GuraSOSek «Tapiaren gezurra» salatu du drainatze tutuak direla eta

«Legez kanpoko tutu» horien isuri kutsagarria «zepa zulora» doa, Joseba Belaustegiren arabera

Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordea, atzo. BERRIA.
xabier martin
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Kurba bat ez da lerro zuzen bat». GuraSOS elkartearen abokatu Joseba Belaustegik desberdintasun hori azpimarratu du Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gonbidatuta Zubietako erraustegiaz aritzeko. BERRIAk argiratutako drainatze tutu «klandestinoaren» argazkian, kurba formako tutu bat agertzen da drainatzearen alboan, eta Arantxa Tapia Ingurumeneko sailburuak legebiltzarrean erakutsitako argazkian beste pieza bat azaltzen da, zuzena.

«Ez da leku bera; ez dira leku bereko argazkiak». Tutu hori sistema estanko baten parte dela azaltzeko erabili zuen Tapiak, Belaustegik gogorarazi duenez. «Gezurretan ari da», salatu du, berriz ere berretsita tutu horrek ez lukeela zertan egon erraustegian, eta fiskaltzak ikertzeko eskatu duela gogorarazita.

GuraSOSeko adituak esplikatu du «oso kutsagarriak» direla drainatze tutu horien isuriak, eta zepa zulora doazela. «Gori-gori dagoen zepa hori isuri kutsagarriekin batera hozten da, dioxina, furano eta metal astunekin», esan du Belaustegik. Eta jada «aski frogaturik» dagoela erraustegitik kanpo ateratzen direla isuri kutsagarriak. Nola ateratzen diren aztertu behar dela uste du.«Dudarik gabekoa» da, haren arabera, BERRIAk argiratutako argazkia «benetakoa» dela, eta «delitu bat» islatzen duela, «drainatze tutu hori ezin delako hor egon».

GuraSOS elkarteko ordezkariak behin eta berriz azaldu die batzordean batutako ordezkari politikoei Zubietako erraustegian ez dagoela «zirkuitu itxi bat», eta horrek eragiten duela, hein handi batean, «kutsadura oso handia izatea, neurketek islatu dutenez».

EAJren erantzun gogorra

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak aitortu du «arazo batzuk» daudela erraustegia martxan jartzeko prozesuan; «sute bat» ere egon zela gogoratu du, eta, arazo horien ondorioz izaniko kutsadura isuriak direla-eta, erantzuleek beren zigorra jaso behar dutela; baina, hortik aurrera, oso gogor egin du erraustegiaren kutsaduraren inguruan kaleratutako informazio jakin batzuen aurka, batez ere BERRIAk drainatze tutuaz kaleratutako informazioaren aurka: «Egunkari jakin batek eta kazetari jakin batek argazki bat ikusi du, eta Niloko iturriak aurkitu dituela pentsatu du».

Arrizabalagaren arabera, «zirkuitu itxi bat» erabiltzen da «lerroburu efektistak egiteko» erraustegiaren inguruan. Drainatze tutuaren kutsadura errekara isurtzen dela argitaratu izana leporatu dio BERRIAri, baina kazeta honen informazioak tutu hori «estolderian» kokatu baizik ez du egin, zehaztu gabe nora doazen isuri horiek.

GuraSOSeko kide BelaustegikEAJko eta PSE-EEko ordezkariei esan die ez dituztela nekatuko, eta «errespetua» eskatu die, haien hitz gogorrengatik. Arrizabalagak adierazi du «antzezpenean» ari direla, «helburu bakarra» dutelako «hasieratik»: erraustegia ixtea. Alberto Alonso PSEko legebiltzarkideak, berriz, ezbaian jarri du GuraSOSen izaera demokratikoa. «Guraso kezkatuak baino ez gara gure seme-alaben osasuna dela eta. Ez gaituzue geldituko. Konpondu dezagun hau, hitz egin dezagun», erantzun du Belaustegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.