Alarma gorria astelehenera arte luzatu dute Araban

Iragarri dute 41 gradu ingurukoak izango direla tenperatura maximoak. Angeluko Udalak hiriko basoak ixtea erabaki du, sute arriskuagatik

Tenperatura 40 gradu ingurura iritsiko da astelehenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Tenperatura oso beroak eta sute arriskua direla medio, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astelehenera arte luzatu du Araban ezarritako alarma gorria. Neurriak Ebro ondoko lurretan eta iragaitze eremuan izango du eragina. Izan ere, eremu haietan tenperatura maximoak 41 gradu ingurukoak izan daitezke bihar. Alerta gorria ezarri da gaurko Nafarroako Erriberan ere.

Alarma gorria, Eusko Jaurlaritzak ezartzen duen arrisku maila gorena, atzo indarrean egon zen Ebro ondoko eskualdean eta iragaitze eremuan —Arabako zati handiena hartzen du—, eguerditik 21:00etara bitarte. Gaur eta bihar ere berdin mantenduko da. Tenperaturei hego haizea batuko zaie, eta, beraz, sute arriskuagatik indarrean den alarma gorria ere astelehenetik astearterako gauerdira arte indarrean egongo da. Atzo, alerta laranja zegoen ezarrita.

Kantauri barnealdean —Gipuzkoako eta Bizkaiko eremu zabalena hartzen du—, tenperaturengatik ezarritako alerta laranja mantenduko da gaur eta bihar, 13:00etatik 21:00etara. Sute arriskuari dagokionez, atzoko abisu horia alerta laranja bihurtuko da gaur eta bihar. Kostaldean ere kolore laranja izango da nagusi astelehenean; gaur, horia. Izan ere, itsasertzean tenperaturak 36 gradu ingurura iristea espero da.

Suteengatik ezarritako abisuekin, zenbait debeku ezarri ditu Segurtasun Sailak. Ezingo da ez surik piztu, ez pirotekniarik jaurti eta ez nekazaritza makinarik erabili ez Araban, ez Kantauri barnealdean.

Erriberan ere, gorria

Nafarroan, AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak abisu gorria ezarri du Erriberan gaur; han tenperaturak 42 gradu ingurura iritsiko direla uste dute. Nafarroa erdigunean, berriz, 41 gradura iritsiko dira, eta Pirinioetan eta Nafarroako isurialde atlantikoan, 38ra. Hiru eremu horietan abisu horia ezarri dute gaurko.

Ipar Euskal Herrian, Angeluko Udalak (Lapurdi) Pignada eta Lazaret basoak ixtea erabaki zuen atzo, sute arriskuagatik. Debekuak hiru egun iraungo du gutxienez. Han tenperatura 42 gradura iritsiko dela esan dute, eta atzotik asteartera bitarte alerta laranja ezarria du Pirinio Atlantikoetako Departamenduak. Hego Euskal Herrian bezala, tenperaturek astelehenean joko dute goia; Baionan, 38 gradu inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.