Alestisek lantaldearen %46 kaleratuko du Gasteizen

Aeronautika sektoreko taldeak lantegi bakarra du Euskal Herrian, eta neurriak 87 langileri eragingo dio. Espainiako Estatuak kontrolatzen du enpresaren %24

Alestiseko langile batzuk, taldearen lantegi batean. BERRIA.
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Langile batzordeak zituen aurreikuspenik txarrenak bete dira. Besterik egin zezakeen zuzendaritzak: egun indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa espedientea luzatu, lanaldien murrizketak, erretiro aurreratuak... Baina neurririk «traumatikoena» hartu du: kaleratzeak. Azkenean zenbat izango diren jakinarazi du Alestisek, eta zehaztu du horietatik zenbat kaleratuko dituen Miñaoko parke teknologikoan (Araba) duen lantegitik: 87 behargin, lantaldearen %46. Aeronautika sektoreko enpresa horrek atzo hasi zituen enplegu erregulazioari buruzko bilerak sindikatuekin. Neurriak talde osoari eragingo dio, eta, beraz, zuzendaritzak erabaki du lantegi bakoitzeko langileen ordezkariekin beharrean, «estatu mailako» negoziazioak egitea, ELAk salatu duenez.

Sindikatu abertzaleak azpimarratu du horrek ez duela Miñaoko langileen borondatea errespetatzen, eta «benetako negoziazio ahalmenik gabe» uzten dituela behargin horiek. «Beren lan etorkizunari buruz erabakitzeko duten eskubidea defendatzen du ELAk, beste esparru batzuetatik inposatu gabe». Horrekin batera, nabarmendu du, neurria opor garaian jakinarazi duela enpresak, eta langile guztiak aldi baterako lan erregulazioko egoeran daudenean. Zuzendaritzari «fede txarrez» jokatzea egotzi dio.

Alestisek abuztuaren 25ean jakinarazi zuen enplegu erregulazioa abiatuko zuela, eta horrekin batera kaleratzeak. Sektoreko beste enpresa batzuek ere iragarri dituzte antzeko neurriak; horiek ere lantegiak dituzte Euskal Herrian, baina oraindik ez dute zehaztu zenbat langile kaleratuko dituzten.

Sektoreak bizi duen krisia argudiatu dute denek: aire trafikoa murriztearen ondorioz hegazkin konpainiek eskaera asko atzeratu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, fabrikatzaile nagusiek nabarmen murriztu dutela lana —%45 inguru—, hornidura kate osoari eraginez.

Alestisek azpimarratu duenez, datozen urteetako aurreikuspenetara egokitzea izango du helburu, «konpainiak luzaroan irautea bermatzeko». Taldeak bereziki aeronautikarako dihardu, eta neurri txikiagoan autogintzarako ere bai. Lehen mailako hornitzaile kategoria du: besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat aritzen da.

ELAk ez du bat egiten azalpen horiekin. Gogoratu du aeronautikak sektore estrategiko gisa laguntza publiko ugari jaso dituela, eta salatu du enpresak orain hartzen ari diren neurriekin «epe laburreko ikuspegia erakusten» ari direla. Nabarmendu du langileek eta euren lan baldintzek ez dute egoera sortu, baina haien bizkar utzi nahi direla egungo krisiaren ondorioak. «Neurria ekoizpen arrazoiengatik argudiatzen da, baina,gure ustez, egoera koiunturala da eta ez egiturazkoa, eta gainditu egin daiteke lankideak kalean utzi gabe».

Instituzioen ardura

Alestisen kasua berezia da. Garai gatazkatsu bat pasatu ostean, 2019an, Aciturrik erosi zuen—%76 berea du—, eta Espainiako Estatuak gainerako %24 kontrolatzen du, SEPI erakundearen bidez. Aurreko astean kaleratutako ohar batean, LAB sindikatuak ere gogoratu zuen hori, eta enpresaren erabakietan esku hartzeko eskatu zien Espainiako Gobernuari eta euskal erakundeei.

Alestis 2009an sortu zuten, partzuergo gisa eta Euskal Herriko Alcor taldea akziodun nagusi moduan. 2013an, kaleratzeak izan ziren, Jundizeko lantegia (Araba) itxi eta Miñaora eraman zituzten hango langileak. Handik gutxira, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta Airbus egin zen enpresaren kargu: akziodun nagusia bihurtu zen, harik eta Aciturrik erosi zuen arte, iaz.

Dominoan bezala

Aciturrik ere iragarri ditu kaleratzeak. Guztira, 3.000 langile ditu; horietatik 423 Berantevillan (Araba) eta Miranda Ebron (Espainia). Iragarpen horiei batu behar zaizkie Aernnovak —Berantevillan dago hura ere— uztail amaieran jakinarazitakoa, Bizkaiko ITP Aerorenak eta Lapurdiko Lauak taldearenak —haiek ere ez dute zehaztu zenbat langileri eragingo dien neurriak—. Euskal Herrian, 50 enpresa eta 6.000 behargin inguru ditu sektoreak. Apirilean ohartarazi zutenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean. Airbus da haien guztien bezero nagusietako bat. Europako erraldoiak heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.