Gotzaindegiaren etxe batetik kaleratzear diren gizona, epaiaren zain

61 urteko pentsiodun bat da, eta esklerosi anizkoitza du. Etxegabetzea berretsi edo bertan behera utzi erabakiko dute epaileek

Gizona, atzo, epaitegi aurreko elkarretaratzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Bilbo
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
61 urteko gizon baten etxegabetzeari buruzko auzi saioa izan zen atzo Bilboko Justizia jauregian. Gotzaindegiaren jabegoko etxebizitza batean bizi da, eta pentsioduna da; esklerosi anizkoitza du, eta %45eko elbarritasuna. Bilboko Maizterren Sindikatuak elkarretaratzea antolatu zuen epaitegiaren aurrean, hari babesa adierazteko. Taldeko kide da gizona bera ere. Alba Garcia eta Iñigo Ruesgas bozeramaileek adierazi zutenez, litekeena da etxegabetzea «berrestea» eta gizonari etxea uzteko epea irailerako ezartzea.

Etxea Begoña auzoan dago. Alokairua gizonaren gurasoen izenean egon zen haiek hil ziren arte. Orduan arrebari esleitu zioten, mortis causa, kontratua amaitu bitartean. Emakumea, ordea, handik gutxira hil zen. Hamar urte igaro dira ordutik. Ruesgasek azaldu du gizonak negoziatzeko asmoa izan duela beti: «Saiatu izan da kontratua haren izenean jartzen, baina gotzaindegiak ukatu egin dio». Hala ere, hilabetero errenta ordaintzeko dirua eskatzen ziotela gehitu du: «Gotzaindegiak dirua errefusatu eta etxegabetzea abiarazi arte».

Gotzaindegiak gizarte zerbitzuen logela bat eskaini zion, erabiltzaile modura. Garciak nabarmendu du gizonak ez duela gura: «Bere diru sarreren araberako alokairu soziala besterik ez du nahi». Abenduan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak gotzaintzaren jabetzako hamalau etxe erosi zituen eraikin berean, alokairu sozialerako. Ruesgasek «jukutria» salatu du: «Alokairu sozialak bideratu nahi dituzte, non-eta behar hori duen norbait kaleratu nahi duten eraikinean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.