Frantziako Tourra

Korapiloa askatu du

Bilbaok garaipen handia eman dio euskal ziklismoari Tourrean, Frailek irabazi eta bost urtera. Ikusgarri aritu da ihesean, eta bosgarren jarri da nagusian

Korapiloa askatu du.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ezin izan zuen irabazi, baina Pello Bilbaok (Bahrain) ez zuen Tourra esku hutsik bukatu nahi, eta besoak altxatu zituen atzo Issoiren, lasterketako hamargarren etapan. Onenei buruz buru irabaztea ezinezkoa denez, ihesari eman zitzaion gernikarra. Sena eta indarra uztartu zituen, eta errematerako duen gaitasuna erakutsi zuen bukaeran. Aurrez bi etapa zituen irabaziak Giroan, eta, atzo, aurrenekoz gailendu zen Tourrean. Euskal Herriko irteera handiaren ondoren, Bilbaoren garaipen handia iritsi da. Bost urte ziren Tourrean euskal txirrindulari bat nagusitzen ez zela, Omar Frailek Menden irabazi zuenetik. Ehun etaparen ondoren, korapiloa askatu du Bilbaok.

Barruan korapilatutako emozioak askatzeko ere balio izan zion garaipenak. Etapa bukatu berritan, Suitzako Itzulian erorialdi baten ondorioz hil zen Gino Maeder taldekidea gogora ekarri zuen: «Hamahiru urte neramatzan sari honen zain, eta oso berezia da orain lortzea. Gogo handia nuen Ginori garaipena eskaintzeko».

Bost mendateko etapa izan zen, gogorra eta bizia, eta bukaera zirraragarria izan zuen. Krists Neilands (Israel) bakarrik igaro zen azken mendatetik, baina bost iheskide zituen atzetik; horien artean zen Bilbao. Ondo konpondu ziren haiek erreleboka, eta helmugarako hiru kilometroren faltan harrapatu zuten Neilands. Sei txirrindulari, eta sari bakarra. Bilbaok bikain erantzun zien aurkariek aurretiaz egin zituzten erasoei, eta, gero, nagusitasun osoz gailendu zen esprintean, Georg Zimmermann (Intermarche) eta Ben O'Connorren (Ag2r) aurretik. Etapa biribila izan zen Bilbaorentzat: sei postu igo zituen sailkapen nagusian, eta bosgarren jarri zen. 4.34ra du orain Tourreko liderra, Jonas Vingegaard (Jumbo).

Txirrindulariak indarberrituta ziren, bezperan atseden hartu ondoren. Erasorako gogoa zegoen tropelean, eta, lehen kilometroak maldatsuak izanik, hasiera guztiz kaotikoa izan zuen etapak: ihesaldia osatzeko zalaparta faboritoen arteko lehiarekin nahastu zen. Aurrera egin zuten Vingegaardek eta Tadej Pogacarrek, eta lozorroan harrapatu zituzten, besteak beste, Jai Hindley (Bora) eta Carlos Rodriguez (Ineos). Haien taldekideek hortzak estutu behar izan zituzten etena ixteko.

Su hori itzali egin zen, baina anabasak bere horretan segitu zuen. Hainbestekoa izan zen erritmoa, ezen makalaldia izan zuten David Gauduk (Groupama) eta Romain Bardetek (DSM), sailkapeneko zortzigarrenak eta hamargarrenak. Tropela nabarmen argaldu zen, ziklista asko gelditu baitziren atzean. Aurretik, baina, ez zebilen inor. Halako abiaduran, oso zaila zen ihes egitea.

Azkenean, zazpi txirrindulari nabarmendu ziren, 40 kilometroko lehia biziaren ondoren. Horien artean zegoen Bilbao. Beste zazpi lagun izan zituzten atzetik segika, eta denek bat egin zuten jazarpen luze baten ondoren. Sona handiko ziklistak elkartu ziren: O'Connor, Esteban Chaves (Education), Julian Alaphilippe (Soudal), Mattias Skjelmose (Lidl)...

Neilandsen apustu ausarta

Izenez gutxiago da Neilands; indarrez, ordea, aurkarien gainetik zegoen atzo. Letoniarra bakarrik abiatu zen Chapelle-Marcoussen, etapako mendate erabakigarrian. Hark erasoa jo, eta iheskideei begiratu zien Bilbaok. Ez zen erantzunik izan. Tontorretik helmugara 28 kilometro zeuden, eta Neilandsek minutu erdiko tartea ireki zuen. Ordea, maldan behera hurbildu egin zitzaizkion Bilbao, O'Connor, Chaves, Zimmermann eta Antonio Pedrero (Movistar), eta harrapatu egin zuten ordekan. O'Connor eta Zimmermann ezusteko erasoa egiten saiatu ziren, baina itzala bezala itsatsi zitzaien Bilbao. Esprintean, ez zuen aurkaririk izan. Faboritoak 2.53ra iritsi ziren, denak elkarrekin.Gaur 180 kilometroko etapa leuna jokatuko da Clermont-Ferrand eta Moulins artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.