Arrauna. Kontxako Bandera

Usteak ustel erdirik ere ez

Kontxako Banderarako sailkatu dira Eusko Label ligako lehen sei sailkatuak eta San Pedro, bederatzigarrena. Urdaibai izan da azkarrena, eta Ondarroa kanpoan geratu da 2,66 segundogatik. Bideoa, albistearen amaieran.

Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Koloreak adina sentimendu eta bizipen bistaratu zituen atzo ere Donostiako portuko arranplak, Kontxarako sailkatze estropadaren egunean. Egin behar zutena egin izanaren lasaitasunaz zeuden Urdaibaiko urdinak, Orioko horiak, Zierbenako marroiak eta Hondarribiako berdeak. Faboritoenak ziren talde horiek. Sailkatu izanaren pozarekin eta, aldi berean, aurreikuspenak bete izanaren lasaitasunarekin zeuden Caboko gorriak. Erabateko poza disimulatu ezinda zeuden San Pedroko moreak, hautagai izan arren ziurtzat ez zelako jotzen sartuko zirenik. Poza eta sustoa uztartuz azaldu ziren, berriz, Santurtziko moreak, estutasun gutxiagorekin sailkatzea espero zutelako.

Horra atzoko estropadak zorionaren marraren alde batera bidali zituenak, estropadako sailkapenaren hurrenkeran. Tristura hezurretaraino sartutakoen aldean, Ondarroa geratu zen, batez ere. Zortzigarren leku krudela harentzat izan zen, eta bi segundogatik tokatu zitzaien gorri hauei zurbil igotzea arranplan gora, trainerua gainean zeramatela. Garaipenetik hamabost segundora geratu, eta Kontxarako sailkatu ez.

Aurpegiak barruko pena erakusten zion Iñaki Errastiri, Ondarroaren entrenatzaile eta arraunlariari: «Arraunlariengatik daukat sekulako pena. Ilusioa zeukaten sailkatzeko, baina ezin izan dugu nahia bete». Bi segundo hutsaren hurrengo dira arraunean, kontu txiki bat, huskeria ñimiño bat: «Gauza batzuk ez ditugu ondo egin, eta barrurantz olatu batzuk hartuz aldea murriztu dugun arren, kanpoan geratu gara, beste talde batzuek gu baino hobetoxeago egin dituztelako gauzak». Aurrera begiratu behar orain, eta egindakoarekin pozik, gainera: «Sekulako urtea egin dugu, eta gaurkoak ezin du itsustu hori dena. Nola, bada!».

Errastik goranzko bidea hartu zuenerako, isilduak ziren «Libia, Libia!» oihuak, San Pedroko zaleek sutsuki oihukatu zizkietenak arraunlariei. Duela hiru urte izan zen azkenekoz Kontxako Banderan San Pedro, eta askotan geratu izan da kanpoan zortzigarren eginda. Mikel Arostegi arraunlari eta entrenatzaileak azaldu zuen: «Estropada ona egin dugu. Trainerua hasieratik joan da aske eta arin. Bagenekien hortxe-hortxe izango ginela, hari mehe batean, eta, azkenean, barruan sartzea lortu dugu». Garaipenaz gozatzen ari zen, eta, hankak airean zituela oraindik, etzikoaz hauxe atera zitzaion: «Gozatzera aterako gara, baina, guztiaren gainetik, ondo lehiatzera».

Antzeko asmoak plazaratu zituen Santurtziko Mikel Portularrume arraunlariak, justu-justu sailkatu izanari buelta ematen ari zela oraindik: «Ez dugu ondo egin arraunean. Esperientzia gutxiko arraunlariak ere baditugu, eta antzeman egin dugu. Gainera, uste dut erreferentziak jasotzeko gailua izorratu egin zaigula, eta besteen denborak jakin gabe ibili gara, itsu-itsuan bezala. Barruan gara, behintzat, eta gaitz erdi». 1995ean lortu zuen azkenekoz Sotera traineru mitikoak Kontxarako sailkatzea.

Zalea ohituago dago Urdaibai, Orio eta Hondarribia ikusten Donostiako badian, eta baita bertako arraunlari eta patroiak ere. Zierbenak ere aurtengoa hirugarren aldia izango du erreskadan estropada preziatuan.

Indartsuenak, 'lasai'

Faboritoentzat bete beharreko lana izaten da sailkatze estropada, eta oso adierazgarriak izan ziren, esate baterako, Joseba Amunarrizen hitzak: «Tentsioa falta izan zaigu lan hobea egiteko. Lasaiegi atera ez ote garen...». Eneko Bilbao Urdaibaiko patroiak ere onartu zuen ez zutela lan txukunik egin: «Kanpoan, Puntetatik aurrera, txarra zegoen, ura asko mugitzen zen, eta errepunpa asko jaso dugu. Egin dugu egin beharrekoa, eta orain, igandekoa prestatu behar dugu ondo». Jon Albisu Orioko arraunlariak onartu zuen estropadaren azkeneko zatia gehiegi estutu gabe egin zutela: «Erritmoa lasaitu dugu, bai baikenekien barruan ginela. Bestela, estropada oso ona egin dugu, eta konfiantza emango digu iganderako».

[youtube]https://youtu.be/difwToFPXW8[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.