Ibaiganeko ateak dituzte zain

Gaur egingo dituzte Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak. Alberto Uribe-Etxebarria ekonomialaria eta Aitor Elizegi sukaldari eta enpresaria dira bi hautagaiak

Ibaigane jauregiko ateak, irekita. Goizeko bederatzietan zabalduko dituzte gaur bertan bazkideek bozkatzeko mahaiak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Athleticeko bazkide konpromisarioak bozkatzera deituta daude gaurko. Datozen lau urteetan klubaren arduradun nagusia nor izango den erabakiko dute. Bi dira hautagaiak: Alberto Uribe-Etxebarria ekonomialaria batetik (Bilbo, 1959), eta Aitor Elizegi sukaldaria eta enpresaria bestetik (Bilbo, 1966). Aldaketa bai edo ez. Azken finean, hori bozkatuko dute bazkideek, Uribe-Etxebarriarena jarraitutasunaren hautagaitza baita —Josu Urrutiaren zuzendaritzako kide izan da azkeneko zazpi urteetan—, eta Elizegirena, aldaketarena. Goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara bozkatuko dute, Ibaigane jauregian, eta gauerdi aldera jakingo da nor izan den irabazlea.

Gailentzen denak Urrutia ordezkatuko du. Hura buru duen zuzendaritzak gidatu du klubaren bidea azken zazpi urte pasatxoan. Athleticeko jokalari izandakoak irabazi zituen klubean egin ziren azken lehendakaritzarako hauteskundeak. 2011ko uztailaren 7an izan zen, eta Urrutia Fernando Garcia Makuari nagusitu zitzaion, 2007tik 2011ra klubeko presidente izandakoari. Ordutik egon da Ibaiganen. Bi agintaldi egin ditu. Izan ere, 2014ko abenduan lehendakaritzarako hauteskundeetara deitu zuen hurrengo urteko martxorako, baina, Urrutia bakarrik aurkeztu zenez, karguan jarraitu zuen beste lau urtez. Baina Urrutiak ez du nahi izan hirugarren agintaldi bat hasi. Joan den azaroaren 7an jakinarazi zuen ez zela berriz ere aurkeztuko. Egun horretan bertan iragarri zuen, halaber, abenduaren 27an egingo zirela hauteskundeak.

Urrutiak bere erabakiaren berri ematea eta izen dantza hastea, biak bat izan ziren. Azkenean, bi hautagai aurkeztu dira, eta halakoetan sarri gertatu ohi den moduan, batek jarraitutasuna ordezkatuko du, eta besteak, aldaketa.

Uribe-Etxebarriarena da jarraitutasunaren hautagaitza. Kontularia izan da Urrutiaren agintaldian. Aditua da horretan, Deloitte kontu ikuskaritza enpresan ardura postuak izan baititu urte askoan. Athleticeko zuzendaritzako kide izandako beste hamar lagun daude bere hautagaitzan. Azaldu duenez, pilatutako «esperientzia» eta «lanerako gaitasuna» dira euren alde egiteko arrazoiak. Urrutiaren itzalean egindako lana nabarmendu duen arren, saiatu da harengandik distantzia hartzen. «Ni ez naiz Josu Urrutia. Jarraitutasunaren hautagaitza garela diote, eta bai, bagara, baina bakarrik bermeagatik —aurreko zuzendaritzako kidea izanik, ez du 19,3 milioi euroko bermea aurkeztu beharrik— eta ardura ekonomikoagatik. Abantaila handia da hori».

Elizegik ez du izan halako abantailarik. Horregatik, zalantza egin du aurkeztu edo ez. Baina, azkenean, aurrerapausoa eman du. Elizegi «pozik» azaldu da horregatik bakarrik. «Edozein bazkidek hautagai izan ahal duela erakutsi dugu». Horren harira, salatu egin du 19,3 milioi euroko bermea jarri behar izan duela eta bere aurkariak ez. «Bitxia da, baina Athleticeko ia bazkide guztiok diru hori behar genuen, eta bakar batzuek ez». Urrutiaren kudeaketari egin dion kritika nagusia, hala ere, informazio falta izan da. Uribe-Etxebarriak ez bezala, bi izen proposatu ditu irabaziz gero klubean lanean hasteko: Rafa Alkorta eta Andoni Aiartza jokalari ohiak. Lehena, kirol zuzendaria litzateke, eta, bigarrena, idazkari teknikoa.

Kirol egoerak baldintzatuta

Bestelakoan, zehaztasun gutxi eman dituzte batek zein besteak kanpainan. Hauteskundeak denboraldiaren erdian egiteak ere ez du aldaketa asko egiteko aukerarik ematen, are gutxiago taldearen kirol egoeraren larritasuna kontuan hartuta. Horren harira, biek eman diote babesa Gaizka Garitanori. Ados daude, era berean, filosofiari eustearekin, etete klausularik gabeko kontratuekin jarraitzearekin, San Mameseko giroa hobetzearekin, entrenatzaileek eskatuz gero jokalariak fitxatzearekin, emakumezkoen taldea sendotzearekin...

Uribe-Etxebarriak 3.972 berme lortu zituen, eta Elizegik, mila gutxiago, 2.942. Aurreko hauteskundeetan, berme gehien lortu izan duenak irabazi du gero. Baina gaur 43.000 bazkidek daukate bozkatzeko eskubidea. Edozer gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.