Andre baten kontrako hilketa saioa gaitzetsi dute Berrizen

Labanaz bikotekidea zauritu eta ihesari eman zion gizona espetxeratzeko agindu du epaileak. Biktimari babesa agertu, eta gaitzetsi egin dute erasoa

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea atzo, Berrizen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maria Ortega - Gurutze Izagirre Intxauspe - Gotzon Hermosilla
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Protesta jendetsua egin dute bart, Berrizen (Bizkaia), astelehen iluntzean gizon bat bikotekidea hiltzen saiatu izana gaitzesteko. Labanaz egin zion eraso, eta besoetako haurrarekin ihesari eman zion gero. Astelehen iluntzean bertan atxilotu zuten ertzainek, hilketa saioa egotzita. Epailearen aurrean deklaratu ostean, kartzelan sartzeko agindu du. Basaurira eraman dute (Bizkaia).

Emakumea zaurituta eraman zuten Gurutzetako ospitalera, (Barakaldo, Bizkaia), helikopteroz. Larri dago, baina ez du hiltzeko arriskurik, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi dutenez. Artolazabalek baieztatu zuen lehen ere salatua zuela emakumezkoak gizona, «jazarpenagatik». Jaurlaritzak eskura dituen baliabideak eskaini dizkiola gaineratu zuen.

Erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu zuten Berrizko Urtiaga plazan atzo. Azeri Gorriak talde feministak kalejira zaratatsua egin zuen aurretik, 18:30ean, lapikoekin eta Erresistentzia feminista aldarrikatzen zuen pankarta batekin. Feministek salatu zuten eraso honek berriz ere azalera ekarri duela «sistemak ageriko hutsuneak» dituela. Esan dute erasoa jasan dutenen alboan izango direla beti, eta erasotzaileak aurrez aurre izango dituztela.

Erakundeak eta herritarrak

Elkarretaratzea 19:00etan hasi zen, feministak Urtiagako plazara iritsi zirenean. Bertaratuek hamabost minutuko protestaldia egin zuten, Emakumeen kontrako indarkeriari ez! Aski da! leloa zuen pankarta batekin. Eusko Jaurlaritzako, Emakundeko eta Berrizko Udalekoordezkariek parte hartu zuten, ehunka herritarrekin batera.

Berrizko Udalak jakinarazi du neurriak bultzatuko dituela biktimei lehentasunezko arreta emateko, prebentzio jarduerak egiteko eta erasotzaileen gizarte zigorgabetasuna ez onartzeko. Bestalde, erasoei erantzun irmoak emateko deia egin zien herritarrei. Deialdi horrekin bat egin zuen Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzaren izenean. Salatu egin zuen Berrizko emakumearen aurkako erasoa, eta baita Gijonen (Espainia) asteburuan izandako talde bortxaketa ere. Biktimei babesa agertu zien, eta protestetan parte hartzera deitu zuen Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Dei bera egin zuen Emakundek: prentsa ohar bidez, erasoa «gogor salatu» zuen. Erakunde horrek herritarrak ere deitu zituen gaitzespena adieraztera, «emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoa baita herritarren jarrera aktiboa».

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, gogora ekarri zuen indarkeria matxista egiturazko arazoa dela eta alde askotatik behar dituela erantzunak. Indarrak bi arlotan jarri zituen: prebentzioan eta egoera zaurgarrian dauden emakumeen babesean.

Indarkeria bikarioa

Berrizko kasuari lotuta, Landaidak esan zuen indarkeria bikarioarekin lotutako kasu bat ote den zantzuak daudela, gizonezkoak besoetako haurra hartuta eman ziolako ihesari: «Emakumeari min egiteko haurra erabili duen kasu baten aurrean gaudela dirudi, eta indarkeria mota hori ere txertatuta dago lege aldaketan».

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, bi haur zituen bikoteak; jaio berria bata, urte gutxi batzuetakoa bestea. Oraingoz aldundiko gizarte zerbitzuak egin dira bi haurren kargu, ama osatu artean.

Eudelek ere bat egin zuen elkarretaratzearekin, eta, berdintasuna bultzatzeko «gizarte osoak duen ardura» dela eta, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dutela adierazi du.

Euskadiko Gazteria Kontseiluak ere gaitzetsi egin zuen Erasoa. Gizarteari erasoen kontra esku hartzeko deia egin dio erakundeak, eta justizia egin dadila eskatu du, «justizia feminista». Horretarako, legedia aldatu eta genero indarkeriaren kontzeptu juridikoa zabaldu behar dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.