Merkatuaz landa, liga

Realak Betis jasoko du gaur, jokalarien sartu-irtenen zurrunbiloaren erdian. Willian Jose deialditik at geratu da

Bartra Betisekoa eta Oiartzabal Realekoa lehian, lehen itzuliko neurketan. JULIO MUÑOZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Futbol taldeen elikagai nagusia liga izan ohi da, baina azken egunetan txapelketa hori apur bat bazterreratuta izan dute Realaren jirakoek. Espainiako Superkopak, lehendabizi, eta Kopak, gero, bigarren planoan utzi dute sasoia biltzen duen lehiaketa, eta fitxaketen merkatuak are gehiago zokoratu du azken orduetan.

Willian Joseren irteerak, eta Carlos Fernandezen etorrerak mamitu dituzte txuri-urdinen inguruko hitz-aspertu gehienak, Martin Odegaarden balizko etorrerarekin batera.

Sinadura baten faltan, aurrelari brasildarra Ingalaterrako Wolverhampton taldera joango da utzita, eta deialditik kanpora utzi du Imanolek. Orain artean Sevillan aritu den erasoko futbolariak beteko du hark utzitako postua. Odegaard, berriz, Arsenalen ariko da oker handirik ezean.

Halaxe aitortu zuen atzo Imanol Alguacil prestatzaileak, prentsaren aurreko agerraldian: «Fernandez ekartzeko negoziazioak nahiko bideratuta daude». Aldiz, teknikari oriotarrak aitortu zuen norvegiarra utzita etortzeko «nahia» bazutela, nahiz kukuak oker jo dien: «Horretarako aukerarik ez dugu izan».

Kontuak kontu, merkatuak sortutako zurrunbiloaren erdian, Realak Betis jasoko du (18:30, Movistar La Liga). Txuri-urdinek askoz hobeto hasi zuten sasoia, baina azkenaldian pareko ari dira bi taldeak: partida kopuru bera jokatuta, lau punturen abantaila dute Imanolenek.

Dena den, bolada hobean dago egun Espainiako taldea. Azken bost partidetatik bakarra galdu dute, eta hiru irabazi. Justu kontrakoa da donostiarren balantzea. Egoera horretan, bilakaera bat eten edo hauspotu dezake gaur arratsaldeko norgehiagokak, eta horren jakitun da Imanol: «Jokalariek badakite partida garrantzitsua dela, eta lehiarako prestatuta eta kontzentratuta daude».

«Tentuz», baina prest

Pixkanaka jokalariak osatzen ari badira ere, taldeari abantaila eman diezaioketen futbolari batzuekin tentuz aritu beharrean da Imanol. Adnan Januzajen eta David Silvaren, kasurako. Belgikarra deialdian da, baina Imanolek dio hobe dela «presarik gabe» aritzea. Silvari dagokionez ere, antzeko argudioak eman zituen: «Erabat osatzea nahi dugu, sasoi amaierara arte eusteko». Januzaj deialdian da; Silva, berriz, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.