Garesti dago sailkatzea

Reala eta Osasuna nor baino nor gehiago ariko dira gaur Kopan. «Jokatzeko moduan» dago Willian Jose. Avila gabe, baina Gallegorekin ariko dira nafarrak

Realeko Mikel Merino eta Osasunako Darko Brasanac lehian, Sadarren jokatutako ligako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz Eñaut Agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bi talde, eta bakarrak egingo du aurrera. Realak eta Osasunak elkarren aurka jokatuko dute gaur Espainiako Kopako final-zortzirenetan, Donostian. Garaipena beste xederik ez dutela ekingo diote kanporaketari, gisa horretara soilik lortuko baitute aurrera egitea. Zenbat eta urrunago iritsi txapelketan, orduan eta handiagoa da taldeen jirako ilusioa, eta nabari da hori. Giro ona espero da Anoetan, baina ez realzaleen aldetik soilik, Osasunak 1.000 zale ingururen babesa izango baitu.

Bi taldeen prestatzaileek ere bere egin dute aurrera egiteko grina, eta garesti saldu nahi dute sailkatzeko aukera. Hartara, jokalari onentsuenekin aritzeko asmoa adierazi dute. Aldarte bertsuan iritsiko dira derbira, gainera, asteburuko partidak irabazita. Realak aise azpiratu zuen Mallorca igandean, eta horri eutsi nahi dio Osasunaren aurka. Imanol Alguacil entrenatzaileak argi du nolako balioa izango lukeen talde gorritxoa menderatzeak: «Oso partida garrantzitsua da, bai niretzat prestatzaile gisa, baita jokalarientzat ere. Zer esanik ez klubarentzat».

Orioko prestatzaileak sasoi onean dauden jokalari guztiak sartu ditu joka dezaketenen zakuan, baita Willian Jose ere. Imanolen iritziz, «jokatzeko moduan» dago brasildarra, eta ez du baztertu haren parte hartzea: «Nola entrenatzen ari den aztertuz gero, prest dago. Oso-oso ondo ari da lanean. Ez izan zalantzarik haren beharra izanez gero ariko dela. Geratzen baldin bada, etekina eta errendimendua atera behar diogu». Imanolek gaur erabakiko du brasildarra deialdian sartu ala ez.

Diego Llorente, berriz, ez da zelaian izango. Atzelariak zuntz haustura du, eta harmailetatik ikusi beharko du kanporaketa; baita Miguel Angel Moyak ere.Nacho Monreal eta Aritz Elustondo, berriz, jokatzeko moduan daude, beren arazo fisikoak gainditu ostean.

Imanolek argi du ez dela partida erraza izango, eta gustura agertu da Anoetan jokatzearekin: «Etxean kostatzen ari zaigula esaten den arren, jokalari guztiei gustatzen zaie etxean aritzea, eta zer esanik ez gure zaleen babesa izanda». Txuri-urdinen entrenatzaileak, gainera, Osasuna «goseti bat» espero du gaur iluntzerako: «Ez izan zalantzarik: Osasunaren asmoa kanporaketa gainditzea da. Aurkari zaila da, eta amaierara arte lehiatuko da. Asko jokatu beharko dugu aurrera egin eta sailkatzeko», esan zuen Imanolek atzo.

Heldulekurik gabe ariko da

Osasunak, berriz, denboraldiaren fase berri bat abiatuko du gaur. Taldeko jokalaririk erabakigarrienak, Chimy Avilak, lesio larria izan zuen Levanteren aurka; beraz, aurrerantzean hura gabe moldatu beharko da Jagoba Arrasateren taldea. Handia da hutsunea, argentinarra helduleku moduko bat baitzen gorritxoentzat: erortzekotan zirenean, hari oratzen zioten. Horren erakusgarri dira Kopan orain arte jokatu dituzten bi norgehiagokak. Kinka larrian zirela irten zen Avila Haroren eta Recreativoren aurkako neurketetan, eta hark gidatuta iraun zuten nafarrek bizirik. Gaur, ordea, hura gabe atera beharko dituzte babak eltzetik, aurrekoak baino askoz ere aurkari zailago baten aurka.

Osasunak ez du betarik galdu, eta jada badu argentinarraren ordezkoa: Enric Gallego. Getafetik utzita ekarri du aurrelari beteranoa, eta derrigor erosi beharko du mailari eusten badio, gutxienez 2,5 milioi euro ordainduta. Akordioa atzo egin zen ofizial, eta gaur bertan egin dezake debuta Gallegok. Bederen, deialdian sartu du Arrasatek, atzoko entrenamenduan «gainontzeko taldekideek bezala» lan egin ondoren. Aurrelariaren estiloa xehatu zuen teknikari gorritxoak. «Fisikoki sendoa izateaz gain, badaki baloia jasotzeko atzera egiten, taldekideekin ondo moldatzen eta espazioetan nagusitzen».

Arrasateren esanetan, Osasunak «partida ona jokatzea eta kanporaketa gainditzea» izango du helburu gaur. «Balentriak egin behar ditugu Kopan urruti iristeko, eta derbi hau erronka ikaragarria izango da», gaineratu zuen. Alde horretatik, taldeak bere «bertsiorik onena» eman beharko duela deritzo. Aurkariaren ahala deuseztatzen saiatuko dira, betiere beren ildoaz ahaztu gabe. «Buru-belarri aritu gara Realaren indarguneei aurre egiteko modua aurkitu nahian; baina, era berean, min egin nahi diogu kanporaketa gainditzeko aukerak izateko». Nafarrak ernai zelairatzen saiatuko dira, txuri-urdinen aurka ligan egin ez bezala: 0-3ko emaitzarekin joan ziren aldageletara. Edonola, suspertu egin ziren gero, eta partida berdintzeko zorian egon. Egokia litzateke gaur adore bera erakustea.

Jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak deitu ditu Arrasatek; hau da, Ruben Martinez, Oier, Lato, Merida eta Avila ez beste guztiak. Hamaikakoa, aurreko kanporaketetan bezala, ordezkoen eta ohikoenen arteko nahasketa izango da.

REALA-OSASUNA

Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Merino, Gebara, Odegaard; Portu, Oiartzabal, eta Isak.

Osasuna. Juan Perez; Nacho Vidal, Unai Garcia, Roncaglia, Estupiñan; Rober Ibañez, Moncayola, Iñigo Perez, Ruben Garcia; Cardona eta Villar.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua . Anoeta (39.500 ikusle) .

Ordua. 21:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.