Itxaropena amaitzen Navalen

Naval ixtearen aurkako manifestazioan 2.000 pertsonatik gora bildu dira Barakaldon. Langile batzordeak ontziolako zuzendariaren dimisioa eskatu du, eta mobilizazioei eutsiko die

Barakaldoko kaleak jendez bete ziren atzo, Navaleko langileei elkartasuna adierazteko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Gauzak doazen bezala, susmoa dut inbertitzailea agertzen denerako 170 langileak kalean egongo garela». Barakaldon zegoen atzo Carmelo Miguel Bengoetxea Navaleko langilea, bekokia ilun eta hitzetan ere itxaropen gutxirekin. Ontziolaren geroari buruz galdetuta, ez du inbertitzailerik espero langileek kaleratze agindua jaso baino lehen, eta are gutxiago erakunde publikoen erreskate bat. Langileek beste kolpe bat hartu dute aste honetan, Van Oord armadoreak Vox Alexia dragaontzia Sestaon (Bizkai) ez amaitzeko erabakia jakinarazi ondoren. Eta, horregatik, ulergarria ere bada Bengoetxeak zuen etsipena.

Hala ere, Bengoetxea Naval ixtearen aurkako manifestazioan zegoen atzo iluntzean. «Borrokatzen ez bagara, akabo hau guztia; Van Oordek ontzia hemen ez amaitzeko erabakia espero nuen, bai noski, baina nahi ez nuena albistea iristea zen». Navaleko beharginak hitzetara eramandako etsipen hori, ordea, Barakaldoko kaleetan ere sumatu zen. Hitzetan ez, baina bai jarreran. 2.000 pertsonatik gora bildu ziren ontziolaren etorkizunaren alde, baina manifestazio hotza izan zen. Navalen itxieraren aurkako oihuak behin eta berriro errepikatu ziren, baina oihu horiek barneratutako itxieraren oihartzuna zuten.

Manifestazio amaieran langile batzordeko kideek irakurri zuten idatzian, hala ere, segurtasun handiagoa erakutsi zuten, eta Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari «ontziola erosteko» eskatu zioten. Azken finean, horiek jo baitituzte Navalen egungo egoeraren erantzuletzat, eta horregatik eskatu zieten ontziola publiko egiteko. Manifestazioan, «Naval publikoa!» oihuak etengabekoak izan ziren, baina baita «Lehendakari, joan zu Cadizera!» eta halakoak ere.

Izan ere, une honetan langileek ez daukate argi zein izango den euren etorkizuna. «Nik oraindik ez dut kaleratze gutunik jaso, eta, iristen zaidanean, Navantiako langile izateko aukera eskainiko didate», zioen Bengoetxeak. Baina hortik ez daki Cadizera (Espainia) edo Ferrolera (Galizia) joango ote den. «Ez da zilegi; 37 urte daramatzat bertan lanean, eta ni bezala jende asko dago bere bizia hemen egituratu duena; orain lekuz aldatzeak ez du zentzurik, gurasoak gure kargura ditugulako, esaterako. Zer egin behar dugu, familia guztia lekuz aldatu?». Horregatik, Navali irtenbidea ahalik eta azkarren topatzeko eskatu zion.

Dimisio eskaera

Iluntzeko manifestazioaren aurretik, goizean langileek batzarra egin zuten Van Oord armadorearen erabakia aztertzeko, eta manifestazioa egin zuten ontziola parean. «Naval ez itxi!» zioen furgoneta bat pneumatikoz bete, su emanda giroa berotu, eta Jose Angel Escribese ontziolako zuzendari nagusiaren dimisioa eskatu zuten. Escribesek hiru edo lau inbertitzailerekin lanean ari direla azaldu du aste honetan, baina inbertsioak sei edo hamabi hilabete barru egingo dituztela aurreikusiz. Hori beste hitz batzuekin azaldu zuenzuen Juanjo Llorden langile batzordeko idazkari nagusiak: «Beste modu batera esanda, ontziola itxita eta langileak kaleratuta daudenean iritsiko litzateke inbertitzailea». Bengoetxeak manifestazioan zehar zuen susmoa azaleratu zuen langile batzordeak ere. «Noiz arte jasan behar ditugu Escribeseren adierazpen horiek? Inork alde egin behar badu, berak alde egin beharko luke. Bi urtez egon da zuzendaritzan, eta ezer gutxi egin du, itxaropen faltsuak sortu ditu; Del Dago inbertitzailea heldu zela esan zuen, baina azkenean ez zen agertu ere egin».

Escribeseren dimisioa eta ontziola publiko bihurtzea, horiek dira langileek mahai gainean nahi dituzten aukerak. Hori bultzatzeko, mobilizazioak indartuko dituzte. Asteazkenean, kontzentrazioa egingo dute Iberdrola dorrearen parean, eta, abenduaren 1ean, manifestazio «handi» batera deitu dute Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.