Frantziako Tourra

Han goian Paris ikusten da

Pogacar hondoratu egin da mendiko etapa nagusian, eta Vingegaardek azken kolpea eman du. Garaipena Gallentzat izan da, ihesean. Bilbaok hirugarren egin du, eta seigarren dago

Han goian Paris ikusten da.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ezbehar handirik ezean, Jonas Vingegaardek (Jumbo) irabaziko du aurtengo Frantziako Tourra. Argi eta ozen mintzatu zen herenegun erlojuaren aurka, eta atzo, guztiz erabakita gelditu zen danimarkarraren eta Tadej Pogacarren (UAE) arteko lehia. Lozen, bata oker eta bestea zuzen: Tour honetako mendaterik garaienera igo ziren atzo, eta hondoratu egin zen Pogacar, Vingegaardek horiz jantzita beste erakustaldi bat egin zuen bitartean. Bidean motor bat topatu zuen, zale artean katigatuta, eta iheslariek ihes egin zioten. Tontorrera iritsita, baina, begiz jo zuen Paris, eta Courcheveleko helmugan ia sei minutu atera zizkion Pogacarri; sailkapenean 7.35era du orain.

Etapa Felix Gallek (Ag2r) irabazi zuen, ihesaldian Simon Yatesekin (Jayco) buruz buru lehiatu eta gero. Pello Bilbao (Bahrain) ere alde eginda ibili zen, baina ezin izan zuen ihesaldiko bi onenen gurpilean iraun. Halere, etapari etekin handia atera zion gernikarrak: hirugarren izan zen, Vingegaard beraren aurretik, eta seigarren jarri zen sailkapen nagusian. Mendiko beste etapa bat jokatuko da larunbatean, eta Bilbaok Tourra are postu hobean bukatzeko aukera dauka oraindik. Izan ere, minutu bat baino gutxiagora ditu Simon Yates (Jayco) eta Carlos Rodriguez (Ineos), sailkapeneko bosgarrena eta laugarrena. Zailagoa izango da Adam Yatesi (UAE) hirugarren postua kentzea: 2.05 ateratzen dio.

Gaizki hasten dena gaizki bukatu ohi da, eta Pogacarrek okerreko hankarekin ekin zion etapari: erori egin zen Saisiesen, eguneko lehen mendatean. Igotzen hasi eta berehala jo zuen asfaltoaren kontra, beste txirrindulari baten gurpila ukitu ondoren. Itxuraz, aparteko arazorik gabe itzuli zen bizikleta gainera.

Faboritoen multzoa apurtu egin zen Saisiesen, eta hasiera batean, atzean gelditu ziren Bilbao, Rodriguez eta Jai Hindley (Bora). Egoerak baretzera egin zuen tropelean, eta Cormet de Roselenden 34 txirrindularik egin zuten alde. Bilbao izan zen horietako bat, eta bidaide izan zituen Gall, Simon Yates eta David Gaudu (Groupama), sailkapen nagusiko hautagaiak haiek ere. Giulio Cicconeri (Lidl) ez zion trenak ihes egin, eta puntuak biltzen aritu zen mendiko lidergoari eusteko. Halaber, Vingegaardek eta Pogacarrek bi taldekide sartu zituzten aurrean: batak Tiesj Benoot eta Wilco Kelderman (Jumbo), eta besteak Marc Soler eta Rafal Majka (UAE).

Ihesaldia tropel bat zen bere horretan, eta aurrean zeuden faboritoek jende ona zuten lanerako. Haatik, kontrol zorrotza ezarri zuen Jumbok, eta aldeak nekez egin zuen gora. Doi-doi gainditu zuen hiru minuturen langa, Lozera bidean zirenean. Murritzegia zirudien, 28 kilometroko igoera ia amaiezina baitzuten aurretik.

Bat-batean, leherketa

Tarte luze batez Omar Frailek eta Jonathan Castroviejok (Ineos) gidatu zuten tropela, baina nekez hurbildu zitzaizkien aurrekoei. UAEk ez zuen erritmoa gogortzeko imintziorik egin. Aurpegi zurbila zuen Pogacarrek. Eta, halako batean, aurkariei jarraitu ezinik gelditu zen. 7,6 kilometro gelditzen ziren oraindik tontorrerako, eta segundoak azkar galdu zituen hortik aurrera.

Ihesaldia ere berehala lehertu zen: aurrera egin zuten Yatesek, Gallek eta Majkak, eta Bilbaok ezin izan zien jarraitu. Gallek eraso bortitza egin zuen, eta hortik aurrera, lehia estua eduki zuen Yatesekin. Gailurrean 23 segundo zeuden bien artean. Geroago iritsi zen Vingegaard. Erakustaldiaren bila irten zen mendateko azken bost kilometroetan, baina ezin izan zituen Gall eta Yates harrapatu. Une batez, trabatuta gelditu zen motor, auto eta zale artean, eta hanka lurrera bota zuen.

Bilbao liderraren gurpilean iritsi zen tontorrera, eta hamalau segundo atera zizkion Courcheveleko helmugako malda pikoan. Ordurako, etapa irabazia zuen Gallek. Maldan behera ohi baino hobeto moldatu zen, eta Yatesi 34 segundo atera zizkion azkenean. Bilbao 1.38ra iritsi zen, 1.52ra Vingegaard, eta 7.37ra Pogacar. Gaur, atseden hartzeko eta hausnartzeko eguna izango dute faboritoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.