Motor trukatuen errua garbitzeko epaiketa iritsi zaio Volkswageni

Hasi da ia milioi erdi bezeroren salaketa kolektiboaren epaiketa, Alemaniako justiziaren historiako handiena. Autoen jabeek konpentsazio bat nahi dute 'Dieselgate auziaren' kalteak direla eta

Volkswagen etxeko auto bati distira ateratzen, auto erakusketa batean. CLEMENS BILAN / EFE.
xabier martin
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Dieselgateauzia sortu eta lau urtera, Volkswagen taldea munduko lehena da berriro, Toyotaren salmentak gaindituta; baina iraganeko bekatuak ez ditu garbitu oraindik, eta etxeraino sartu berri zaio motor igorpen kutsagarriak faltsutzeko txip iruzurgileen auziaren mamua. Izan ere, atzo abiatu zen Wolfsburgoko konpainiaren aurka 470.000 bezerok osatu duten salaketa kolektiboaren epaiketa, Alemaniako justiziaren historiako handiena. Asko dira, baina ez hainbeste, kontuan hartzen bada 11 milioi auto trukatu saldu zituela konpainiak mundu zabalean. Volskwagen taldeko motor iruzurgileen jabeek konpentsazio bat nahi dute orain, beren autoen balioari kalte nabarmena egin zaielakoan. VW, Audi, Seat eta Skoda autoen jabeak dira, EA 189 motordunak denak.

Litekeena da hasi berri den prozesu judiziala asko luzatzea —urteak, diote batzuek—, nahiz eta auzitegiaz besteko akordio zabal bati buruzko zurrumurruak ere zabaldu diren. Batera edo bestera, dieselgate-aren mamuak bizi-bizirik jarraitzen du munduko autogintzaren erregearen gazteluan, eta orain arte galdu arazi dizkion 30.000 milioi eurotik gorako zuloa are handiagoa bihur daiteke.

Alemaniako kontsumitzaile elkarteen erakundeak kudeatu du salaketa kolektiboa, eta Europako hainbat herrialdetako bezeroak atxiki dira, baita Euskal Herrikoak ere; irailaren 25a arte 486.992 auto jabe ageri ziren zerrendan, baina azken kopurua zertxobait handiago izango da. Elkarte horrek uste du Volkswagenek «nahita» kalte egin ziela bezeroei gas kutsagarrien neurketak faltsutzeko txipa jarrita motorretan, eta, horregatik, kalte-ordainak eman behar dituela orain. «Volkswagenek iruzurra egin zigun, eta, ondorioz, zigor bat merezi du». Auto konpainiak bestela ikusten du auzia. «Bezeroek ez dute kalterik izan, ibilgailu guztiak erabil daitezkeelako eta seguruak direlako», dio auto ekoizleak.

Jadanik lehen urratsa egin duen prozesuak luze joko duela aurreikusi dute analistek. Volkswagenek berak uste du lau urtetik gorako bide judiziala izango dela, Karlsruheko Justizia Auzitegi Federalera joz gero. Epaiketa galduko balu ere, Volkswagenek ez luke ordainketa zuzenik egin beharko, azken epaiaren osteko bakarkako erreklamazioen bidez lortu beharko bailukete kalte-ordaina bezeroek. Beste kontu bat da Wolfsburgoko konpainiak berak epaitegiez besteko akordio bat adostea salatzaileekin, agian prozesua luzatzea ez duelako gustuko izango, besteak beste, kili-kolo hasi diren autoen merkatuetan ez delako lagungarria epaiketa gogaikarri baten zama. VWek badaki bezeroen ordezkariek autoko 1.000 euro onartzeko prest daudela. 500 milioi euro inguruko ordainketa litzateke hori, industria konpania askorentzat harlauza bat, baina Volkswagenentzat ez hainbeste.

ZER DA 'DIESELGATE AUZIA'?

Volkswagen konpainiak 11 milioi autotan txip ezkutuak jarri zituen diesel motor jakin batean, auto horiek agintarien kutsadura azterketak gainditzeko. AEBetan lehertu zen eskandalua, 2015eko irailean. 2009. urtetik 2015era saldu ziren motor iruzurgileak zituzten autoak. Kontua da txip horiek gai zirela motorrari potentzia kendu eta NOx igorpen gutxiago jaurtitzeko azterketak egitean, eta, gero, errepidean, motorrari zegokien potentzia emateko, baina kutsadura maila baimenduak 40 aldiz gaindituta.

ZER ONDORIO IZAN DITU?

Ondorio sakonak izan ditu, autogintza osoari eraginda, diesel motorraren gainbeherari, eta kutsadura mugei zein haien azterketei. Volkswageni milioika euroko isunak ere ekarri dizkio, baita atxiloketak, kargugabetzeak eta kaleratzeak ere. 16.000 milioi euroko kalte-ordainak adostu zituen AEBetako justiziarekin, 2016an, eta 4.100 milioi euroko isuna pagatu zuen, gainera. Europan, tantaka datoz epaiak, baina isun handiak pagatu ditu, etaoraindik ere ugari pagatu beharko ditu. VWek 30.000 milioitik gora pagatu baititu jada, eta 2015az geroztik, ez du diesel autorik saldu AEBetan.

ZERGATIK EGIN IRUZURRA?

Volkswagenek berak egindako barne ikerketaren arabera, enpresaren ingeniari talde batek ez zuen lortu, garaiz eta aurrekontuaren barruan, AEBek ezarritako NOx partikulen mugak ez gainditzeko gasolio motorra diseinatzea, 2005. urtean. Horren ordez, software bat garatu zuten azterketa teknikoa egitean isuriak faltsutzeko. Ostean, enpresak lortu zuen estandarren barruan ariko zen motorra egitea, baina txip iruzurgilearekin jarraitzea erabaki zuen. Alegia, ez zen akats bat izan, erabaki iruzurgileen kate bat baizik, eta ez zen hautsi AEBetako administrazioak salatu zuen arte.

ETA EUSKAL HERRIAN?

Milaka auto trukatu saldu ziren Euskal Herrian, VW, Audi, Seat eta Skoda markekin, eta bezeroek horiek denak tailerrera eraman behar izan zituzten, motor trukatuen software-a aldatzeko. Ertzaintzarentzat prestatutako ehunka Seat Altea XL entregatu gabe geratu ziren, diesel trukatuak zirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.