Gauzak gehiago ez zailtzeko, Eibarrek irabazi egin behar dio gaur Valladolidi

Galtzen badute, jaitsiera postuetan sartuko dira gipuzkoarrak. Mendilibarrek uste du oraindik «goizegi» dela finalez hitz egiteko

Eibarreko jokalariak Sevillaren aurkako partida baino lehen. J.C. RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Iratzarri beharrean da Eibar. Dagoeneko bost jardunaldi daramatza irabazi gabe, eta sailkapenean behera egiten ari da asteek aurrera egin ahala. Jaitsiera postuen atarian dago oraintxe, joan den asteburuan Osasunaren zelaian kolpe mingarria jaso ostean. Aurkari zuzen baten kontra esku hutsik gelditu izanak hauspotu egin ditu zalantzak Gipuzkoako taldean. Bada, mailari eusteko borrokan erabakigarria izan daitekeen beste norgehiagoka bat jokatuko du gaur, Ipuruan, Valladoliden kontra. Sergio Gonzalezen taldea azken hirugarren dago sailkapenean, Eibarren puntu kopuru berarekin: 20. Hots, zirt edo zart egin beharreko partida da.

Hala ere, Jose Luis Mendilibarrek ez du uste gaurko partida final gisa jo behar denik. «Finalez hitz egin dezakezu dena azken partidan jokatzen duzunean. Ordea, oraindik jardunaldi asko gelditzen dira, eta, gaur irabazi nahi dugu arren, niretzat ez da finala». Taldea dinamika txarrean dagoen arren, jokalariak «ongi» ikusten ditu aldarte aldetik: «Badakigu zer gertatzen ari zaigun, eta hori oso garrantzitsua da. Orain, akatsak zuzentzen asmatu behar dugu». Aurkariaren inguruan, uste du azkenaldian Valladolid arazoak izaten ari dela «emaitza onak» lortzeko, eta, estiloari buruz, azaldu du «erritmo baxuan» jokatzea gustatzen zaiola, Eibarri ez bezala.

Mendilibarrek ez ditu eskuragarri izango Correa eta Kevin Rodrigues, minez baitaude oraindik. Hamaikakoak Sadarrekoaren antz handia izango du. Bigasek minez utzi zuen zelaia Osasunaren kontra, baina badirudi gaur jokatzeko prest egongo dela; deialdian, behintzat, sartu da. Bestela, Burgosek ordeztuko luke. Zelai erdian, berriz, litekeena da Diopek ordeztea Recio.

EIBAR-VALLADOLID
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Oliveira, Bigas, Arbilla; Exposito, Diop, Muto, Bryan; Sergi Enrich eta Kike Garcia.
Valladolid. Masip; Hervias, Luis Perez, Bruno, Olaza; Roque Mesa, Michel, Kike Perez; Orellana, Toni Villa eta Weissman.
Epailea. Diaz de Mera.
Lekua. Ipurua.
Ordua. 18:30ean (MovistarLa Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.