Zapi gorriek kalean diraute

Espainiako Gobernuak 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ematerik ez duela esan die Lan ministroak Bizkaiko pentsiodunen plataformako kideei. Bilbon manifestazio jendetsua egin dute

Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxe pareko plaza bete zuten atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Zapi gorriek hartu zuten atzo Bilbo erdialdea. Udaletxe pareko plazan bildu zen jendetzak zapi horiek zerura altxatu zituen aldi berean, eta oihuka hasi ziren. Irudia ikusita, batek baino gehiagok alderaketa egingo zuen, baina megafoniatik iritsi ziren hitz horiek: «Sanferminak direla dirudi!». Argazkiak, ordea, gutxi zuen festa girotik. Udaltzaingoaren arabera, 25.000 pertsona batu ziren atzo pentsio duinak eskatzeko, eta zapiak aldarrikapen kutsuarekin astindu zituzten. Asteleheneroko mobilizaziorako zita berezia izan zen, adineko pertsonen nazioarteko eguna izaki «duintasunezko zahartzaroa» eskatzeko baliatu baitzuten eguna pentsiodunek.

Ohiko kontzentrazioa egin beharrean, manifestazioak egin zituzten Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian, eta beste herri batzuetan ere elkartu ziren. Milaka pertsona batzea lortu zuten, eta horrekin oihartzun handia izan zuten; ez erakarri zuten kopuruagatik bakarrik, Bizkaiko Pentsiodunen plataformako ordezkaritza batek Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroarekin batzeko aukera izan zuelako baizik. «Hemengo mobilizazioek duten garrantziaren adierazle da gurekin batu izana», zioen Jon Fano bozeramaileak. Baina batzar horretatik ezer gutxi atera zen, eta pentsiodunek «helburuak lortu arte mobilizatzen» jarraituko dutela aurreratu zuten.

Manifestazioaren amaieran eman zituen bileraren inguruko xehetasunak Fanok: «Gure aldarrikapenak jarri dizkiogu mahai gainean ministroari, eta KPIaren araberako hazkundea soilik bermatu dezakeela esan digu». Adierazpen hori egin, eta plazan bilduta zeuden milaka manifestarik arbuio oihuak egin zituzten, ministroak azaldutakoarekin ados ez zeudela azaltzeko. «Guk gure aldarrikapen bakar bati ez diogu muzin egingo, baina berak esan digu bete ezin duena ez duela aginduko». Eta oihuak berriz errepikatu ziren adierazpen horiek entzun eta gero, esandakoa are gutxiago gustatu zitzaiela agerian utziz. Toledoko Itunean pentsioak KPIaren araberako hazkundea izan dezaten lortutako adostasunak, beraz, ez ditu pentsiodunen animoak baretu.

Alderantziz. Pentsiodunen bozeramaileek mobilizazioa «historikoa» izan zela esan zuten, eta hazten ari dela zioten. Aldarrikapen jakin batzuen azpian kolore eta jatorri askotako jendea batzea lortu baitu mugimenduak. Denak zapi gorriaren babesean. Hori bai, Bizkaiko pentsiodunen plataforma bakoitzak bere pankarta zeraman atzo, eta horrek agerian uzten zuen jatorri aniztasuna. Sestao, Zornotza, Durangaldea, Basauri... Eta pankartak adina oihu eta aldarrikapen ere entzun ziren Bilbon. «Toledoko Itunari ez!», «pentsio duin baten alde», «babes eta segurtasun sozialerako erakunde propioa» edo manifestazio buruan zihoan «Pentsio publiko duinak. 0,25 ez». Pankartak adina aldarrikapen oihu ere entzun ziren manifestazioak iraun zuen ordu eta erdian. Euren haserrea ozen entzun zen atzo Bilboko kaleetan.

«Ez da posible»

Kaletik urrun hitz egin zuen, ordea, Valeriok, pentsiodunekin batzartu ostean. «[Espainiako] Gobernuak ezin du bermatu gutxieneko 1.080 pentsioa». Ez hori bakarrik, gutxieneko 1.200 euroko soldatak ere ezin dituela ziurtatu esan zuen. Izan ere, gutxieneko pentsioak bakarrik ez, gutxieneko soldata «duin» bat ere eskatzen ari dira pentsiodunak kalean. Baina Valeriok beste aldetik jarraitu zuen: «Gustatuko litzaidake, baina gaur-gaurkoz ez da posible». Funtsean, kaleko eskakizunen eta agintarien erantzunen arteko arrakalak bere horretan jarraitu zuela.

Toledoko Ituna defendatzera etorri zen ministroa Bilbora, eta, hura defendatzearekin batera, PPren aurka egiteko baliatu zuen aukera: «Badirudi PP jabetu dela akordioen gaia ezin dela alde bakarrez landu, eta orain Toledoko Itunera bildu da; ikusi dute sozialki ez zela bideragarria, ezta politikoki ere, jendea kalera atera baita». Baina Hego Euskal Herriko atzoko pentsiodunen protestak PSOEren gobernuarentzat ere izan ziren.

Ez eurentzat bakarrik, eskakizun zabalagoak baitituzte. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere egin zizkien kritikak, pentsioak eurek osatu ahal dituztelako. Jaurlaritzaren aldetik, erantzun garbia eman die Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak,igandean BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan: «Euskadin gastu horri aurre egin beharko bagenio, eskumenik gabe eta soilik geure baliabideekin, 2.000 milioi euro inguru kostatu litzaiguke. Zorpetzerik gabe, geure aurrekontua 10.000 milioi dira». Alegia, «finantza publikoen ikuspuntutik» ez dela jasangarria pentsioak Eusko Jaurlaritzak osatzea.

Agintarien erantzunekin eta azalpenekin gustura ez, eta hurrengo asteetan mobilizazioei eutsiko dietela iragarri dute pentsiodunek. Zapi gorriek kaleak hartzen jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.