Pagotxa da igotzaileentzat

Ibilbide menditsua eta desorekatua izango du datorren urteko Frantziako Tourrak. La Planche des Belles Fillesen bukatuko da lasterketako erlojupeko bakarra. Apenas ukituko duen Euskal Herria

Pagotxa da igotzaileentzat.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Eskalatzaileen neurrira egindako ibilbidea izango du 2020ko Frantziako Tourrak. Atzo jakinarazi zituzten xehetasun guztiak, Parisko Kongresuen Jauregian egin zen ekitaldian. Nizan abiatuko da probaren 107. aldia, ekainaren 27an; hau da, ohi baino astebete lehenago, Tokioko Olinpiar Jokoen aurretik buka dadin, uztailaren 19an. Gidoia idatzia du jada: maldan gora irabaziko da. Patua haize-babesek edo erorikoek alda lezakete bakarrik. Erlojupekoek ez, behintzat. Izan ere, 36 kilometro besterik ez da egingo erlojuaren aurka, azken-aurreko egunean. Hori gutxi balitz bezala, kronoigoera itxurako saioa izango da, La Planche des Belles Fillesen izango baitu helmuga.

Lasterketak Frantziako mendigune guztiak zeharkatuko ditu, eta hegoaldean jokatuko da ia osorik. Euskal Herrian, berriz, kilometro gutxi batzuk besterik ez du egingo. Ezerezean gelditu dira zurrumurruak: ez da etaparik amaituko Maulen, eta tropela ez da Iratiko oihanetik igaroko. Bederatzigarren etapan sartu-irten labur bat izango da Zuberoan, besterik ez.

Oro har, Espainiako Vueltaren kutsuko Tourra izango da, etapa labur —200 kilometrotik gorako bakarra egongo da— eta mendate bortitz eta berriekin —ibilbidetik at utzi dituzte Alpe d'Huez, Tourmalet eta Galibier igoera klasikoak, Mont Aigoual, Puy Mary eta Loze sartzeko—. Gainera, hautagaiek hasieratik egon beharko dute adi, Vueltan gertatzen den bezala. Zortzi etapa menditsu jokatuko dira; aurrenekoa, bigarren egunean, lasterketa abiaraziko duen 156 kilometroko etapa lauaren ostean. Colmiane (16,3 kilometro eta %6,2ko pendiza), Turini (14,9 kilometro eta %7,3) eta Ezeko (7,8 kilometro eta %7) igoerek osatuko dute oilarren lehen azterketa.

Ez da arnasa hartzeko betarik izango. Izan ere, amaiera malkartsua izango dute 4. eta 6. etapek. Bata Orcieres-Merletten (7,1 kilometro eta%6,7) bukatuko da, eta bestea Mont Aigoualen (8,3 kilometro eta %4), Lusette (11,7 kilometro eta %7,3) jaitsi eta berehala. Hori gutxi ez, eta ziklistak Pirinioetan barneratuko dira atseden hartu aurretik. Bi etapa jokatuko dira bertan, 8.a eta 9.a. Helmuga ez dute maldan gora izango, baina, zernahi ere, zeresana eman dezakete. Aurrenekoan Bales (12,2 kilometro eta %7,7) eta Peyresourde (9,7 kilometro eta %7,5) igoko dituzte 40 kilometroetan, eta biharamunean, Marie Blanque (7,3 kilometro eta %8,8) gainditu beharko dute helmugatik 30 kilometrora, aurrez Hourcere (11,1 kilometro eta %8,8) igo ostean.

Etapa horretan sartuko da Tourra Euskal Herrian, baina oso kilometro gutxi izango dira. Bestela izan daiteke 2023an, Tourra Bilbon hasten bada. Christian Prudhommek Bizkaiko hiriburuaren hautagaitza goraipatu zuen atzo. «Bilera garrantzitsu bat izango dugu laster, eta, baieztatzen bada, oso aukera interesgarria da».

Atseden egunaren ostean, haize-babesak bihur daitezke protagonista, mendebaldeko itsasertzean jokatuko den 170 kilometroko etapan. Haizeak ez badu jotzen, tramitea izango da faboritoentzat, hurrengo egunekoa bezalaxe. Gero, lasterketako etaparik luzeena iritsiko da, 218 kilometrorekin; eta hurrena, etaparik hautsiena, 4.400 metroko desnibel metatuarekin. Puy Maryn (5,4 kilometro eta %8,1) bukatuko da, aurrez beste hiru igoera gainditu eta gero. 14. etapak amaiera bihurria izango du: hiru igoera egongo dira azken 15 kilometroetan. Eta 15.a Grand Colombierren (17,4 kilometro eta %7,1) bukatuko da, bigarren eta azken atseden egunaren aurretik.

Azken trakak Alpeetan egingo du eztanda. Mendiko hiru etapa kateatuko dira: 16.a, 17.a eta 18.a. Teorian, 17.a izan beharko litzateke erabakigarriena, Madeleine (17,1 kilometro eta %8,4) eta Col de la Loze (21,5 kilometro eta %7,8) edukiko baititu azken 50 kilometroetan. 16.ean, lau igoera egongo dira Villard-de-Lansera bidean, eta 18.ean ere beste horrenbeste izango dira ziklistek igo beharreko mendateak, 4.000 metroko desnibel metatuarekin. Horiek hala, 20. etapako erlojupekoak emango du azken epaia. Epailea, La Planche des Belles Filles (sei kilometro eta %8,5) izango da.

Zalantzak Ineosen

Tropeleko izar ugari izan zen aurkezpen ekitaldia bertatik bertara ikusten. Horien artean egon zen Egan Bernal (Ineos), aurtengo irabazlea. Ibilbidea primeran egokitzen da eskalatzaile kolonbiarraren ezaugarrietara, baina oraindik ez daki irteerako marran izango ote den. «Ez diet atea ixten gainontzeko itzuli handiei. Hiru daude guztira, eta gauza asko hartu behar dira kontuan: zer ibilbide duten, zuzendariak eta beste liderrek zer iritzi duten. Ez da nire erabakia soilik».

Chris Froomek (Ineos) baldintza lezake Bernalen parte hartzea. Britainiarrak Dauphinen izandako lesio larritik osatzen dihardu oraindik. Ez dago garbi bere sasoi onenera itzuliko den, baina Froomek bizirik mantentzen du Tourra bosgarrenez irabazteko ametsa. «Ez da erraza izango, baina dudan guztia emango dut lortzen saiatzeko. Lau aldiz irabazi dut lasterketa, eta ez dut orain gelditu nahi».

Ibilbideak egokia dirudi Julian Alaphilipperentzat (Deceuninck), baina berriz ere maillot horiaren lehian aritzea baztertu du. «Ez naiz sailkapen nagusiaren borrokan sartuko, bestelako xedeak izango baititut datorren sasoian». Thibaut Pinotek (Groupama), berriz, aurtengo arantza atera nahi du. «Oso polita izango da. Aproposa da niretzat. Jada gogotsu nago lehiatzeko. Etxe ondotik pasatuko gara; berezia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.