Bihar hasiko da EAko primarioei buruzko epaiketa, Gasteizen

Datu basearen erabileran «gardentasun falta» dagoela argudiatuta, sektore kritikoak helegitea aurkeztu zuen epaitegian. Ildo ofizialak dio «legea bete» dutela. Saioak hilaren 17an amaituko dira

Joan den uztailean, EAk ezohiko batzar bat egin zuen primarioen auzia onbideratzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Epaitegietan amaitu du, azkenean, EAko primarioei eta afiliatuen datu baseari buruzko auziak. Joan den ekainean eman zuen dimisioa ordura arteko idazkari nagusi Pello Urizarrek, eta, geroztik, hilabeteak eman ditu alderdiak primarioen prozesuan katramilatuta —lehen aldia da alderdiak modu horretan hautatzen duena idazkari nagusia—. Sektore kritikoak hasieratik eskatu zuen afiliatuen datu basea herrialdeetako ordezkari guztien esku jartzea, baina, datuak babesteko legea dela eta, ildo ofizialak azaldu zuen «legez kanpokoa» zela hori. Ordutik, ibilbide korapilatsua izan dute alderdi barruan, eta ildo kritikoak hainbat helegite jarri ditu alderdiko berme batzordean. Orain, «beste aukerarik ezean», epaitegira heldu da auzia, eta, bihar hasi eta hilaren 17ra arte, hainbat lekukok beren testigantza emango dute, kasua argitzeko asmoz. Hiru saio izango ditu epaiketak: lehena bihar, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegian. Datorren astean, berriz, 16an eta 17an joan beharko dute epaitegira lekukoek.

Auziaren azalean, afiliatuen datuen erabilera dago. Sektore kritikoak dio eguneratu gabe dagoela datu basea, eta, lurraldeetako koordinatzaileek datuak eskatu arren,zuzendaritzak ez dituela haien eskura utzi, alderdiaren «kontrola» ez galtzeko. Hala baieztatu duIratxe Lopez de Aberasturik, EAko Arabako Lurralde Batzordeko koordinatzaile eta sektore kritikoko kideak. Bestelakoa da ildo ofizialaren bertsioa, Iker Ruiz de Egino EAko Nazio Batzorde Eragileko bozeramaile eta ildo ofizialeko kidearen arabera: «Datuak babesteko lege berriaren harira, hainbat aditurekin jarri ginen harremanetan, eta esan ziguten araudi berri horretara egokitu behar genuela. Gure afiliatuek ez dizkigute datuak ematen: utzi egiten dizkigute. Beraz, erabaki genuen antolamendu mailaren arabera datu batzuetara bakarrik edukitzea sarbidea».

Lopez de Aberasturik, ordea, azpimarratu du estatutuetan jasota dagoela lurraldeko koordinatzaileek eskubidea dutela datu horiek baliatzeko: «Guk ez dugu inolako trikimailurik egin: estatutuak eta EAko araudia errespetatuz egin dugu dena». Ruiz de Eginok, berriz, ohartarazi du estatutuak lege berria baino lehenagokoak direla, eta hurrengo kongresuan egin behar zutela aldaketa hori, eta kritikoei egotzi die datuentzako sarbidea eskatzea bai, baina datuok zertarako nahi dituzten ez argitzea. Hari horri tiraka, datuen gaineko eztabaida horrek zerikusia izan du iaz izandako primarioen prozesuan.

Primarioetako hautagaiak

Eztabaida bizi-bizi zela, Joseba Gezuragak alderdiko idazkari nagusiaren kargua hartu zuen uztailean behin-behinean, primarioak ahalik eta lasterrena egiteko xedearekin, nahiz eta alderdiko berme batzordeak esku artean zuen kritiken helegitea.

Edonola ere, aurrera segitzea erabaki zuten bi aldeek, eta hiru hautagai aurkeztu ziren prozesura pasa den urrian: Eva Blanco, Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia. Bai Ramirezen eta bai Zendoiaren hautagaitzak, ordea, baliorik gabe utzi zituen EAko hauteskunde antolaketa batzordeak, baldintzak ez zituztela betetzen argudiatuta. Batzorde horren arabera, Ramirezek ez zuen bete herrialde bakoitzeko gutxienez bost abal lortzeko baldintza, eta, gainera, aurkeztutako 400 abaletatik 21 irregularrak ziren. Hortaz, hauteskunderik gabe Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, joan den urriaren 29an.

Sektore kritikoak, ordea, protesta egin zuen, eta «jauntxokeriaz» aritzea egotzi zion hauteskunde batzordeari. Gainera, helegitea jarri zuen berme batzordean. Bestela diote ildo ofizialekoek. «Primarioen ostean, Ebak ez zuen bere burua aurkeztu; hirugarren batek proposatu zuen, eta onartu egin zuen. Egun berean, Maiorgari aukera eman zitzaion aurkezteko, eta ez zen aurkeztu», azaldu du Ruiz de Eginok. Orain, Blancoren izendapena behin-behinean bertan behera utzita dago, epaiketan zer gertatuko zain.

EH Bildun zer toki hartu

Auziaren funtsa, baina, EAk EH Bildu barruan izan behar duen kokalekuaren ingurukoa da. 2017ko kongresuan azaleratu zen EAko bi ildoen arteko desadostasuna. Kongresu hartan, Pello Urizar nagusitu zitzaion Ramirezi, hamalau botoren aldearekin.

Ordutik, agerikoa da desadostasuna: «Ildo ofizialak nahi du EA EH Bildun hustea eta Aralarren bideari jarraitzea. Guk EA indartsu bat nahi dugu, diskurtso propioa izango duena», azaldu du Lopez de Aberasturik. Ruiz de Eginoren ustez, berriz, «gero eta adostasun handiagoa» du proiektuak: «Gero eta normalizatuagoa dago EH Bildun dugun tokia».

Bi aldeek nahi dute epaiketa amaitzea eta egoera onbideratzea. Izan ere, bistan daude Eusko Legebiltzarreko bozak, eta EA «indartsu» bat nahi dute guztiek. Bozak «lehentasuna» direla dio Ruiz de Eginok, eta Lopez de Aberasturik, epaiketaren ostean hauteskundeei begira jarriko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.