Haurren aurkako abusuen zigorgabetasuna murrizteko legea abiatu du Madrilek

Umeak eta nerabeak babesteko lege proiektua Espainiako Kongresura bidaliko du gobernuak. Preskripzio epeen hasiera atzeratuko du, eta delitu berriak jaso

Haurren eta nerabeen eskubideak zerrendatu dituzte legean, nazioarteko hitzarmenek ezarritakoaren ildotik. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Umeentzako babes hesiak jartzea» izango du helburu haurrak eta nerabeak babesteko lege berriak. Espainiako Gorteetarako bidea abiatu zuen atzo lege egitasmoak, Ministroen Kontseiluaren oniritzia jaso eta gero, eta Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen ministroaren barkamen eskearekin: «Berandu dator». Izan ere, haurtzaroan sexu abusuak jasandakoen eta haiekin lan egiten duten eragileen urteetako eskaera bati erantzungo die arauak: erasotzaileen zigorgabetasuna murriztea, delitu larrien preskripzio epearen hasiera atzeratuz.

Adingabeen aurkako abusuen inguruko kezka da legearen abiapuntua, testuak berak onartzen duenez, «dimentsio handia» hartu baitu auziak: «Gutxi gorabehera sexu abusuen erdiek dituzte haurrak biktimatzat». Halako delituen preskripzioa kentzea eskatua zuten biktima elkarte askok, baina legea erdibidean geratuko da: egun, biktimek 18 urte betetzen dituztenean abiatzen da preskripzio epea, baina arau berriarekin, biktimek 30 urte betetzean hasiko da; delitu motaren arabera, hamabost urtera artekoa izan daiteke epe hori.

Hala ere, zabalagoa da lege proiektua. Haurren eta nerabeen eskubideak zerrendatu ditu, nazioarteko hitzarmenek ezarritako irizpideetara egokituta, eta adingabeek jasan ditzaketen bortizkeria moldeak ere definitu ditu: «Indarkeriatzat jotzen dugu edozein kalte edo abusu fisiko, mental edo moral, edonola gauzatzen dela, baita informazio eta komunikazio teknologien bidez ere». Bortxari «ikuspegi integraletik» aurre egin nahi dio gobernuak, eta lehentasun gisa jarri du prebentzio neurriak hartzea, hala nola «adingabeen sozializazio eta hezkuntza egokiak sustatzea, baita familien zein gizartearen sentsibilizazioa eta trebakuntza ere». Ildo horretan, nabarmendu dute administrazioek «bereziki adi» egon behar dutela bi eremutan: sendiak eta eskola.

Hona hemen lege proiektuan ageri diren berrikuntza nagusiak:

ESKOLA JAZARPENA

Ikastetxeetan zein kanpoan gerta daitezkeen jazarpen edo indarkeria egoerei aurre egiteko hainbat neurri ezarriko ditu legeak: zentro guztiek eduki beharko dute alorreko protokolo bat eta bizikidetza plan bat, eta trebakuntza eman beharko diete langileei; halaber, ikastetxe guztiek izendatu beharko dute «ongizate eta babeserako koordinatzaile» bat. Antzeko figura bat sortu nahi dute kirol eremuan ere. Ildo horretan, haurren aurkako delitu sexualengatik zigortutakoek ezingo dute umeekin lan egin.

JAKINARAZTEA EGINBEHAR

Legea onartzean, «derrigorrezkoa» izango da adingabeen aurkako delitu zantzuak edota arrisku egoerak jakinaraztea, hau da, herritarrak behartuta egongo dira administrazioei halakoen berri ematera. Eginbehar hori «sendoagoa» izango da eskoletako eta osasungintzako beharginentzat, langile publikoentzat eta segurtasun indarrentzat; obligazio hori berdin aplikatuko da urraketak Interneten antzematen direnean.

DELITU BERRIAK

Espainiako Zigor Kodean jasotako delituez gain —jadanik tipifikatuta daude abusua, arduragabekeriazko tratua, ezkontza behartuak edo neskatoen mutilazio genitala—, Internet bidezko delitu berriak ezarriko ditu legeak, tartean adingabeak beren burua zauritzera edo hiltzera bultzatzea; horrelako edukiak saretik kentzeko edo webguneen jarduna eteteko ahamena izango dute epaileek. Era berean, gorroto delituetan adina jasoko dute diskriminazio kausatzat, bai adingabeei zein adinekoei lotuta.

UMEEN LEKUKOTZAK

Auzibideetan, delitu larriak jasan edo ikusi dituzten haurrek behin baino ez dute deklarazioa eman beharko, instrukzio prozesuan zehar: orduko lekukotza froga gisa hartu ahal izango da epaiketan, eta hala, adingabeak «birbiktimizatzea» eragotziko dute. Senide hurbilen kontra ez deklaratzeko eskubidea dute haurrek, baina eztabaida horren inguruko irizpideak argitu nahi ditu legeak: adingabearen legezko ordezkariek erabakiko dute, eta interes gatazkarik bada, fiskalak; edonola ere, iritzia adierazteko eta entzunak izateko eskubidea izango dute adingabeek. Prozedura horiek kudeatzeko, justiziaren alorreko langileak trebatzea eta espezializatzea sustatuko dute; segurtasun indarretan ere unitate bereziak eratu nahi dituzte.

ARRETA «INTEGRALA»

Indarkeria jasandako adingabeei arreta zabalagoa bideratuko diete administrazioek: «babes, laguntza, harrera eta oneratze» neurriak abiatu beharko dituzte. Adingabeentzako zentroei dagokienez, bertan bizi diren gaztetxoen sexu esplotazioa saihesteko planak egin beharko dituzte; gainera, fiskaltzen gain jarriko dute egoitza horiek bisitatzeko eta protokoloak ikuskatzeko ardura.

POBREZIA

Gizarte eragileen azken urteetako kezka iturri izan da haurren pobrezia, baina lege testuak zeharka erreparatu dio gaiari. Familietako prebentzio lanaren alorrean aipatu dute «baldintza material egokiak» eman behar zaizkiela sendiei, «pobreziari eta bazterketari aurrea hartzeko», eta kontziliazioa sustatu behar dela, umeak hazteak dakartzan ardurak egoki gauzatzeko. Etxegabetze kasuetan, umeak dituzten familiei beste bizitoki bat eskaini beharko diete administrazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.