Lehen aldien neurketa da

Realak Atletico Madril hartuko du, estadio eraberrituaren estreinaldian. Deialdian da Natxo Monreal, eta atzelari nafarrak debuta egin dezake talde txuri-urdinarekin

Jon Ander De la Hoz.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Estreinaldien partida izango da gaurkoa Donostian. Realak sasoi honetako lehen partida jokatuko du etxean, estadio eraberrituan, eta izen berriarekin. Neurketa berezia izango da soropilean ariko diren zenbaitentzat ere; klubera iritsi diren fitxatu berriek lehen aldiz izango dute beren zaleen aurrean aritzeko aukera.

Ez dira gutxi izango Anoetara, edo Reale Arenara, bilduko diren jarraitzaile txuri-urdinak. Realak 33.000 bazkideren langa gainditu du berriki; inoizko kopururik handiena da. Hala, litekeena da donostiarrek etxean inoiz jokatu duten partidarik jendetsuena izatea gaurkoa. Imanol Alguacil ek badaki zer esanahi duen gaurko norgehiagokak: «Zaleek nik adinako gogoa eta ilusioa badute, 5-0 edo 6-0 irabazten joango ginateke dagoeneko. Partida garrantzitsua da, irabazi beharrekoa».

Hiru puntuak eskuratzen laguntzea izango du xede galako jantzita egongo den Anoetak, txuri-urdinak etxean ez baitziren nahi bezain ondo aritu iragan sasoian: «Urte ona egiteko, taldeak ondo aritu behar du etxean», azaldu zuen Imanolek atzoko prentsa agerraldian.

Ilusio handia izanagatik, ordea, distira faltarik ez duen aurkaria izango du aurrean Realak: Espainiako ligako liderra da Atletico Madril. Bisitariak partidarik galdu gabe heldu dira gaurko partidara, baina hori amaitu nahi dute txuri-urdinek. Gaurko lanek duten zailtasunen jakitun da Imanol: «Partidaren pisua eramateko gai dira, hala nahi badute. Liga hasieran eskema ezberdinak erabili dituzte. Badute non aukeratua, eta ikusiko dugu zer joko proposamenekin etortzen diren gaur». Aurkaria aztertu ostean, Realak «ausarta» izan behar duela uste du Orioko entrenatzaileak: «Iragan sasoiko partidako lehen 25 minutuak hiru aldiz ikusi ditut. Ausart jokatu behar dugu, nahiz eta zaila izan».

Aldaketa sorta

Imanolek zenbait aldaketa egin beharko ditu gaurko partidan, baina horrek ez du kezkatzen txuri-urdinen prestatzailea: «Lehia handia dago, egunerokotasun bikaina dugu, eta hori zen nire helburu nagusia lehen taldearen prestatzaile gisa hasi nintzenean. Erraza da jokalari hauekin lan egitea, aukeratzea da egin behar dudan bakarra».

Imanol Alguacilek zerrendan sartu du Natxo Monreal, eta jokalari nafarrak debuta egin dezake txuri-urdinekin. Orain artean partida guztiak jokatu dituen Aihen Muñoz, berriz, zerrendatik kanpora utzi du. Baita Asier Illarramendi ere, San Mamesen izandako lesioak hala behartuta. Prestatzaileak ez zuen argitu nork ordeztuko duen mutrikuarra: «Igor Zubeldiarekin kontatzen dut, baina baita Mikel Merinorekineta Ander Gebararekin ere. Konpetentzia izugarria dago».

REALA-ATLETICO MADRIL

Reala. Moya; Zaldua, Llorente, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Gebara, Odegaard; Oiartzabal, Portu, eta Isak.

Atletico Madril. Oblak; Trippier, Gimenez, Savic, Lodi; Vitolo, Saul, Koke, Lemar; Joao Felix, eta Diego Costa.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Anoeta (39. 500 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.