Frantziako Tourra

Ekaitzaren osteko barealdia

Mark Cavendishek esprintean irabazi du Frantziako Tourreko etaparik lasaiena. Dagoeneko 33 lortu ditu Tourrean; bakarrera du Eddy Mercxen marka. Gaurko etapan, Mont Ventouxera igoko dira birritan

Ekaitzaren osteko barealdia.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko etapetan harrotutako su guztiaren arrastorik ez zen izan atzokoan. Lehen aste ikusgarri baten eta estreinako atseden egunaren ostean, erritmo lasaixeagoan ekin zioten atzo txirrindulariek bigarren lehiaketa asteari. Orain arteko egunik lasaiena izan zuten tropelean. Lasaitasunean ere, Mark Cavendish (Deceuninck) izan zen azkarrena esprintean, eta Tourreko 33. garaipena zakuratu zuen. Eddy Mercx handiaren marka berdintzeko, beste garaipen bat besterik ez du behar. Ez sinistekoa da, jakinda nolako bolada eskasean zebilen orain dela gutxi arte Man uharteko txirrindularia.

Hugo Houlek (Astana) Tosh van der Sandek (Lotto) osatu zuten eguneko ihesaldia. Txirrindulari azkarrenentzako etapa polita zela jakitun, Patrick Lefevererenak tropel buruan izan ziren lanean, Cavendishen mesedetan, alde egindako bi lagunen asmoak zapuzteko intentzioarekin. Tropelean patxadaz hartu zuten eguna, baina aparteko arazorik gabe harrapatu zituen bi iheslariak, helmugara iristeko 36 kilometroren faltan.

Alaphilippe (Deceuninck) tropela banantzen saiatu zen 30 kilometro falta zirela. Haizea saihetsetik jotzen ari zela baliatuz, frantziarrak tropeleko erritmoa nabarmen bizitu zuen, esprinterako lehian aurkari batzuk atzean utzi nahian. Arrakastarik ez zuen izan Deceunincken saiakerak. Hamabost kilometrora, beste hainbat talderen laguntzarekin, gauza bera egiten saiatu ziren, baita helburua lortu ere. Zuloak sortu ziren tropelean, eta Omar Fraile (Astana), Ion Izagirre eta Alex Aranburu atzeko taldean geratu ziren, etapagatik lehiatzeko aukerarik gabe.

Azken metroetan, aurtengo aldian hirugarrengoz, Mark Cavendish gailendu zen. Sekulako lana egin zuten haren taldekideek Man uhartekoari esprinta bideratzeko, eta hark erremate bikaina eman zion. Wout van Aert (Jumbo) izan zen bigarren, eta hirugarren, berriz, Jasper Philipsen (Alpecin).

Atzo, eroso aritu ziren gorengo postuetan daudenak. Azken kilometroetako haize babesak heldu arte ez ziren azaldu.

Gaur, Mont Ventoux

Guztiz bestelako ibilbide bati egin beharko diote aurre gaur txirrindulariek: Sourges eta Malaucene artean dauden 198,9 kilometroak osatu beharko dituzte. Ordekak alde batera utzi, eta lau mendate igo beharko dituzte, artean Mont Ventoux famatua, bi aldiz gainera. Sailkapen nagusiko lehiarako eguna izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.