Frantziako Tourra

Bata arin, bestea hegan

Vingegaardek, erlojua txikitu, eta 1.38 atera dio Pogacarri 22 kilometroetan . Bilbaok laugarren egin du, eta Adam Yates hirugarren jarri da nagusian

Bata arin, bestea hegan.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bi astez mendietan parez pare aritu dira Jonas Vingegaard (Jumbo) eta Tadej Pogacar (UAE), baina danimarkarrak karta bat zuen gordean: erlojupekoa. Sailkapenean hamar segundo baino ez zeuden bien artean; bada, atzo, maillot horidunak 1.38 atera zion Tourra irabazteko beste hautagai handiari. Aspaldian erlojuaren aurka ikusi den erakustaldirik handiena izan zen, alde hori 22 kilometro eskasean lortu baitzuen Vingegaardek. Pogacar ez zen makal aritu, ezta gutxiagorik ere: minutu bat baino gehiago atera zion Wout van Aerti (Jumbo), ordura arteko ziklistarik azkarrenari. Arin joatea ez zen aski, ordea. Vingegaardek hegan egin zuen, eta kolpe handia eman: Pogacar 1.48ra du orain sailkapenean. Esloveniarrak miraria beharko du gelditzen diren mendiko etapetan iraultza egiteko.

Erlojupekoak beste ondorio aipagarri bat ere izan zuen sailkapeneko onenen artean: Adam Yatesek (UAE) hirugarren postua kendu zion Carlos Rodriguezi (Ineos). Bost segundo baino ez daude orain podiuma osatzeko bi hautagai nagusien artean. Pello Bilbaok (Bahrain) nahiko urrun du borroka hori, baina saio handia osatu zuen atzo. Hainbeste, ezen Vingegaard eta Pogacar kenduta denborarik onena egin zuen faboritoa izan baitzen: laugarren izan zen, 2.55era. Zazpigarren postuari eutsi zion nagusian, eta hurbilago ditu orain seigarrena, Sepp Kuss (Jumbo) eta bosgarrena, Jai Hindley (Bora). Jonathan Castroviejok (Ineos) ere lan txukuna egin zuen: 11. sailkatu zen, 3.36ra.

Saio motz eta gorabeheratsua izan zuten Passy eta Coumbloux artean. Hasieran koska txiki bat zegoen, eta amaieran, Domacyko igoera —2,5 kilometro eta %9,4ko pendiza—. Tontorrera iritsita, azken hiru kilometroak ere maldan gora egin beharrekoak ziren. Ibilbide nekagarria zen, eta lehen 40 txirrindulariak ez ziren gai izan 37 minututik jaisteko. Mads Pedersen (Lidl) izan zen muga hori apurtzen lehena. Alabaina, azkarrenaren aulkian esertzeko astirik ere ez zuen eduki, berehala helmugaratu baitzen Remi Cavagna (Soudal), 35.42ko denbora eginda. Frantziarra iaioa da erlojuaren aurka, eta haren markak, Pedersenenak ez bezala, luzaroan iraun zuen indarrean.

Txirrindulari batzuk lasai ibili ziren, datozen egunetarako indarra gorde nahirik, eta beste batzuek erreferentziak hartu zituzten taldeburuentzat. Tarte luze batez, Mikkel Bjerg (UAE) izan zen igoeraren aurretik bizikleta aldatu zuen bakarra. Beste guztiek bizikleta adardunarekin egin zuten maldan gora. Stefan Kueng (Groupama) izan zen aldatzeko apustua egin zuen hurrengoa. Espezialista suitzarra ziztuan iritsi zen lehen mugarrira, baina behera egin zuen hortik aurrera, eta 52 segundo galdu zituen helmugan.

Alferreko ahalegina

Indarrak bukaerarako gorde zituen Wout van Aertek (Jumbo). Cavagnaren atzetik izan zen lehen bi mugarrietan, baina estutu egin zuen azken txanpan, eta 15 segundo hobetu frantziarraren denbora. Van Aertena marka onenetan hirugarrena izan zen azkenean. Ezin izan zion eutsi Tourreko bi ziklistarik indartsuenen joari.

Pogacarrek denborarik onena ezarri zuen mugarri guztietan, baita helmugan ere, baina alferrik izan zen. Azken aldaparen aurretik bizikletaz aldatzeak ere ezer gutxirako balio izan zion. Izan ere, Vingegaard beste dimentsio batean egon zen, tximistak hartuta balego bezala. Zazpi kilometroan hamasei segundo atera zion Pogacarri; hamasei kilometroan, 31; eta Domancy gainean 1.05eko aldea zuen jada. Danimarkarrak bizikleta astunarekin egin zuen igoera, aldaketarekin denborarik ez galtzeko. Edozein erabaki hartuta ere, berdin irabaziko zuen, makilatxo magikoak ukituta baitzegoen atzo.

Tour honetako mendiko etapa nagusia jokatuko dute gaur, Saint-Gervais eta Courchevel artean. 165 kilometroan 5.100 metro pilatuko dituzte maldan gora, lau igoerarekin: Saisies, Roselend, Longefoy eta Loze. Azken hori aurtengo Tourreko mendaterik garaiena da, 28 kilometro ditu, eta azken bost kilometroetan pendiza %9tik gorakoa da. Han lehertuko da faboritoen arteko borroka, lehenago Pogacar lasterketa hankaz gora jartzen saiatzen ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.