Burua altxatzeko garaia

Alavesek irabazi beharreko partida bat du gaur Mendizorrotzan, Cadizen aurka. Berriz ere kale eginez gero, Abelardo ataka zailean geldituko litzateke

Ximo Navarro, Betiseko Juan Mirandarekin lehian, joan den astelehenean. JULIO MUÑOZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Begirada galduak eta ezintasun aurpegiak sumatu zitzaizkien Alaveseko jokalariei Betisen kontrako partidaren ondoren. Emaitzak baino gehiago, galtzeko moduak egin zien min. Izan ere, alferrik galdu zuten bi goleko errenta: esku-eskura zituzten hiru puntuak 0-2koarekin, baina amildu egin ziren azken ordu erdian, eta hiru gol sartu zizkien. Dinamika oso ezkorrean dago taldea, eta Benito Villamarineko kolpeak are gehiago zabaldu du lehendik ere haragi bizian zegoen zauria. Abelardo Fernandez iritsi zenetik, 24 puntutik lau besterik ez ditu lortu, eta 2021ean emaitzarik txarrenak lortu dituen taldea da. Bada, aukera ona izango du gaur joera aldatu eta burua altxatzen hasteko, etxean, Cadizen kontra.

Zirt edo zart egin behar du Alavesek. Garaipenak besterik ez dio balio. Bestela, putzuan are gehiago hondoratzeko arriskua izango luke, eta kolokan egongo litzateke Abelardoren etorkizuna. Teknikaria jakitun dago gaurko neurketak zer balio duen: «Dena eman behar dugu; ez zaigu besterik gelditzen, asko baitugu jokoan». Hala ere, egoerari pisua kendu nahi izan dio: «Oso partida garrantzitsua da taldearentzat. Funtsezkoa da dinamikaz aldatzea, baina egoera ez da guztiz kritikoa: bi puntura dugu salbazioa, eta ez dira soilik hiru partida gelditzen».

Amaierako deskalabrua alde batera utzita, arabarrek partida txukuna osatu zuten Betisen zelaian. Erasoan argi-printzak igorri zituzten aspaldiko partez, joko zorrotz, bizi eta eraginkorraren bidez. Horregatik, zelaiko jardunak baino gehiago, alderdi mentalak kezkatzen du Abelardo: «Jokalarien buruan sartu nahi dut, 90 minutuz arretari eta konfiantzari euts diezaioten. Mentalizazioa behar dute». Lanketa psikologiko hori egiteko parada izan zuen atzo, taldeak eginiko ezohiko kontzentrazioan.

Rodrigo Ely min hartuta dago oraindik, eta Ximo Navarro ere ez da ariko gaur, txartel pilaketa dela-eta. Martinek jokatuko du haren ordez defentsako eskuin hegalean. Zelai-erdian, berriz, litekeena da Pina hamaikakora itzultzea, Manu Garciaren edo Battagliaren ordez. Ikusmin handiena, dena den, Lucas Perezen egoerak pizten du. Taldeko jokalaririk onena da teknikoki, eta fisikoki ez du arazorik, baina, halere, hamaikakoan finkatu ezinik dabil. Areago, Betisen kontra ez zuen minutu bakar bat ere jokatu. Haren beharra du taldeak, baina baliteke Abelardok gaur ere aulkian uztea, eta Joseluren ondoan Edgar Mendez ipintzea.

Cadizek 28 puntu ditu, Alavesek baino sei gehiago, eta jarraipena eman nahi dio Eibarren aurka lorturiko garaipen lasaigarriari. Ordura arte, zortzi neurketa zeramatzan irabazi gabe; hain justu, Alavesen aurka lortu zuen azkena, 18. jardunaldian. Oso partida makala jokatu zuten arabarrek (3-1), eta orduan egin zuen Pablo Machinenak, taldea 16. postuan zela.

ALAVES-CADIZ
Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Lejeune, Duarte; Manu Garcia, Pina, Edgar, Luis Rioja; Joselu eta Lucas Perez.
Cadiz. Ledesma; Fali, Cala, Marcos Mauro, Espino; Jose Mari, Jonsson, Salvi, Alex Fernandez; Sobrino eta Negredo.
Epailea. Diaz de Mera.
Lekua. Mendizorrotza..
Ordua. 14:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.