Frantziako Tourra

Gibeletik bururaino

Ewan izan da azkarrena Tourreko lehen esprint garbian, atzetik aurrera bikain eginda. Alaphilippek lidergoari eutsi dio lehen amaiera malkartsuaren aurretik

Lotto Soudaleko Caleb Ewan, atzo, Tourrean lortutako garaipena ospatzen. BENOIT TESSIER / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Denetariko aho zaporeak izan ditu Caleb Ewanek (Lotto Soudal) Frantziako Tourreko lehen hiru etapetan. Aurrenekoak zapore mikatza utzi zion, erori egin baitzen. Bigarrenean, berriz, izerdi tanten gazia dastatu zuen, bezperako kolpeen ondorioz lanak izan baitzituen helmugara iristeko; azkena iritsi zen. Bada, garaipen eztia ahogozatu zuen atzo, lasterketako lehen abiadura esprint garbian gailenduta. Atze-atzetik bururaino pasatu zen egun batetik bestera, eta garaipena ere gisa berean lortu zuen. Agudo abiatu ziren esprinter gehienak, baina australiarrak babesean jarraitu zuen,harik eta bukaeran ziztu batean atera eta aurkariak sigi-saga aurreratu zituen arte. Haren atzetik, Sam Bennett (Deceuninck) eta Giacomo Nizzolo (NTT) helmugaratu ziren.

Mendate handirik gabeko etapa zen atzokoa, baina bazuen gogortasuna: hirugarren mailako hiru igoera eta laugarren mailako bat. Azken zatia laua izan arren, ziklistek 3.000 metroko desnibela gainditu behar zuten. Hots, ibilbide aproposa zen ihesaldi jendetsu eta indartsu batek bidea egin zezan. Alabaina, Tourraren lehen astean halakorik ikustea ia mirari baten parekoa da egun. Zalapartarik gabe, tropelaren oniritziarekin, aurrez adostuta bezala egin zuten aurrera Anthony Perezek (Cofidis), Benoit Cosnefroyk (Ag2r) eta Jerome Cousinek (Total Direct). Minutu bakarrean eratu zen ihesaldia.

Tropelak kate motzean lotu zuen lasterketa buruko hirukotea. Deceuninck, Julian Alaphilippe liderraren taldea aritu zen kontrol lanean, eta aldea bi minutu inguruan mantendu zuen. Hala, etapa garaipenari baino gehiago, mendiko sailkapenari erreparatu zioten iheslariek. Lehen bi mendateetan Perez izan zen nagusi, Cosnefroy mendiko liderraren aurretik. Cofidisekoak mendiko maillota berea zuen lortutako puntuekin; baina erori egin zen hurrengo igoeraren ostean, eta lasterketa utzi behar izan zuen, lepauztaia hautsita.

Cousin izan zen helmugara iristeko fedea izan zuen bakarra. Buruan bakarrik gelditu zen Pilon eta Fayeko igoerak gainditu ondoren, eta lau minututik gorako aldea lortu zuen. Frantziarrak Sisteronen lortu zuen bere ibilbideko garaipenik handiena, 2018ko Paris-Nizan, eta helmuga berean are balentria handiagoa egin nahi izan zuen atzo. Atzean, ordea, Deceuninckeko Tim Declercq eta Remy Cavagna izan zituen segika, motor handiko bi txirrindulari. Hala, hamasei kilometroren faltan bukatu zen Cousinen ahalegina, ihesean 182 egin eta gero.

Etapak beste itxura bat hartu zuen orduan. Esprinterren taldeak amaiera prestatzen hasi ziren, eta ohiko lehia izan zen ahalik eta kokapenik onena lortzeko. Azken kilometroa zabala eta zuzen-zuzena zen, aukerakoa ziklistarik azkarrenak buruz buru lehia zitezen. Peter Sagan (Bora) izan zen sua pizten lehena, baina aldez aurretik itzali zitzaion. Behar baino lehenago abiatu zen. Geroago saiatu zen Bennett, bizi, eta tartea zabaldu zuen. Haatik, hark ere haize gehiegi jan zuen. Ewanek, aldiz, azkenera arte itxaron zuen, bukaeran aurkariak abilezia eta abiada handiz aurreratzeko. Australiarrak laugarren garaipena du Tourrean.Hiru lortu zituen iaz, eta langa hori gainditzen saiatuko da aurten. Lehen urratsa egin du jada.

Van Vleuten, Movistarrera

Alaphilippek inongo arazorik gabe eutsi zion maillot horiari. Bestelako ahalegina egin beharko du gaur, lehen mailako Orcieres-Merletten (7,1km eta %6,7ko pendiza) bukatuko baita etapa. Ez da alde handiak sortzeko moduko igoera, baina hautagai nagusiak nola dauden ikusteko balioko du. Aurrez, hirugarren mailako hiru mendate eta laugarren mailako bat igo beharko dituzte.

Bestalde, Movistarrek Annemiek van Vleuten munduko txapelduna fitxatu duela iragarri zuen atzo. Herbeheretarrak datozen bi denboraldietarako sinatu du, azken bost urteak Mitcheltonen egituran eman ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.