Anoetako lanen prekaritateaz eta iruzurraz ohartarazi du ELAk

Sindikatuak dio beharginek hamabi orduko lanaldiak egiten dituztela, eta lan itunean baino %60 gutxiago kobratzen dutela. Langileen eta ikusleen segurtasuna arriskuan jarri izana salatu du ELAk

Langileak garabian Anoetako birmoldaketa lanetan, Donostian, joan den irailaren 4an. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Zubien segurtasuna gainean kamioiak jarrita frogatzen den bezala, Anoetako estadioa ikusleekin frogatu zen», ELA sindikatuak salatu duenez. Irailaren 15a zen, larunbata, eta Realak estadio berria inauguratu zuen Bartzelonaren kontra; 1-2 galdu zuen etxeko taldeak. Anoetaren birmoldaketa burutu gabe zegoen oraindik —aurreikuspenen arabera, estadioa 2019ko urrirako egongo da erabat berrituta—, baina Igor San Jose ELAko Eraikuntza eta Lan Publikoen arduradunak atzo azaldu zuenez, inaugurazio partzial hori «kosta ahala kosta egitea zen lehentasuna», bai futbol taldearentzat eta baita lanekin zerikusia daukaten instituzioentzat ere. «Eta hori lortu ahal izateko, denetarik onartu zuten: eskandaluzko lanaldiak eta lan erritmoak, etengabe haustea prebentzioaren eta lan segurtasunaren arloko baldintzak, lanaren akaberak ezegonkor samarrak izatea, eta irekiera lizentziak aurrez prestatzea».

Hamabi orriko txosten bat aurkeztu du ELAk, salatzeko Anoetako estadioaren birmoldaketa «prekaritatearen eta iruzurraren bizkar» egiten ari direla, eta helburua bakarra dela: Realak «ahalik eta gutxien pagatzea», nahiz eta, ondorioz, arriskuan jarri langileen segurtasuna eta baita ikusleena ere, ELAren iritziz, baldintza prekarioetan egin baitzen irailaren 15eko inaugurazio partziala.

Edonola ere, ELAk nabarmendu du arazoaren sorburua ez dagoela irailaren 15ean, baizik eta dezente lehenago. «Kontua hasi zen Anoetako Kiroldegiak 50 milioi euroko aurrekontua egin zuenean estadioa birmoldatzeko». Zenbateko hori «guztiz irrealtzat eta susmagarritzat» jo du. Kalkuluak egin ditu sindikatuak, eta «benetako kostua» 70 milioi eurotik gora kokatu du.

ELAren iritziz, «aurrez prestatutako lizitazio bat izan da, eta kudeatzaile politikoen xede bakarra Realak ahalik eta gutxien ordaintzea izan da, edozeren truke». Bi kalte nagusiak zehaztu ditu sindikatuak txostenean: langileen baldintzak eta diru kutxa publikoari egindako iruzurra.

ELAk auzitara eta lan ikuskaritzara jo du langileen lan baldintzak «prekarioak eta iruzurrezkoak» direla argudiatuta, eta ez dutelako betetzen eraikuntzako Gipuzkoako lan hitzarmena. Hamazazpi azpikontrataren kontra eta Anoeta Zelaia ABEE aldi baterako enpresa elkartearen kontra jarri ditu salaketak, eta batzuei zigorrak jarri dizkiete.

4,5 milioi euroko zorra

Txostenaren arabera, Anoetako birmoldaketako langileek hamar eta hamabi ordu bitarteko lanaldiak dauzkate, eta Gipuzkoako lan hitzarmenean jasotakoa baino %60 gutxiago kobratzen dute: 5-8 euro orduko, batez beste. Gainera, ez daukate eskubiderik aparteko ordainsaririk jasotzeko, oporrak hartzeko eta kalte ordainak jasotzeko, adibidez. ELAren arabera, enpresek 4,5 milioi euroko zorra pilatu dute langileekin, soldaten eta kotizazioen harira.

Horrez gain, ELAk Lan Ikuskaritzari jakinarazi dio 130 langiletik gora osasun azterketen eta laneko arrisku eta prebentzio ikastaroen agiri faltsuekin dabiltzala, nahiz eta agiriok derrigorrak izan eraikuntzan lan egiteko.

Sindikatuak berarekin biltzeko eskatuko die Donostiako alkate Eneko Goiari eta udaleko alderdi politikoei, txostenaren edukia helarazteko eta neurriak hartzeko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.