Talde ausarta nahi du

Natalia Arroyo Realeko teknikari berriak nabarmendu du taldea gaztea dela eta hobetzeko tarte handia duela. Jokalari gehienek bertan segituko dutela uste du

Natalia Arroyo, larunbatean Anoetan egindako aurkezpenean, Realaren bufandarekin. REALA.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

«Erasokorra, hutsak egin arren ezkutatzen ez dena, baliabide askokoa, garaitzen zaila eta, batez ere, irabazlea». Natalia Arroyok halakoxea izatea nahi du Reala datorren denboraldian. Txuri-urdinen entrenatzaile berriak agerraldia egin zuen atzo, eta bertan xehatu zituen bere asmoak. «Ez zaizkit gustatzen zalantza egiten duten taldeak, baizik eta ausartak, baloia dutenean zer eta noiz egin behar duten argi dutenak. Defentsan, berriz, oldarkorrak eta serioak izatea nahi izaten dut. Hutsa beti egongo da nire bide orrian. Jokalariek ez diote horri beldurrik izan behar, hutsetatik abiatzen baita hobekuntza».

Roberto Olabe Futbol zuzendariaren eskaintza jaso zuenean, «poza eta harridura» sentitu zituen. «Ezin nuen sinetsi. Esan zidan egokia nintzela taldearen ardura hartzeko, eta, hori eguneroko lanarekin berretsi beharko dudan arren, uste dut bat gatozela oinarrizko gauzetan. Pasioz bizi dugu kirol hau; funtsezkoa iruditzen zaigu entrenatzaileak jokalariei transmititzea... Erronka erakargarria eta egokia iruditu zitzaidan, Bartzelonan nuen bizimodu egonkorra alde batera utzi eta hona etortzeko. Irrikaz nago lanean hasteko, eta larunbatean nuen ilusio berarekin jarraitzen dut» .

Berak egin nahi duen jokoa egiteko zutarriak dituela uste du. «Talde gaztea da, etorkizun handikoa, hazteko eta hobetzeko aukera asko dituena. Jokalari gehienak adin egokienean daude, bai orain eta bai luze gabe beren onena emateko, eta hori funtsezkoa da. Oraindik ere beren onenera ez direla iritsi sentitzea nahi dut».

Taldeko gehienek jarraitu egingo dutelakoan dago. «Iritsi berria naiz. Jokalari bakoitzarekin hitz egin nahi dut, zer eman dezaketen jakin, zer eskatu nahi diedan azaldu, eta zer eman diezaiekedan kontatu. Hortik aurrera hasiko gara erabakiak hartzen. Datorren sasoiko taldea osatzeko lehen urratsak egiten ari gara. Baina beste taldeetan aldaketa asko izaten ari diren honetan, uste dut hemen ez dela hala izango. Egonkortasuna nahi dugu. Aldaketa txiki batzuekin hazten segitzea da helburua, sailkapenaren goialdean beste urrats bat egiteko. Onenen artean egotea da erronka, eta inguruan ilusio hori ikusten dut».

Nahikariren inguruan ere argi mintzatu zen teknikaria. Aurrelariak joateko asmoa duela zabaldu da azken egunetan, eta Real Madrilen eskaintza duela. «Harekin hitz egiteko aukera izan dut, eta zoriondu egin ninduen hona etortzeagatik. Beste urtebeterako kontratua du, eta esan diot gure nahia bertan segitzea dela. Berak hazten segitu nahi du, eta klubak eskaintzen diona hor dago. Normala da eskaintzak izatea. Baina hemen jarraitu nahi badu, jarraitu egingo du».

Geratu ezean ere taldeak ahalmen handia duela uste du, eta harrobian ere jokalari on asko daudela. «Realak beti izango du talentua, eta atzetik ere maila handiko jokalariak datoz. Nik ez diot sekula adinari erreparatzen. Maila dutela erakusten badute, gazteak nirekin izango dira. Klub honek odolean darama filosofia hori, eta nik ere bat egingo dut. Alde horretatik, ez da hausturarik edo aldaketarik izango».

Ez du zehaztu zer entrenatzaile talde ariko den berarekin batera. «Oraindik gai hori ez dugu erabat itxi, eta lanean ari gara. Zerbait nahasia izango da, hemen lan ona egiten aritu direnen eta kanpotik etor daitezkeenen artean».

Kazetaritza lagungarri

Liga etengabeko hazkundean ikusten du: «Lehiakortasuna gero eta handiagoa da. Emakumeen futbolak bere nortasuna eta ahotsa lortu ditu; gaztetxoek gero eta erreferente gehiago dituzte, eta horretan segitu behar dugu. Haziz, baina aldi berean emakumeen futbolak dituen ezaugarriei eutsiz, batez ere zaleenganako gertutasuna. Ikusi beharko da krisialdi honek nola eragiten dion ere».

Kazetaria da prestakuntzaz Arroyo. Besteak beste, Ara egunkarian eta Gol telebista katean aritu da lanean, futbolaren inguruko aditu moduan. «Kirolarekin batera, kazetaritza eta komunikazioa nire pasioa izan dira beti. Esatari lanak egiteak entrenatzaile izateko prestatzen lagundu dit, eta futbola hobeto ulertzen. Aditu moduan zuk hori egin behar baituzu ikus-entzuleentzat».

Nahiko luke emakume gehiago izatea entrenatzaile Lehen Mailan. «Ziurrenik, ni errazago jar naiteke jokalarien tokian, haien antzeko egoerak bizi izan ditudalako. Nahiz eta garrantzitsuena ondo prestatua egotea den, eta jokalariei transmititzen jakitea. Garbi izatea multzo bakoitzean nortasun desberdinetako jokalariak daudela, eta gaitasuna izan behar dela haiek entzuteko, eta entzunak direla sentiarazteko. Ez da genero kontua, enpatia kontua baizik».

Imanolen lanaren inguruan ere mintzatu zen: «Lan aparta egiten ari da. Partidan oso sartuta dagoen talde bat lortu du, edozein egoeratan jokatzen dakiena, partidak komeni zaion lekura eramaten dituena, eta ausarta. Oso gustuko dut, eta espero dut falta diren jardunaldi hauetan bere helburuak lortzea, merezi baitute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.