Euskaltelen lemaren bila dator berriro Erresuma Batuko Zegona

Euskaltelen akzioen beste %12,5 erosi nahi du funtsak merkatuan, eta Derioko konpainiaren kontrola eskuratu, %29,9 bereganatuta. Kutxabankek akzioen %20 dauzka orain, iaz %1,22 saldu baitzituen

Euskaltelen zuzendaritza. Alberto Garcia Erauzkin presidentea erdian. MIGUEL TOÑA / EFE.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Euskaltelen kontrola lortzeko gerran beste urrats bat egin du Erresuma Batuko Zegona funtsak. CNMV merkatu arautzaileari jakinarazi dio kapitala handituko duela 112 milioi eurorekin, eta inbertsio hori baliatuko duela Derioko konpainiaren akzioen beste %12,5 eskuratzeko. Horrenbestez, funtsak Euskaltelen %29,9 lortuko duela aurreikusi du, eta lehen akziodun izango dela, Kutxabanken aurretik. Bankuak konpainia laranjaren %20 inguru dauka, aurreko urtean %1,22 saldu ondoren. 5,5 milioi euroko irabazia lortu zuen Kutxabankek, baina salmenta horrek erraztu egin ditu atzerriko eskuek Euskaltelen lema hartzeko operazioak.

Zegonaren bigarren saioa da hau Euskaltelen gidaritza hartzeko. EEP erosketa eskaintza publiko bat egiteko asmoa azaldu zuen iaz, baina atzera egin zuen, EPPa egiteko behar zituen 250 milioi euro lortzeko arazoak tarteko. Orain, formula aldatzea erabaki du. Erresuma Batuko inbertsio funtsak kapitala handituko du beste 112 milioi eurorekin, eta, gero, Euskaltelen akzioak erosiko ditu burtsan —7,36 euroren truke aldatu zen akzio bat atzo—. Xedea da konpainia laranjaren beste %12,5 lortzea 139 milioi euroko inbertsioari esker, eta akzioen %29,9 eskuratzea. Horrela, Euskaltelen lehen akziodun bilakatuko litzateke Zegona.

Inbertsio funtsak CNMVri azaldutako planak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da kapitala handitzeko operazioa onartzea; bada, 112 milioi euro horiek lortzeko bidean dagoela ematen du, akordioa egin baitu akziodunekin eta inbertitzaile berriekin. Gainera, beste mailegu batzuk lortu ditu Barclays Bankekin eta Virgin Groupekin akordioak eginda. Itun horiek 33,5 milioi euro arteko kopurua bermatuko liokete Euskaltelen konkistari ekiteko.

«Zegonak asmoa dauka bere eragin handiagoaren bidez Euskaltelen administrazio kontseiluarekin elkarlanean aritzeko negozioa hobetu dadin», esan du inbertsio funtsak, zuzendaritzari igorritako ohar argi batean. Talomon Capital da operazioaren beste adar bat. Euskaltelen akziodun horrekin ere akordioa erdietsi du Zegonak, eta, horri esker, akzioen beste %2,4ren kontrola hartuko du. Zegonaren akziodunen batzarra izango da otsailaren 7an, eta hark onartu beharko du Euskaltelen gehiengoa eskuratzeko planak eskatzen duen inbertsio handia.

Burtsa eta bonusak

Erresuma Batuko inbertsio funts bat da Zegona. 2015. urtean, Asturiasko Telecable kable bidezko telefonia operadorea erosi zuen. Bi urte geroago, 2017. urteko abuztuan, Telecable saldu zion Euskalteli. Eragiketa horri jarraituz, funtsa Euskaltelen sartu zen, jabetzaren %15 eskuratuta. Urtebetez akzioen kopuru hori ez aldatzeko konpromisoa hartu zuen orduan Zegonak. Iazko abuztuan amaitu zen epe hori, eta harrezkero asko espekulatu da funtsak hartuko zuen erabakiari buruz.

Kasurako, Euskaltel utziko zuen aukera aipatu izan da, Zegonako arduradunak kexu agertu baitziren konpainiaren akzioek izan duten beherakadarekin. 2015eko hondarrean 11,72 euroan zegoen akzioa, eta sei euroren ingurura erori da hiru urtean. Zegona ez dago ados Alberto Garcia Erauzkin presidenteak gidatzen duen zuzendaritzaren kudeaketarekin, eta aspaldian abiarazi zuen konpainiaren kontrola eskuratzeko ekinaldia.

Derioko konpainia «herrialde proiektu» baten gisa jaio zen, 1995ean, Eusko Jaurlaritzak babes handia emanda eta hiru kutxek ekarpen handia eginda. 2015ean burtsaratu zuten Euskaltel, eta zuzendaritzak 46,8 milioi euroko bonusa poltsikoratu zuen. Jaurlaritzak dirutza hori ez jasotzeko eskatu zion zuzendaritzari, baina operazioa ez zen gelditu.

Euskaltel olio orban baten moduan zabaltzen ari da Iberiako penintsularen iparraldean. Euskal Herriko merkatu naturaletik atera zen aspaldian, eta aurten konkista berrietara abiatu da, Kataluniara, Kantabriara, Errioxara eta Leonera. Nafarroan ere sartu zen iaz, eta negozioa ondo doala jakinarazi zuen konpainiak aurreko astean.

Azken urteetan, erosketa bidez egin du aurrera merkatu arrotzak ziren horietan, lehenik Galiziako R Cable eta ondoren Asturiasko Telecable erosita. Orain, berriz, Orangeren zuntza erabiltzeko itunari esker, 200.000 etxetara iritsiko da Leonen eta Kantabrian (Espainia), R markarekin. Aurten bertan %4 eta %6 bitarteko merkatu kuota bereganatu nahi du bi merkatu horietan, eta %12ra iritsi nahi du 2022an. Errioxan, berriz, bere markarekin sartuko da konpainia, eta 85.000 etxetara iristeko helburua dauka.

Euskaltelek 28,8 milioi euroren mozkinak izan zituen 2018ko lehen seihilekoan, %36,6 gehiago. Fakturazioak ere gora egin zuen, %25 hain zuzen, eta 349,3 milioi eurora iritsi zen. 2017an, ordea, Telecable erosteko inbertsioak %20 jaitsarazi zituen irabaziak (49,6 milioi).

Urruntzen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.