan langabezian geratu diren baina laguntza horretarako eskubiderik ez dutenek ere izango dute horretarako eskubidea. Adostasun handia dago neurriaren inguruan, eta uda amaitzean onartuko dute.

Espainiako Gobernuak zehaztu duenez, 430,27 eurokoa izango da laguntza, hori baita langabezia sarien ohiko zenbatekoa, IPREM errenta adierazle publikoaren%80. Gehienez, hiru hilabetez jasoko lukete. Diru hori kobratzeko, eskatzaileak ez du egiaztatu beharko gutxieneko errenta jasotzen ez duenik, mota horretako beste laguntza batzuekin gertatzen den bezala.

Laguntza berri horren arrazoia izango litzateke pandemiaren garaian laguntzak bukatzen zaizkien langabeek ezin izan dutela «baldintza normaletan» lana bilatu. Horrekin batera, neurriaren bultzatzaileek uste dute pertsona horiek «egoera okerragoan» daudela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan daudenen aldean, horiek ez baitute langabezia babesa agortzen, nahiz eta enplegua etenda daukaten bitartean kobratzen ari diren.

Neurri horrez gain, erregulazioan dauden lanaldi partzialeko langileen langabezia saria ere berrikusiko du. Madrilen asmoa da laguntza hori kalkulatzeko metodologia aldatzea, orain arte lanaldi osoko langileek baino gutxiago jasotzen egon baitira. Gobernuak ordainsari bakar batekin konpentsatuko luke aldea.

Neurri horiek CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE eta Cepyme patronalekin aztertzen ari da, elkarrizketa sozialeko mahai espezifiko batean, eta lanak «oso aurreratuta» daude, gobernuaren iturriek berri agentziei azaldu dietenez. Sindikatuek ez zuten onartu gobernuak hasieran aurkeztutako proposamena, baina orain ezagutarazitakoa begi onez jaso dute. Dena den, azaldu dute ezer ez dagoela itxita, eta neurria ahalik eta azkarren onartzeko deia egin dute. Patronalek, berriz, azaldu dute haiek ez dutela eragozpenik jarriko, neurria betiere ezohikoa bada eta ez bada egiturazkoa bihurtzen.

Gobernuak adierazi duenez, neurria indarrean sartuko litzateke akordioa sinatu bezain laster. Haren asmoa zen oporren aurreko azken ministroen kontseiluan onartzea; orain, uda ondorengo lehenengorako nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.