Errusiako Munduko Kopa

Finala izan zitekeen...

Frantziak eta Argentinak final-zortzirenetako partidarik erakargarriena jokatuko dute. Bi selekzioek alboratu egin nahi dituzte lehen fasean utzitako zalantzak

Eskuinean Didier Deschamps baionarra bere jokalariek azken entrenamenduan egindako ariketa bat ikuskatzen. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Indartsu hasiko dira Munduko Kopako final-zortzirenak, itxura batean kanporaketa erakargarriena denarekin: Frantziak eta Argentinak jokatuko dutena. Bi aurkariak kontuan hartuta, txapelketako finala izan zitekeen. Europako txapeldunordea, Ameriketako txapeldunordearen kontra. Munduko txapeldun izatearen ikur diren hiru izar paparrean bien artean. Galtzailea aurreikuspenak ez bete izanaren sentsazioarekin joango da etxera. Aurrera egitea lortzen duenarentzat, berriz, bultzada izango da. Bientzat txapelketa berri bat hasiko da gaur. Gustukoena, gainera. Izan ere, kale edo baleko lehietan moldatzen dira ondoen. Hor erakusten dute beren benetako maila.

Argentinak albo batera utzi nahi ditu lehen faseko sufrimendua eta erakutsitako joko eskasa. Nigeriaren aurka ez zuen joko onik egin, baina taldeak ohikoa duen izaera lehiakorra erakutsi zuen. Horrenbestez, orain arte hautzaile denetik egin ez duen zerbait egin dezake gaur Sampaolik: hamaikakoa errepikatzea. Beste aukera hegalak indartzea litzateke, jokoari sakontasun gehiago emanez. Kasu horretan, Pavonek Higuainen lekua hartuko luke, eta Messi geratuko litzateke bakarrik aurrean, baina hegaletara mugitzeko askatasunarekin. Baikor da Federico Fazio atzelaria: «Guretzat, lehen finala asteartekoa izan zen, eta hura irabazteak konfiantza eman digu».

Frantziak ez du Argentinak adina sufritu lehen fasean, baina haren jokoa espero baino kaskarragoa izan da: motela eta aspergarria une batzuetan. Taldeari sendotasuna eman nahi dio Deschampsek. Zelai erdian duen nagusitasun fisikoa baliatzeko asmoz. Pogbarekin eta Kanterekin hartu nahi du mendean Argentina. Aurrean, berriz, Mbappe eta Griezmann ariko dira. Dembele, berriz, aulkian utziko du.

Didier Deschamps hautatzaileak Messik egindako lana goraipatu du, eta garrantzia kendu dio bere jokalarien gaztetasunari: «Haiek eskarmentu handiagoa dute. Baina horrek ez du ezer esan nahi. Nor baino nor gehiago lehiatzera aterako gara, irabazteko asmoarekin».

FRANTZIA-ARGENTINA

Frantzia. Lloris; Pavard, Varane Umtiti, lucas Hernandez; Kante, Pogba; Mbappe, Griezmann, Matuidi; eta Giroud..

Argentina. Armani; Mercado, Otalmendi, Rojo, Tagliafico; Mascherano, Enzo Perez, Banga, Di Maria; Messi eta Higuain.

Epailea. Alireza Faghani (Iran).

Lekua. Kazan Arena (45.379 ikusle).

Ordua.16:00etan (Cuatro eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.